Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: laugarren etaparen kronika

Mutur saltsa gauean

Arraten gora lau eraso jo ondoren, Alberto Contadorrek bi segundo galdu ditu azkenean Alejandro Valverderen aldean; Wouter Poels garaile

Mutur saltsa gauean.
unai zubeldia
Eibar
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Festa giro ederra egongo zen atzo talde gehienen hoteletan. Wouter Poels (Omega) bi besoak altxatuta helmugaratu berritan ilundu zen giroa Eibar inguruan, eta kasualitatetik gutxi izan zuen eguraldi aldaketa horrek. Zuzendari gehienen kopeta beltzen batuketaren emaitza ikus zitekeen zeruan. Liderrak eguna ez zuen amaitu sendotuta; eta atzerago daudenek ez zuten lortu liderra estutzerik. «Gutxienez, etapa garaipena» nahi zuen Jose Luis Arrieta Movistarreko zuzendariak etapa hasi aurretik. Eta hori ere ez zuen lortu taldeak. Azken estutuan, bi segundo eskas jan zizkion Alejandro Valverdek (Movistar) Alberto Contadorri (Saxo), baina «segundotik» baino gehiago izan zuen kolpe horrek «eskasetik».

Mutur saltsa goxo-goxoa afaltzeko. Lau eraso jota ere, liderrak ez zuelako lortu helbururik. Valverde urrundu nahi zuen, kosta ahala kosta, baina, arrakastarik gabe, eraso bakoitzaren ondoren erritmoa baretu, eta Michal Kwiatkowski (Omega) inguratzen zitzaion atzetik. Erasoka amore eman ondoren, zer izango eta irabaz zezakeen apurra galdu egin zuen gero, kokapen hutsegite bat tarteko. Valverdek ondo erantzun zien liderraren erritmo aldaketei, baina, egun guztian taldekide gehienak dantzan jarri eta gero, bera geratu zen mugitu gabe. Ezinaren eta errespetuaren kontuak dira horiek. Ez segundo alde handirik eta ez etapa garaipenik.

Mutur saltsa Movistarren eta Tinkoff-Saxoren hoteletan, beraz. Eta, Poelsen irribarrearen atzean —igoera zoragarria egin zuen herbeheretarrak—, mutur saltsa Omega Pharmarenean ere. Arraten behe-behetik sufritzen hasi zen Kwiatkowski, eta, balizko etapa garaipena hobetsita, taldekidearen mugimenduek are gehiago ito zuten poloniarra. Helmugan bederatzi segundo galdu zituen azkenean Valverderen aldean, eta zazpi Contadorrekiko. 41 segundoko galera dauka pilatuta orain. 26 kilometroko erlojupeko aproposa dauka alde bihar, baina segundo erabakigarriak izan daitezke atzokoak.

Mutur saltsa BMCn, Poels hamar segundoren aldearekin zihoanean eta Tejay Van Garderen, Cadel Evans eta Samuel Sanchez faboritoen multzoan zeudela, lanik egin ez, eta, azkenean, garaipena lortzetik segundo bakarrera geratu zelako espainiarra; Arraten laugarren garaipena eskuratuta, ikaragarrizko balentria egitetik segundo bakarrera, alegia. Van Garderenentzat aproposa da Markina-Xemeingo erlojupekoa, eta podiumerako lehian sar daiteke estatubatuarra.

«Helburua? Etapa irabaztea». Joxean Fernandez Matxin Lampreko zuzendariak Gasteizen egindako aitorpena da hori. Damiano Cunegoren sailkapen nagusiko hirugarren postua gorabehera, mutur festa, beraz, Lampreren hotelean ere. Oso itzuli ona egiten ari da italiarra, baina, ondo bidean, bihar galdu egingo du podiumeko hirugarren koska hori. Rui Costa, berriz, desagertuta dabil. Mutur txiki batzuk bai Skyn ere, lehen etapan dotore erantzun ondoren, Mikel Nievek 26 segundo galdu zituelako, azkenean, Arraten. Eta muturrak Trek-en, Robert Kiserlovski faboritoen bigarren multzoan egotetik goiko lehiatik erabat urrunduta geratu zelako atzo. 51 segundo galdu zituen.

Movistar, ihesaldiaren bila

Ikaragarrizko sua eta ikuskizuna espero zen atzo Gasteiztik Arratera bidean, eta, espero zenik ikusi gabe, zale dezente muturtu antzean joango ziren santutegira bidean dauden aldapa gogorrenetatik etxera. Izan zen zalaparta pixka bat, eta Movistarrek ihesaldian txirrindulariren bat sartzeko zeukan grinak asko gogortu zuen etapa. Baina Tinkoff-Saxok ederki kontrolatu zuen Ion Izagirreren (Movistar) mugimendua ere. Helmugara iristeko 30 kilometro pasatxo falta zirenean iritsi zen Kristijan Durasek (Lampre-Merida), Romain Sicard (Europcar), Tom Dumoulin (Giant-Shimano) eta Ben Gastauerren (Ag2r) parera. Baina faborito guztiek elkarrekin ekin zioten Arrateko azken igoerari, Omega bera tropeletik tiraka zela. Aurretik, Ixuan behera, erori egin zen Rinaldo Nocentini (Ag2r), eta ospitalera eraman behar izan zuten.

Mikel Landarena (Astana) izango zen, ziurrenik, atzo, Euskal Herriko Itzulia jokatzen ari diren talde guztien hoteletako irribarrerik nabarmenena. Zortzigarren postuan helmugaratu zen atzo arabarra, eta postu berean dago sailkapen nagusian, Contadorrengandik 54 segundora. Eibartik Markina-Xemeinera, 160,2 kilometro dauzka gaurko etapak, eta gorabeheratsua da amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.