1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Sanferminak, «hautsita»

Uztailaren 9ko egunkariek esan zuten «gertaera larriak» izan zirela gau hartan, eta bazitekeela balaz zauritutako bat hilda egotea. Komisarioburuak ez zien azalpenik eman kazetariei gau hartan.

Poliziak bat-batean sartu ziren eta hamarnaka zauritu eragin. Peñakideen laguntza eskertu zuten medikuek. JORGE NAGORE.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Izenburu hori jarri zion Egin-ek uztailaren 9ko aleari. Edizioa itxi zutenean, hiria sutan zegoen, Polizia Armatuaren esku hartze gordinaren pean. Hala ere, balio izan zion «zezen plazako oldarraldi bortitza» eta ondorengo lehen uneetako gertaerak islatzeko. Egunkariaren arabera, «plaza hustuta, Iruñean zabaldu ziren istiluak», eta, gero, balantzea larria zen oso: «Ehunka zauritu, horietako batzuk balaz, eta haietako bat klinikoki hilda», nabarmendu zuen Egin-ek azalean. Era berean, azaltzen zuen ehunka lagunek Espainiako Gobernuaren ordezkaritza inguratu zutela, eta «festak hautsita, sumin giroa» nagusitu zela. Gertaeren larritasunak eta berehalakotasunak harrapatuta, Egin-i ez zion denborarik eman hildakoa identifikatzeko.

Bai, ordea, Diario de Navarra-ri. «Hildako bat, German Rodriguez Saiz, dozenaka zauritu (horietako sei balaz), Foru Diputazioa sutan eta gau osoan iraun duten beste hainbat gertaera; hori da atzoko gertaerek utzitako balantzea». Bestalde, Diario Vasco-k «oso gertaera larriak» izenburua eman zion uztailaren 9ko azalari. Testuan, gaineratzen zuen «hainbat lagun» zeudela «balaz zaurituta» , eta «sanferminak bertan behera geratzeko arrisku handia» zegoela.

Egunkariek eguneko entzierroaren edo zezenketan kronikak zekartzaten, eta, istiluak zezenketen ostean jazo zirenez, horrek ere eragina izan zuen testuetan: «Benetan, zezenez idazteko gogo gutxi geratzen zaizkio bati, oraindik ere lasterketak eta jendearen oihuak entzuten diren bitartean, eta ke poteak alde guztietatik hegan doazen bitartean», onartu zuen Paco Apaolaza Egin-eko kazetariak. Horrela hasi zuen kronika, eta galdera batekin amaitu: «Zer gertatuko da bihar?».

Diario de Navarra-k adierazi zuen zezenketan dena «erabat normal» zihoala, «harmailetatik kantu politikorik egin gabe». Cordovillako berripaperaren arabera, zezenketa amaitutakoanhamabost lagunek presoen amnistiaren aldeko pankarta berde bat zabaldu zuten, eta zenbaitek kuxinak bota zizkieten itzalpeko harmailetatik. Liskarra sortu arren, «eguzkitako harmailetatik 'San Fermin, San Fermin' oihukatzen zuten bitartean, beste batzuek giroa baretu nahi izan zuten». Hiru minutu geroago, «ustekabean, inori aurrez abisatu gabe» sartu ziren poliziak, kolpeka, ke poteak eta gomazko pilotak jaurtiz eguzkipeko harmailetara.

Diario Vasco-k honela laburbildu zituen azalean pankarta atera ostekoak: «Eztabaidaren ostean, ukabilkadak etorri ziren. Istiluen aurkako poliziek hustu egin zuten plaza, orduan 15.000 lagun inguruk osatua, eta gudu bortitza eragin zuen, zeina hiri osora hedatu zen».

Orduan bertan, agintari ugari zeuden zezen plazan, tartean Ignacio Llano gobernadore zibila, Jesus Fortun, Ignacio Irazoki eta Julio Asiain foru diputatuak (garaiko kontseilariak), Manuel Irujo (EAJ), Gabriel Urralburu (PSOE), Jaime Ignacio del Burgo eta Jose Gabriel Sarasa (UCD). Diario de Navarra-ren arabera, diputatuak eta Irujok lehenago utzi zuten plaza, eta gainerakoak «nahasmenaren erdian» atera ziren.

Diario de Navarra-k gaineratu zuen gazte batzuek Poliziaren oldarraldi bortitzari «botilak, kuxinak eta beste objektu batzuk» jaurtiz aurre egin ziotela. Adierazgarriak dira ondorengo bi lerroak: «Orduan, polizia batzuek eskuetan su armak zituztela ikusi zuten. Harearen gainean, bi polizia zeuden lurrean, eta hainbat gaztek handik atera zituzten».

Zauritu guztiak zezen plazako erizaintzara eraman zituzten. Hala ere, halako batean ateak itxi egin behar izan zituzten, gas negargarria sar ez zedin. Bezperan, lehen entzierroaren ostean lasai zegoen Armendariz doktoreari gertaera larri haiek kudeatzea egokitu zitzaion. Armendarizek kazetariei azpimarratu zien gazteek asko lagundu ziotela. Plazako mediku taldea bertan zen, gainera: «Azken ikuslea joan arte geratu ohi gara beti; horregatik gaude hemen».

Plazatik at, Diario Vasco-k zioen ehunka manifestarik autoak gurutzatu zituztela, polizien joan etorriak eragotzi asmoz, eta gobernuaren ordezkaritza «inguratuta» zegoela. Kazetariek gertaerez galdetu zioten Iruñeko komisarioburuari, eta horrela erantzun zien: «Ezin dut orain kazetariekin arreta galdu; Gobernu Zibila defenditu beharra daukat». Europa Presseko kazetariak Llano gobernadore zibilari azalpenak eskatu zizkion telefonoz, eta haren agindupeko poliziak izua eragiten ari ziren bitartean «lasaitasun eta normaltasun mezua» zabaldu zien Iruñeko herritarrei.

Diario de Navarra-ren zaurituen zerrenda irakurrita, ez zegoen lasaitasunerako tarterik. German Rodriguez zen larriena, baina Jose Ramon Velezek gerrialdean zuen bala, eta «ziurrenik» gibelari eragin zion. Editorialean aipatzen zuenez, «ez da onargarria bere politika bilatzen duen gutxiengo batek festa ospakizun batean diren 20.000 parte hartzaile manipulatzea, baina, berdin, ez da onargarria hori isilarazi nahi izatea modu neurrigabe eta bortitz batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.