Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak

Etxera itzuli ezinik

Diwa Shahren lehenengo filma da Bahadur The Brave. BERRIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Bahadur The Brave'



Zuzendaria: Diwa Shah.Herrialdea: India.Iraupena: 83 minutu.

Nainital hirian, Indian, bizi dira Hansi eta bere koinata Dil Bahadur. Bertara joan ziren lan bila, jatorrizko Nepalen topatu ezinik. Koronabirusaren pandemiarekin, ordea, Indiak konfinamendua dekretatu eta etxera itzuli ezinik geldituko dira. Haurra gaixo duela eta, Hansik dirua bildu nahi du, haren ebakuntza ordaindu ahal izateko. Bizilagunentzako lan txikiak egiten hasiko da Hansi: arroz zakua etxera gerturatzen, alfonbrak garbitzen, butano bonbonak garraiatzen. Haren koinatak ere lagunduko dio, eta harekin egingo du lan biltegi batean.

Diwa Shah zinemagile gazteak bere ama Shalini Shahren filmetan lan egin izan du zuzendari laguntzaile bezala, eta Bahadur The Brave idatzi eta zuzentzen duen lehen film luzea da.

Filmak migratzaileen egoera kritikatu nahi izan du, konfinamendua hastean linbo antzeko batean gelditu baitziren: Nepalera itzuli ezinik, haien etxea ez den herrialde batean. Horrek baldintza tamalgarrietan bizitzera eraman zituen, eta bizirauteko era bakarra beltzean kobratuz egindako lan txikiak onartzea zen. Baina are gehiago, Bahadur The Brave laguntasun istorio bat da, ezbeharrean elkar sostengatzen direnen kontakizuna.

Egoeraren zailtasunean, umorea erabili du Shahk nepaldarren egunerokoa erretratatzeko. Hansi traketsak eta Dil Bahadur arduratsuak bikote orekatua osatzen dute, eta iruzur eta gaizki-ulertuen artean, gertuko sentiarazten gaituen harremana eraiki du zinemagile gazteak. Zenbaitetan, ordea, kontakizunak arinegia dirudi, eta Hansiren aldrebeskeriak bizirauteko era bat bezala ikus badaitezke ere, kritikari pisua kentzen diotela iruditu zait. Filmaren amaierara arte ez da atsekabe hori azaleratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.