BEREN NEURRIKO ENKOADRAKETAK

Emakume zinemagile gehiago aritzen dira zinema dokumentalean fikziozkoan baino. Garbiñe Ortega, Irati Gorostidi eta Ixone Santamariaren ustez, arrazoi nagusiak izan daitezke zinema komertzialaren zurruntasuna eta giro maskulinoa, eta ez-fikziozkoak ematen duen askatasuna.

Shirley Clarke zuzendari estatubatuarra, zinema independentearen aitzindarietako bat. BERRIA.
Ane Eslava.
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
«Nik ez dakit zinema komertzialean aritutako hamar emakumeren izenak eman ditzakedan; dokumentalean edo esperimentalean aritutakoak aipatu behar baditut, berriz, zerrenda luzea da». Azken lau urteetan Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Jaialdiaren zuzendari artistikoa izandako Garbiñe Ortegarenak dira hitzak. Zinema komisarioak argi ikusten eta sarritan defendatzen du ez-fikziozko zinema emakumeentzako esparru «erosoago» bat dela, fikziozko zinemaren industriak baino aukera gehiago ematen dizkiela, eta, horregatik, haiek gehiago jotzen dutela mota horretako zinemara. Baina, zer faktore daude horren atzean? Galdera horri erantzuten saiatu dira Ortega bera, Irati Gorostidi zinemagilea eta Ixone Santamaria zinema kritikaria.

Iragan astean izan zen, hain zuzen, Ikuspuntu jaialdia, Iruñean, Ortegak zuzendutako laugarrena, eta azkena. Hark programatutako pelikulen artean, ia urtero gehiago izan dira emakumeenak; baina, azaldu duenez, ez du «kuotarik» bilatu: «Polita da, hori delako zinemagile horiek, berez, izan behar duten tokia, ez guk bilatu dugun zerbait».

Estatistika orokorrei erreparatuta, zinema dokumentala parekidetasunetik urrun dago, baina emakume eta gizon zuzendarien arteko aldea fikziozko zinema komertzialekoa baino txikiagoa da. Esaterako, 2019an, Espainiako Estatuan egin zituzten filmen artean, andreek zuzendu zituzten fikziozko luzeen %16, eta dokumentalen %24, Cima emakume zinemagileen elkartearen arabera. Frantzian, berriz, aldea txikiagoa da: CNC Frantziako zinema zentroaren arabera, emakumeak izan ziren zuzendariak edo zuzendaritzako kideak film luze guztien %25,9tan, eta dokumentalen %44tan. Hollywoodeko lanei dagokienez, ohi baino andre gehiago egon ziren kameren atzean, baina portzentajea oso txikia izan zen: %10,6. Baieztatu daiteke, beraz, emakumeek gehiago jotzen dutela dokumentalera, hor ere gutxiengo izan arren.

Arrazoiei erreparatuta, Ortegak, Gorostidik eta Santamariak bat egiten dute hainbat gogoetatan. Gorostidik uste du edozein lanetan bezala errazagoa dela «periferietako» esparruetan hastea, are gehiago «erdigunekoak» ez diren subjektuentzat, hala nola emakumeentzat. Zinemaren industriak «eskuraezinagoa» dirudiela azpimarratu du, eta hor dauden «dinamikek» zailtzen dutela emakumeen sarbidea: «Zuzendariaren irudia oso lotuta dago maskulinotzat jotzen ditugun izaerekin, guztiok imajinatzen dugu pertsona autoritario bat, gaitasuna duena bere ahotsa besteei inposatzeko, eta, emakumeak ez garenez halako jarreretan sozializatuak izan, zaila da guretzat bai eredu horri egokitzea, baita kontra egitea ere».

Ildo beretik, Ortegak nabarmendu du zinema hori «hierarkikoagoa» dela: «Eta gizartearen arlo askotan gertatzen den bezala, zailagoa da egitura astun horietan sartzea». Santamariak erantsi du, haren ustez, historikoki «alde biko» ukapena izan dela: «Zinema komertzialak ez die lekurik utzi emakumeei, baina emakumeen aldetik ere uste dut zenbait dinamikatan sartzeko orduan ukapen aktibo bat egon dela, arrazoi politikoengatik».

Gaiei lotutako aurreiritziak

Bestalde, filmetako gaiei lotutako usteek ere traba egiten dutela ikusten dute hirurek. Zinemaren industrian aurreiritzi bikoitza dagoela diote: batetik, emakumeek gai jakin batzuk jorratzen dituztela pentsatu ohi da, gai «intimistagoak»; eta, bestetik, gai horiek baliorik gabekotzat hartu ohi dira. «Baina ez dugu zertan feminitatearekin lotutako gaietan eroso sentitu; beste gai batzuk lantzeko gaitasuna eta desira dugu», azpimarratu du Gorostidik. Santamariak ere arriskutsua ikusten du baieztatzea andreen izaerarekin bat datozela «txikitasuna, samurtasuna, etxea...»; baina uste du zinema komertzialean jorratu ohi ez diren gai batzuk lantzeko «behar komuna» dagoela emakumeen artean.

Halaber, zinema komertzialeko lanak egiteko diru kopuru handiagoak behar izaten dira, eta finantzaketa ere traba bat izaten da sortzaileentzat. Gorostidik eta Santamariak salatu dute, beste esparru askotan bezala, dirua nola banatu erabakitzeko orduan «logika patriarkalak» nagusitzen direla. «Industria ikuspegia, seguruenik, oso kontserbadorea izango da, alde askotatik, ez soilik generoari lotuta, baina baita horretan ere», esan du Gorostidik.

Objektutik subjektura

Gizonezkoen begiradak agintzen duen esparru batean sartu ordez, mugei eta aurreiritziei aurre egiteko, andre askok dokumentalgintzara jotzen dute, «objektu izateari utzi, eta subjektu izatea» bilatuz. Hala uste du Santamariak: «Zinema komertzialak bihurtu du emakumea objektu, eta ez-fikziozko zinema begirada berreskuratzeko tresna bat izan daiteke, beraiek izateko begiratzen dutenak, eta mundua beren aldarrikapenen arabera islatzeko, beren ikuspegitik». Horri lotuta, aipatu du zinemagile askok beren burua sartu izan dutela pelikuletan —Agnes Varda frantziarra eta Maider Oleaga bilbotarra jarri ditu adibidetzat—, eta hori izan daitekeela emakumeen irudia «beste optika batzuetatik» erakusteko modu bat.

Ortegak ere antzeko ondorioa atera du: euren buruaren inguruko gogoetak egiteko espazioen bila jotzen dutela dokumentalgintzara. «Zer garen, nola ikusten gaituzten... Geure buruari buruzko hausnarketa horiek berezkoak dira emakumeon artean, eta dokumentala oso bide egokia izaten da horiek adierazteko; errazagoa da, eremu askeagoa delako».

Erreferente falta ere izan daiteke, haien ustez, fikzioaren esparruan sartzeko traba handienetako bat, eta hirurek argi ikusten dute dokumentalgintzan errazago aurkitu dituztela emakume erreferenteak. Nabarmendu zen lehen zuzendarietako bat Agnes Varda entzutetsua izan zen, nouvelle vague-aren sustatzailea, baina badira beste asko: Leni Riefenstahl nazismoaren propaganda dokumental ugariren sortzailea; Shirley Clarke, zinemagile estatubatuar independentea; Maya Deren, Ukrainan jaiotako estatubatuarra, zinema esperimentaleko lehen zuzendarietako bat; Lotte Reininger alemaniarra, animazioan aitzindaria...

Euskal Herrian, Mirentxu Loiarte iruindarra da ezagutzen den lehen emakume zinemagilea. Irrintzi (1978) eta Euskal emakumeak (1981) lanak filmatu zituen, baina pelikula horiek ahanzturan gelditu ziren, baita Loiarte bera ere, duela bost urtera arte, Iratxe Fresneda EHUko irakasle eta zinemagileak Irrintziaren oihartzunak dokumentalean gogora ekarri zuenera arte. «Nik lan horri esker ezagutu nuen Mirentxu. Eta bera bezala, seguru egon daitezkeela gehiago», azpimarratu du Santamariak.

Horien guztien lekukoa hartuta eta trabei aurre eginda, gaur egun badira ibilbide nabarmeneko hainbat emakume dokumentalgile. Ortegaren iritziz, Euskal Herriko zinema dokumentala, genero ikuspegitik, «oso garai zirraragarrian» dago: «Nik urte hauetan belaunaldi berri bateko emakume zinemagile askorekin bat egin dut, oso begirada eta ahots pertsonala dutenak, eta esateko asko dutenak». Gorostidik berak, adibidez, bi film labur sortuak ditu, fikziozko lehen lana eta film luze bat garatzen ari da, eta aurtengo Ikuspuntu jaialdiko X Films atala irabazi berri du, San Simón 62 proiektuarekin.

Santamariak eta Ortegak haren izena aipatu dute egungo dokumentalgile nabarmenen artean, eta baita beste batzuk ere: Maddi Barber, Arantza Santesteban, Lur Olaizola, Marina Lameiro, Maider Oleaga, Iratxe Fresneda... Santamariaren irudiko, gaur egun Euskal Herriko ikus-entzuleek eskertu egiten dute emakume zuzendariak egotea. «Ardura bat dago, zerbait aldatzen ari da; kontzientzia bat sortzen ari da, ikusleok erantzukizuna dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.