June Crespo. Artista

«Ez diot lanari eskaerarik egiten; existitu dadin bermatzen dut»

Veneziako Biurtekoan izan ostean, Bilboko Carreras Mugica galerian jarri ditu bere azken lanak ikusgai Crespok. Jasotzen dabilen arreta eta eskariak gorabehera, argi du tailerra duela bere lanaren ardatza.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Hemen gertatu diren hainbat gauza askoz ere urrunago eramateko gogoa dut». Apenas eman dituen hamasei ordu zabalik Entre alguien y algo erakusketak Bilboko Carreras Mugica galeriako areto nagusian, eta bertarako egindako lanak tailerrean izango duen jarraipena darabil gogoan jadanik June Crespok (Iruñea, 1982). Aurrez ezarritako ideien atzetik joan beharrean, jardun ahala topatzen du jarduteko bidea. Hori izan du beti metodoa, eta hala da orain ere, nazioartean gero eta sona handiagoa lortzen ari den honetan. Catalina D'Anglade V. arte saria eman zioten Madrilgo azken Arco azokan, hiru pieza eraman ditu Veneziako Biurtekora, eta, Carreras Mugicako erakusketaz gain, kaleko pieza bat ere jarri berri du Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldean, Wellbeing Summit kongresuaren harira. Onartu du lan bolumena handitu egin zaiola, eta ezeroso zaiola arreta maila hori. Tailerrean eduki nahi du ardatza.

Aretorako prestatutako testuan diozunez, entsegu modura planteatu duzu Carreras Mugicako erakusketa hau.

Hurrengo urtean izango ditudan beste erakusketa batzuen erdian dago hau, eta gauza batzuk egiten hasteko baliatu dut. Oraindik oso hasieran nagoela uste dut, eta nahi nuen hori aitortu.

Tailerraren logika erakusketa gunera eramatea zen helburua?

Orain piezak hemen ikusita, ez zait hala denik iruditzen.

Uste zenuen baino bukatuago daudelako?

Lanek hartu dute beren lekua munduan, eta, bai, hau izan daiteke beste zerbaiten hasiera bat, baina baita helmuga txiki bat ere. Benetan entsegu moduan hartu nahi izan banu, pentsatzen dut beste itxura bat hartuko zuela erakusketak, eta askoz ere irekiagoa izango zirela lanak, eta, aldiz, nahiko amaituta daudela esango nuke. Hemen gertatu diren hainbat gauza hazi bat direla da kontua, nire ustez, askoz ere fruitu gehiago edo bestelako fruitu bat eman dezaketenak.

Bukatutako lana baino gehiago interesatzen zaizu kasik bukatuta gabeko lana.

Orain pentsatzen ari nintzen, justu, haziarena egia dela erakusketa honetan, baina gauza bera esan nezakeela beste erakusketa guztiei buruz ere, beti dudalako sentsazio bera: beti dagoela beste zer edo zer egiteko gogoa, eta horrek mantentzen nau lanean. Baina hemen gauza berriak topatu ditut, eta ez naiz joan nekizkien gauzak bakarrik errepikatzera. Badaude aurreko lanetan egindakoaren jarraipena diren gauzak, baina badaude gauza berriak ere.

Zein da akatsaren eta istripuaren garrantzia prozesu horretan?

Istripuak edo akatsak baino gehiago, aurkikuntzak direla esango nuke.

Eta zergatik egiten zaizkizu hain erakargarriak?

Ziurrenik kontrolik ezagatik. Ni ere ustekabean hartzen nautelako, eta horri esker aurkitzen dudalako aurrez nekiena edo desiratzen nuena baino askoz ere hobea den zerbait. Beti dago desiratzen duzunaren eta benetan desiratzen duzunaren arteko negoziaketa bat, eta aurkikuntza horietan agertu daiteke benetan desiratzen duzuna eta desiratzen zenuenik ere ez zenekiena. Hemengo piezetan ez hainbeste, baina batzuetan propio bilatu ditut akatsak. Metalaren fundizio prozesuan, adibidez, batzuetan teknikaren kontra doazen gauzak sartzen ditut, eta apurketak edo isuriak sortu ditzaketenak. Kontrolik gabe eragiten dituzun prozesuak dira. Baina erakusketa honen kasuan, ez ditut hainbeste baliatu akats horiek.

Baina egon dira aurkikuntza batzuk.

Hasieran, bi zutabe arrosa horiek elkarrekin zihoazen [areto erdialdean zutik dauden erretxinazko bi zutabe seinalatu ditu], baina hemen ikusi dut ezetz. Pieza horiekin zera gertatu zait: hemen ikusita, askoz ere errazagoa suertatu zait haien ezaugarriak baloratzea. Estudioan zikin ikusten nituen, eta zuten testura ere ez nuen oso gustuko, eta galerian sartutakoan, berriz, amaituta ikusi nituen. Iruditu zitzaidan dena ezaugarri bihurtzen zela eta ez akats. Galeriaren espazioak beti sublimatzen du dena.

Tentsio moduko bat dago beti zure lanetan ekoitzitakoaren eta hondakin denaren artean. Piezak eraiki ahala, bazterrean geratzen dira elementu batzuk, baina gero berreskuratu egiten dituzu, askotan.

Agian erakusketa honetan ez da hain argi ikusten, baina nire egiteko moduan instalatuta dago hori. Horregatik, esango nuke ez dutela jadanik inoiz hondakin kutsu hori, beti direlako potentzialki barruan egoteko modukoak. Jadanik ez ditut hitz horiekin definitzen. Erakusketarako abiapuntu modura erabili nituen benetako zelak, adibidez, horiek bai, horiek alboan geldituz joan dira. Hasieran, baten bat erabili nahi nuen, baina aurrera joan ahala bazterrean geratu dira.

Baina ez guztiz baztertuta ere.

Ez, ez: lan mahaiaren azpian daude. [Barreak]. Jertse gorriarekin egindako lan bat badago erakusketan. Esperimentatzen aritu nintzen elementu horiekin, baina forma aldatzen eta moldatzen ibili eta batzuk galdu egin ditut bidean. Erakusketan dagoena berreskuratzeko ahalegina egin nuen, halere, geruza gehiago emanez eta egitura indartuz, hemen egotea posible egin arte. Hasierako hastapen horiek presente egotea nahi nuen.

Arnes batekin zintzilikatu duzu pieza hori horman, eta galeria honetan bertan egin zenuen aurreko erakusketako piezekin lotzen du horrek.

Brontzeari eta metalari kontra egiteko nahi nuen elementu hori hemen, horiek duten pisu eta solemnitatea pixka bat jaisteko. Eta beste elementu horretan ere [areto erdian altxatzen den plastikozko bidoi zatikatu batekin eta lo zaku pare batekin osatutako pieza bati egiten dio keinu] badaude errekonozitzen diren hainbat gauza erakusketara beste tonu bat ekartzen dutenak. Brontzea erabiltzeko joera badaukat, baina baditut hari buruzko aurrejuzgu batzuk ere, eta hortik aldentzeko gogoa nuen, edo ez, behintzat, horretan guztiz gustu hartzekoa.

Eta zergatik aurrejuzgu horiek? Asko erabili delako? Eskultorikoegia delako?

Adibidez, garestia delako, eta horrek ematen diolako luxuzko kutsu bat edo, ez dudana guztiz gustuko. Argizaria baino egonkorragoa da, bestalde, eta erabili egiten dut. Baina horri aurre egiteko erabili ohi dudan estrategia da brontzezko pieza horiek beren zikintasun guztiarekin uztea, eta erabat leundutako azalerarik ez erabiltzea.

Beraz, kobrea bai... baina zikina.

Hori da. Ez da kanpora begira hartutako erabaki bat, niretzat jasangarria izan dadin egiten dudan zerbait da. Hori onartzeko nire modua da.

Esan izan duzunez, objektuekin daukazun solasaldi bat da zure lana. Solasaldiaren nondik norakoa kobreak inposa ez dezan asmatu duzun modua da, agian?

Prozesu honetan gauza garrantzitsu batez ohartu naiz. Nire egoteko modua edo posizioa izan da lanari laguntzea. Hark behar duena egitea, eta haren zerbitzura jartzea: existitzera iristen den arte laguntzea, eta ez horrenbeste gustuko dudan edo ez erabakitzea, edo nire nahiari erantzuten dioten edo ez pentsatzea. Disfrutatzeko aukera handiagoa ematen dit.

Aurkikuntza gehiagorako aukera ere bai?

Ez da horregatik. Bake handiagoa ematen dit jarrera horrek, ez nabilelako lanari eskaerak egiten; existitu dadin bermatzen dut. Bestelako posizio bat da hori, autore gisa. Piezek ere egiten nautelako ni, eta bion arteko gauza bat da. Bidaia horretan gertatzen den operazioa ez da bakarrik eskultorikoa... Niretzako piezek ez daukate bizitzarik, baina badaukate izaera bat eta izate bat, eta hori da errespetatzen dudana: gertatzen den izate horren agerpena.

Eta erosoagoa zaizu tiraka aritu beharra ez izatea?

Horrela jartzeak gehiago ematen dit, ez dut hainbeste begiratzen zer falta den : existitzen dena onartzen dut, eta harekin bat egin. Beste egoteko modu bat da hori. Lehenago ere bazegoen hori presente nik prozesua ulertzeko nuen moduan, baina orain askoz ere kontzienteagoa da, eta nire mesedetan erabiltzea erabaki dut. Juzguak hainbesteko indarrik izan ez dezan lortzeko modu bat ere bada; zer dagoen ongi, zer dagoen txarto, zer izan beharko lukeen...

Veneziako Biurtekoan egon zinen duela gutxi, Arcon sari bat irabazi zenuen... Nazioartean gero eta aitortza handiagoa duzu. Horrek zaratarik eragiten dizu tailerreko lan horretan?

Veneziako Biurtekoan izango nintzela iragarri zen egun horietakoa izan zen... Ezerosotasuna sortzen dit, eta baita elkarrizketak egiteak ere, ez dudalako sentitzen esateko beharrik. Arraroa egiten zait horrenbeste arreta jasotzea. Ez dut behar ez nahi, baina baita ere ikusten dut ez dudala beste aukerarik, eta lanaren parte dela. Badakit pasatu egingo dela hainbeste ikusgarritasun duen momentu hau ere, eta nahi dut nire lanak jarraipena izan dezala.

Hauskorra da zuen jarduna.

Ez zait erraza egin lanarentzako eta niretzako jasangarriak diren terminoak lortzea. Ez dut izan baliabiderik hainbat epe negoziatzeko, eta, horren ondorioz, ikusi dut nire lana galtzeko arriskua. Hori ikusten ari naiz, eta horren aurrean ahal dudan eta hobekien prestatzen nabil, eta laguntza eskatzen; erantzun ahal izateko, baina, nolabait esanda, bermatzeko kalitatea ere. Beldur pixka bat badaukat, baina saiatzen ari naiz neure burua eta nire lana zaintzen, eta ikusten badut interesatzen ez zaidan norabide batean doala, horri arreta jartzen saiatzen naiz. Era berean, ez dut beldurrik izan nahi, badauzkadalako aurrean aukerak gozatzeko ere, eta hartu nahi ditut aukera horiek, baina dena oso jarraian gertatzen ari da eta atsedenik gabe, eta agian ez daukat distantziarik ikusteko zertan nabilen. Erritmoaren igoerak ipintzen nau erronka baten aurrean. Eskaeraren presioaren aurrean inertziak indarra hartzen du.

Eta entsegua da zuri erakargarri zaizuna.

Nik beti izan dut joera arriskatzeko, jarraipena emateko nire nahiari, baina gauza berriak egiten ere saiatzen naiz, arriskuak hartuz. Askotan esaten didate eskertzen dela ez dudala beti funtzionatzen duen ildo bat hartzen eta ez naizela guztiz hor gelditzen. Niretzako beharrezkoa da estimulua eta niretzako benetakoa den zer edo zer izatea. Horri jarraituko diodala espero dut, zaila izan arren batzuetan. Distantzia hori lortzea zaila da une honetan niretzat, eta lagunen bitartez saiatzen naiz hori lortzen, kanpoan dagoen norbaiti bere begirada eskatuz. Nik ezin badut, behintzat, haien begiekin ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.