1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Beste gazte bat hilik, Donostian

Tentsioa Iruñetik Gipuzkoako hiriburura zabaldu zen. 09:30ean, manifestazio bat antolatu zuten Grosetik erdigunerantz, eta, Aldapetan, polizia batek Joseba Barandiaran hil zuen, tiroz.

Poliziak bat-batean sartu ziren, eta dozenaka zauritu eragin. Peñakideen laguntza eskertu zuten medikuek. JORGE NAGORE.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Uztailaren 11tik aurrera, tentsio handiko egunak izan ziren Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan. Iruñetik Donostiara eta Errenteriara zabaldu zen polizien indarkeria; hein batean, erantzule nagusia, Logroñoko Polizia unitate berezia, harantz zuzendu zelako. Donostian, Aldapetako aldapan, poliziek Joseba Barandiaran hil zuten, eta bigarren hilketa hark su handiago baten txinparta piztu zuen. Greba egunak izan ziren, eta Diario Vasco, adibidez, ez zen bi egunez argitaratu —uztailaren 12 eta 13an; orotara, uztailaren 10eko astelehena gehituta, aste hartan soilik lau egunez kaleratu zen—.

«Poliziaren tiro sorta batek hil zuen Jose Ignacio Barandiaran», zioen Egin-ek. Kronikan aipatzen zenez, «tentsio handi baten erdian» esnatu zen uztailaren 11ko goiz hartan Gipuzkoako hiriburua, bezperan gauez istilu ugari izan zirelako poliziekin. Banco, Ahorro y Seguros bankuko langileek greba egin zuten, eta, 09:30ean, manifestazioa antolatu zuten. Ordu erdi baten buruan, mila lagun inguru batu ziren: Gros auzoan hasi, Bulebarra zeharkatu eta Easo kalerantz —garai hartan Victor Pradera— joan ziren.

10:30ean heldu ziren hara, eta barrikada handi bat antolatu zuten behealdean, kuarteletik 300 metrora, Egin-en arabera. Ordutik, tentsioa handituz joan zen. «Polizia armatu saldo batek, kaleko jantzitako bi pertsonarekin batera, aldapa igo zuen. Manifestariak txistuka hasi ziren, eta, horren aurrean, zibiletako batek pistola atera zuen. Bi tiro jo zituen, sumindura handia eraginez, baina ez zen besterik gertatu». Kronikak Jesus Uriarte argazkilariaren irudia zekarren, eta hauxe zioen oinak: «Goian dago Polizia armatuaren kuartela. Irudian, kaleko jantzitako bi norbanako ikus daitezke, eskuan pistolak dituztela. Jertse iluna zeramanak hainbat tiro jo zituen».

Hortik aurrera, barrikada gehiago osatu ziren, eta poliziek gomazko pilotak jaurti zizkieten manifestariei. Kronikaren arabera, manifestariei aurre egiten hamabi jeep eta zeta bat zeuden, eta ematen zuen ez zutela ordezkorik. 12:30ean, manifestariek aurrera jo zuten, eta, lekuko baten arabera, zera gertatu zen: «Zeta ibilgailuko gidariaren ondoan zen poliziak lehenik pistola atera zuen, eta ondoren metraileta. Harekin, tiro sorta bat bota zuen». San Bartolome kaleko supermerkatuaren ondoan zen Joseba Barandiaran, eta hura jo zuen. «Balek bihotzean jo zuten zuzenean». Lagunek, gaztea hartu, eta 20 metro bultzatu zuten ate baterantz. Han esan zituen azken hitzak: «Ez apurtu atea».

Diario de Navarra-ri Poliziaren iturriek esan zioten «ikerketa hasia» zutela. «Ematen duenez, gaztea hil zuen tiroen egilea metrailetarekin tiro sorta bota zuen bera da». Egunkariak zioen gertaera horren «lekuko bakarra» zegoela.

Hilketaren albistea berehala zabaldu zuten, eta sumina hauspotu zuen. «Donostiako gertaerek greba orokorra eragin dezakete Euskadin», zioen Egin-ek. Honela laburbiltzen zuen, euskaraz, jardunaldi bero hura: «Atzo goizean ia geldirik aurkitzen ziren Gipuzkoako lantegi guztiak. Goizean, lanuztea hedatuz joan zen. Jose Iñazio Barandiaran Urkola gaztearen berri jakin zenean, goizean izan ziren salbuespen apurrak lana utzi eta geldirik geratu ziren».

Nafarroak, bi dolu egunen ostean, bake apur bat berreskuratu zuen, baina, Barandiaranen hilketaren berri izan bezain azkar, greba egiteko gertu zeuden. Bizkaian, bi orduko lanuzteak egin ziren, Araban bezala.

Diario de Navarra-k zekarren Donostia «inkomunikatuta eta poliziek hartua» zegoela. Espainiako beste tokietatik joan ziren poliziak Donostiakoak laguntzera. Barandiaran hil zuten tokian, laxo beltz bat zeraman ikurrin bat jarri zuten, baina poliziek «berehala» kendu zuten hortik. Gobernu Zibilak Barandiaranen hileta egitea debekatu zuen.

Iruñean, festak bertan behera uztea erabaki zuen udalak, 21:00etan. «Festak bertan behera geratu dira», zioen Diario de Navarra-k: «Festaren eta herritarren bakearen artean aukeratu behar izan dugu», justifikatu zen Iruñeko Udala. Argazki nagusian, zezen plaza hutsik ageri zen, eta honako informazio hau gaineratu zuen berripaperak: «Aurretik, zezenketarik ez zen izan, presidentea ez baitzen aurkeztu». Toreatzaileek ere ez zuten gogo handirik, Egin-en arabera. «Angel Teruelek esan zuen ez zuela oinik Iruñean jarriko ezta munduko urre guztia emanda ere».

Egin-en arabera, udalak zalantza asko izan zituen, baina Donostiako gertaerak erabakigarriak izan ziren. «Eguerdiko gertaeren berri izanda, tristeziaz, sentimendu handiz, festak etetea erabaki dugu», esan zuen Jesus Velasco alkateak. Jose Miguel Muezen arabera, ahal zen neurrian, «festak berreskuratzea» zen asmoa, baina galdetutako erakundeek erabakiaren alde egin zuten. «Tristea eta mingarria da lehen aldiz sanferminak hautsi izana», zioen Martinez Alegria festen batzordeko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.