1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Euskal Herria, sutan

Joseba Barandiaranen hilketaren ondotik, greba orokorra egin zen Hego Euskal Herrian, eta erantzun handia izan zuen, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Iruñea, berriz, «hila» zen.

Polizia Armatuak Errenterian, 1978ko uztailaren 13an. JESUS MARI PEMAN.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Egun gutxiren buruan, Polizia Armatuak bi gazte hil zituen: German Rodriguez Iruñean, eta Joseba Barandiaran Donostian. Hilketek protesten sua piztu zuen Euskal Herri osoan. Honela azpimarratu zuen Egin-ek: «Tentsio handiko protesta eguna Donostian». Gipuzkoako hiriburuan nagusitu ziren protesta nagusiak, baina gainerako hiriburuak ere sutan ziren. Greba orokorrerako deiak erantzun zabala izan zuen: «Euskadiren historian, 1978ko uztailaren 12a greba orokorraren egun gisa geratuko da Gipuzkoan eta Bizkaian, eta erantzun handia izan zuen Araban eta Nafarroan», nabarmendu zuen Egin-ek, eta gaineratu: «Bilbon eta Gasteizen, borroka handiak izan ziren manifestarien eta polizien artean, eta, Donostian, kopuruagatik eta euskal politikan duen garrantziagatik, garrantzi berezia hartu zuen gertatu zenak».

Goizean goizetik gertatu ziren lehen liskarrak Donostian. Lehenik «manifestazio txiki bat» antolatu zen hirian. «Kaleek itxura izugarria zuten: eserlekuak kalean, kristal hautsiak, barrikadak...», zioen Egin-ek. Desegin zen manifestazioa, eta beste bat sortu Gros auzoan, Juan Mari Bandres Euskadiko Ezkerrako politikari eta abokatua buru zuela. «Gobernadorearekin hitz egin zuen, eta haren baimena lortu. Poliziaren auto eta unitate guztiek jaso zuten mezua, manifestazioa baimendua zegoela». Gainera, goiz hartan pertsona ugarik bisitatu zuten San Bartolome kalea, Joseba Barandiaran hil zen tokia, eta loreak jarri zituzten bertan. Egun osoan jarraitu zuten liskarrek.

Hiriburutik at, Gipuzkoan, tentsioa handitzen ari zen. «Asteazkenean erabat gelditu zen Gipuzkoa», zioen Egin-ek. Donostialdetik mugara bitarteko eremuan, komunikazioak «erabat moztuta» zeuden. Testuinguru hartan, beste bi lagun zauritu zituzten balaz: bata Errenterian (Hernandez Zeberio), eta bestea Larratxon (Jose Luis Jimenez Ruiz errenteriarra). Bi kasuetan, guardia zibilek jo zituzten tiroak. Adibidez, Errenteriakoaz kontakizun hau egin zuen Egin-ek: «Guardia Zibila zubiaren bi aldeetan zeuden barrikadetako bat kentzera joan zen, eta tiro egin zien inguruan —Beraungo lehen etxeen alboan— ziren pertsonei».

Diario de Navarra-k, berriz, Euquitiano Prado Donostiako komisarioburuaren adierazpenak zekartzan Barandiaranen hilketari buruz. Haren esanetan, uztailaren 11ko 14:00etatik poliziak heriotza ikertzen eta lekukotzak biltzen hasi ziren. Kexu zen hainbat lekukok Euskal Kontseilu Nagusira jo zutelako. «Nahiko nuke Kontseilu Nagusian deklaratu zuten ehun lekukoek niregana jo izan balute. Aulkian eseri dira, eta orain gertaeren bertsio bat eskatzen dute». Ematen zuen Pradok, polizien artean bilatu beharrean, lekukoak zituela jomugan.

Egin-ek eta Diario de Navarra-k aipatu zuten Miguel Rubiok Iruñeko komisario izateari utzi ziola eta Valentziako Chirivela herrira aldatu zutela. «Gogoratuko den bezala, Rubio komisarioa izan zen, bere hitzetan, zezen plazan sartzeko agindua eman ziena istiluen aurkako poliziei, eta gerora horrek berak eragin zituen hiriak bizitako tentsio une guztiak. Rubio jaunak adierazi zuen bere aginduak gaizki ulertu zirela», idatzi zuen Egin-ek. Diario de Navarra-ren arabera, 1978ko uztail hartan 53 urte zituen Rubiok, eta hiru urte eta erdi zeramatzan Iruñean lanean. Hauxe esan zion egunkariari: «[Chirivelako] Polizia etxe berria funtzionatzen hasteko moduan dagoen bezain azkar, hara joango naiz. Espero dut azkar izatea».

Iruñea, berriz, «jada hiri hila zen», Egin-en arabera. «Zorabiatuta eta nekatuta» zegoen uztailaren 12 hartan, udako beroak hartuta. Bezperan, udalak festak bertan behera uztea erabaki zuen, eta iruindar asko «igerilekuetara» joan ziren. «Tragedia baten lekuko isil izandako oholak eta hesiak kendu zituzten zurginek. Zapi gorriak desagertu egin ziren kaletik, janzkera zuri-gorriak, saltoki mugikorrak, atzerritar gehienak, ardo zahatoak... Poliziek eragindako indarkeriaren ondorioz, triste eta nekaturik, hiria, lozorroan, apurka, eguneroko pultsua berreskuratzen hasi zen».

Diario de Navarra-ren arabera, Rodolfo Martin Villa Barne ministroa «lau orduz» Iruñean izan zen, baina ez zen atera Gobernu Zibilaren eraikinetik. Handik Donostiara zuzendu zen, eta, han, lehen adierazpen publikoak egin zituen. «Egoera oso kezkagarrian gaude», nabarmendu zuen Diario de Navarra-k. «Inork ez dio gobernu honi irabaziko dena argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko orduan». Ondoren zehaztu zuen gauza bat zela polizien erantzukizuna eta «bestea poliziei oldartzen zaizkien horiena».

Gezurraz gain, dena anabasaren ondorio zen bi hilketen kasuan. «Gai zalantzagarriak daude: kea, polizia etxea hartzeko ahalegina eta Jose Ignacio Barandiaran hil zuen balaren jatorria», esan zuen Martin Villak Donostian egindako prentsaurrekoan.

40 urte iragan dira, eta errealitateak argi utzi du gogo horiek hutsaren hurrenak zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.