Sarrera gehienak salduta

Donostiako 82. Musika Hamabostaldia gaur abiatuko da. Abuztuaren 27a bitartean 75 kontzertu izango dira, 35 agertokitan. 1,8 milioi euroko aurrekontua dauka jaialdiak

Mitsuko Uchida pianista japoniarra. HYOU VIELZ.
Gorka Arrese.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Gaur eguerdian tanko, Donostiako udaletxeko batzar aretoan Iagoba Fanlo (biolontxeloz) eta Maria Jose Barandiaran (pianoz) Beltran Pagolaren Sonata para cantos vascos eta Johannes Brahmsen Lehen sonata jotzen ari diren bitartean, Kursaaleko Foyerrean Kup taldeak zazpi musikariren piezak interpretatuko ditu: Xabier Sarasola, Jesus Egiguren, Luis Aranburu, Benjamin Britten, Edward Elgar, Zane Randall Stroope eta Tine Bec. Gisa horretan hasiera emango diote 82. Musika Hamabostaldiari.

Ondoren, arratsaldean, Kursaal auditoriumean Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak lehendabiziko jaialdi handia eskainiko du, Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean eta Yuja Wang pianista txinatarrarekin. Gyorgy Ligetiren Kontzertu errumaniarra, Franz Liszten Lehen piano kontzertua eta Antonin Dvoraken Zortzigarren sinfonia emango dituzte.

Horren aurretik, ordea, Suhar abesbatzak kantatuko du Karmeldarren elizan; udaletxeko batzar aretoan Jose Ignazio Ansorenak (txistuz) eta Joserra Senperenak (pianoz) euskal konpositoreen hamar pieza joko dituzte, Euskal danbolinaren aroak izenburupean; San Bizente elizan ariko da Euskal Herriko Gazte Abesbatza, Oier Etxaburuk pianoaz lagunduta; eta Miramar jauregian, Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak Itsas urradurak kontzertua egingo dute, tartean direla, besteak beste, Xabier Amuriza, Xabier Lete eta Gabriel Arestiren hitzak eta Etxahun Iruri, Anton Latxa eta Natxo de Feliperen ahaireak.

Gaur bertan hasi eta abuztuaren 27an buka, 35 agertokitan banatuta, 75 kontzertu izango dira Musika Hamabostaldian.

Ekitaldi nagusiak Donostian izango dira: Kursaalean, Viktoria Eugenian, San Telmo museoan, Tabakaleran eta Miramar jauregian. Sarrera txartel ia guztiak salduta daude dagoeneko.

Gipuzkoako, Lapurdiko, Nafarroako eta Arabako herrietan ere egingo dira zenbait emanaldi; esate baterako, Hondarribiko Itsas Etxean, Hernaniko Txillida Lekun, Zumaiako San Pedro elizan, Tolosako Andre Mari elizan, Loiolako eta Arantzazuko santutegietan, Leireko monasterioan, Senpereko Saint Pierre elizan, Kuartangoko bainuetxean eta Lantarongo Orgaztarren jauregian.

KURSAAL AUDITORIUMEAN

Musika Hamabostaldiko izarrak aurten ere Kursaal auditoriumean izango dira: Mitsuko Uchida, Grigori Sokolov, Yuja Wang, Elisabeth Leonskaia eta Dejan Lazic pianistak; Anne Sophie Mutter, Leonidas Kavakos eta Julian Rachlin biolinistak; eta Budapesteko, Luxenburgoko, Espainiako, Galiziako eta Euskadiko orkestrak.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak Mendelssohnen eta Txaikovskiren obra bana joko ditu abuztuaren 8an. Grigori Sokolov pianistak Chopinen eta Rakhmaninoven piezak eskainiko ditu abuztuaren 9an. Elisabeth Leonskaiak Brahmsen Lehen piano kontzertua interpretatuko du hilaren 19an, Galiziako Orkestrarekin. Donostiako Orfeoia Euskadiko Orkestrarekin ariko da 21ean.

Schuberten obrak joko ditu Mitsuko Uchida pianistak abuztuaren 22an. Leonidas Kavakos biolinista ariko da Espaniako Orkestrarekin hilaren 25ean. Anne Sophie Mutter biolinistak Mozarten, Beethovenen eta Francken sonatak eskainiko ditu 26an.

Budapesteko Orkestrak emango dio amaiera Hamabostaldiari abuztuaren 27an; Ravel, Satie, Milhaud eta Kodalyren obrak joko ditu, Dejan Lazic pianistarekin.

ANTZINAKO ETA GARAIKIDE

Asteartean hasita, antzinako musika zikloak bost emanaldi izango ditu.

San Telmo museoan ariko dira Anacronia Ensemble, Seldom Sene, Forma Antiqva eta Capella Mariana boskoteak.

Abuztuaren 13an, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan, Bachen obrak interpretatuko ditu Conductus Ensemble taldeak.

Musika garaikidearen zikloak hiru emanaldi ditu, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan hirurak. Abuztuaren 4an, Trio Zukan taldeak Zuriñe Fernandez Gerenabarrena konpositorearen obra berri bat estreinatuko du.

Hilaren 7an Seldom Sene boskotearen txanda izango da. Eta abuztuaren 11n Messiaenen Denboraren amaierarako kuartetoa joko du L'Oiseau Bleu taldeak.

GANBERA MUSIKA

San Telmo museoan egingo da ganbera musikaren zikloa. Bost emanaldietatik bi lehenak izango dira: Judith Jauregi pianista eta Jesus Reina biolin jotzailea, abuztuaren 5ean; eta hilaren 12an, Carmen Artaza mezzosopranoa eta Frederic Jost baxua, Hilko Dumok pianoz lagunduta.

INTERPRETE GAZTEAK

Miramar jauregian egokitu dute interprete gazteen zikloa. Abuztuaren 16tik 19ra bitarte, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegietako gazteek jendaurrean agertzeko aukera daukate. Musikari hauek joko dute: Laia Barbera (harpa), Trio Sostenuto, Quintoniks boskotea, eta azkenik Raul Perez (saxofoia) eta Leonardo Moyano (pianoa).

BI DANTZA ESPAZIO

Viktoria Eugenia antzokian, Lucia Lakarrak eta Matthew Goldingek Fordlandia ikuskizuna erakutsiko dute abuztuaren 17an. Iratxe Ansaren eta Igor Bacovichen txanda izango da hilaren 23an. Lakarra eta Ansa dantzariak, hain zuzen, urrian emango diren Max sarietako finalistatzat hartu berri dituzte.

Tabakaleran lau dantza emanaldi izango dira hilaren 6, 8, 10 eta 13an. Hurrenez hurren ariko dira Igor Urzelai eta Moreno Solinas, Neri(h)ari konpainia, Kanpai taldea, eta Natalia Garcia eta Matxalen Bilbao.

ORGANO ZIKLOA

Gaur ekin eta hurrengo igandean amaitu, hamabost kontzertu eta organo jotzaile multzo handia dakartza egitarauak: Joan Segui, Craig Williams, Jose Antonio Pascual, Giula Biagetti, Franz Danksagmuller, Liudmila Matsiura, Thomas Ospital, Jan Vermeire, Stefan Kagl, Giampaolo di Rosa, Gerardo Rifon, Stanislav Surin eta Thierry Escaich.

Heldu den larunbat arratsaldean, Donostiako Orfeoiak abestuko du, San Bizente elizan.

Donostiako zenbait elizatara ez ezik, Gipuzkoako herri hauetara ere zabalduko da organo zikloa: Ataun, Usurbil, Azkoitia, Azpeitia, Zumaia, Deba eta Tolosa.

EKITALDI BEREZIAK

Hamabostaldiaren azken asteko egitarauan deigarriak dira hiru emanaldi hauek: Carlos Nuñez gaiteroak Celtic Beethoven kontzertua eskainiko du abuztuaren 20an, Arantzazuko santutegian; Gerhard laukoteak Xostakovitxen bi obra joko ditu Txillida Lekun, hilaren 22an; eta Antton Valverdek Gaua - Absentziaren itzala errezitala egingo du abuztuaren 26an, Hondarribian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.