1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Azken agurra Germani

Uztailaren 10ean, Rodriguezen hiletan, Francisco Larrainzar apezak azpimarratu zuen poliziek «euskal herritarrek eta nafarrek elkarri emandako eskuak moztu» nahi izan zituztela.

Hilerrira bidean, hilkutxa eramaten, 1978ko uztailaren 10ean. CONCHI ZUDAIRE, ANDRES VALENTIN.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bigarren dolu eguna izan zen astelehenekoa (uztailaren 10), eta hala jaso zuten garai hartako egunkariek biharamunean. Bezperan egin zen German Rodriguez Saizen hileta elizkizuna, eta handik manifestazio isila egin zen Iruñe erdigunerantz, hil zuten tokiraino. Protesta olatua Euskal Herri osoan zabaldu zen. «Dolu manifestazio jendetsua atzo Iruñean», nabarmendu zuen Egin-ek azalean. «German Rodriguez Saizen aldeko hileta hilerriaren zabalgunean», idatzi zuen Diario de Navarra-k. Milaka herritarrek eman zioten azken agurra Germani. «Tentsio handiko egoera», nabarmendu zuen Diario Vasco-k: «Errepideak moztuta, barrikada, lanuztea, manifestazioak... Iruñeko gertaera tragikoek (hildako bat eta 300 zauritu) erreakzio biolentoak eragin zituzten Euskal Herri osoan», gaineratu zuen.

Jesus Lezaun, Francisco Larrainzar eta Luis Lizaur apezek eman zuten Germanen hileta elizkizuna. Larrainzarrek eraldatu egin zuen Winston Churchillek RAFeko pilotuei buruz Bigarren Mundu Gerrako aipu ezaguna—«Inoiz ez zuten hainbestek hainbeste zor hain gutxiri»—, Diario de Navarra-ren arabera: «Inoiz, hain gutxik ez dute hainbeste jenderi sufriarazi. Ea esaterik badugun inoiz ez diotela hainbeste pertsonak halako erronka bati hain sendo erantzun», esan zuen Larrainzarrek. Bere sermoian, salatu zuen esku beltzak zeudela, eta ematen zuela sortzen ari zen garai berria eragotzi nahi zutela: «Aspalditik dugu nafarrok irudipena norbait atzetik zelatan dugula eta fusilarekin jomugan gaituela; norbaitek, sortu berri den demokrazia ziztrin honen trikimailu guztiak erabiliz, arnasa kendu eta hasi berri dugun bidea moztu nahiko baligu bezala. Ematen du euskal herritarrek eta nafarrek elkarri emandako eskuak moztu nahi izan dituztela. Zer nahi zuten gizon horiek izua zabalduz?».

Hileta amaituta, hitzaldiak egin ziren hilerriaren kanpoaldean. Diario de Navarra-ren arabera, lehenik, Ignacio Zudaire Anaitasuna peñako ordezkariak hartu zuen hitza. Peñen izenean, euren mina adierazi zuen gertaera tragiko horiengatik. «Sutsu gaitzesten ditugu gure herriari eraso egin dioten erakundeak, eta ikerketa hasteko eskatzen dugu, erantzukizun zibilak eta kriminalak exijitzeko, azken ondorioraino».

Gero, LKIko Ramon Contrerasek bere lagun German Rodriguezi buruz hitz egin zuen, Diario de Navarra-k kronikan jaso zuenez:«Zer zentzu du heriotza honek? Zer logika du Polizia plazan sartzea jendea hiltzera? Zer logika du metrailetak erabiltzeak? Mozorroa kentzeko ordua iritsi da. Bai, badakigu nortzuek hil zuten, 1973an kartzelan sartu zuten horiek». Haren ustez, azken erantzulea Espainiako Gobernu «antinafarra» zen. «UCDkoek diktaduraren jazarpen indarrak bidali dizkigute hona. Ondorioak denok ikusten ditugu. Edonor eror daiteke bala baten ondorioz, edo atxilotuta».

Egin-en arabera, Contrerasek Euskal Herriko «txoko guztietan» erantzun bateratu bat ematera deitu zituen alderdi eta sindikatu guztiak. Eusko Gudariakabestu ondoren, isilpean atera zen manifestazioa. Aurretik, German Rodriguezen lau anai-arrebak zihoazen, eta atzean, Guk ez dugu ahazten, German zioen LKIko pankarta. Beste pankarta batzuek zioten Arduradunei zigorra edo jazarpen indarrak desegin. Hilerritik irten, Donibane auzotik igaro eta erdigunerantz iristean, polizien jeep eta autobus ugari topatu zituzten. «Anaietako batek segurtasun indarrekin negoziatu zuen esku hartu ez zezaten».

Diario de Navarra-ren arabera, LKIko batek honako mezu hau zabaldu zuen: «Jarraitu behar dugu borroka erakusten kalean, fabrikan, batzarretan... Baina momentu honetan, egin dezagun isilik». Handik Orreaga etorbidera iritsi ziren, German Rodriguez erail zuten tokira, eta han «azken omenaldia» egin zioten Rodriguezi, «isilune handi batekin».

Hala ere, 3.000 lagun inguru, «jarrera horrekin ados ez zeuden» eta manifestazio bat egin zuten ingurutik. Egin-en arabera, ETAren aldeko oihuak egin zituzten, eta mendekua aldarrikatu zuten. Manifestazio hori Alde Zaharreko kaleetara sartu zen, eta, San Domingo kalera iristean, segurtasun indarrekin egin zuten topo: «Minutu batzuk zain egon ostean, segurtasun indarrek gomazko pilotekin eta negar gasekin erantzun zuten, 17:00ak arte iraun zuten liskarrei hasiera emanez».

Egin-en arabera, udaletxe aurrean German Rodriguezen argazkia zeraman mahai bat jarri zuten, eta jendeak mahai gainean dirua uzten zuen: «Segurtasun indarrek une oro errespetatu zuten mahaia, baina ez zioten inori gerturatzen uzten». Bazkalorduan, kaleak «hutsik» zeuden: «17:00etan, indar berezien autobusek Alde Zaharra utzi zuten, eta Estafetatik igarotzean bertan zeuden barrikadak ireki zituzten. Minutu batzuk geroago bere tokira itzuli ziren. Segurtasun indarrak joateko agindua eman zuten Iruñeko peñen ordezkariak udaletxean bil zitezen». Festekin zer egin erabakitzeko zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.