Monica Ojeda. Idazlea

«Lengoaia berez da ekintza gatazkatsua»

Eduki biolentoa duen literatura da Ojedarena, baina formaren bitartez baretua, dioenez. Dena den, autoreak eskertzen du liburuak irakurleari ematen dion askatasuna, aski duenean istoriotik alde egin ahal izateko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Bogota 39-2017 izeneko zerrendan, 39 idazle latinoamerikar onenetako bat izendatu zuten 2017. urtean; eta orain dela aste gutxi, gaztelaniaz idazten duten 35 urtetik beherako 25 narratzaile hoberenen artean dagoela adierazi du Granta literatur aldizkari britainiarrak. Ibilbide oparoa egina du dagoeneko Monica Ojeda idazleak (Guayaquil, Ekuador, 1988), eta halako bidea iragartzen diote orobat etorkizunean literatur adituek. Aitorpenak aitorpen, badu Ojedaren obra narratibo zein lirikoak jomuga argi bat: indarkeria agertzea, hartaz hausnartu eta hura ulertu ahal izateko.

Hizkuntza estandarraz eta hortik kanpo geratzen diren aldaerez hitz egin izan duzu. Aldaera horietako batean idazte hutsak hizkuntzarekiko hausnarketa eragiten du?

Idazten dugunok badakigu lengoaia mugikorra dela, ez dela fosil bat, eta hainbat ezaugarriren arabera aldatzen dela. Nire historiak eragina du nire lengoaiaren erabileran: ekuadortarra naiz, mestizoa —Gloria Anzalduak mugako pertsona deituko lukeen hori—, baina, gainera, migratzailea naiz, Espainian bizi naizelako. Lengoaiaren bi erabilera bizi ditut, bat-batean fusionatu direnak, eta, idazten jartzen naizenean lehia izaten dutenak. Saiatzen naiz idazkeran nire erabilera mantentzen, nire paisaiez hitz egiten duelako, nire mundu emozionalaz eta nire pentsatzeko moduaz. Erresistentzia lana da, beste leku batean bizitzen zaudenean hitzak ahaztu eta bertako moldera egokitzen hasten zarelako.

Elkarrizketa batean esan zenuen hitzetan beldurra dagoela.

Hitzek iruditeriak eta mundu emozionalak sortzen dituzte, eta, hortaz, terrorea ere sor dezakete. Idazle migratzaileengan, ohikoa da idazketa eraso eremu bihurtzearen beldurra. Nik ez dut nahi nire idazkera gerra toki izatea; baina bai gatazka gune, lengoaia berez baita ekintza gatazkatsua. Zaila da minik eta indarkeriarik gabeko eremu bihurtzea hitza.

Asmo hori gorabehera, indarkeriak zure obra zeharkatzen du. Nola kudeatzen duzu zenbateraino erakutsiko duzun?

Edukiei dagokienez, nire istorioak oso biolentoak dira, egoera oso agresiboak sufritzen dituztenen ingurukoak. Baina idazteko modua erabat kontrakoa da. Idazkeran edertasuna ari naiz bilatzen etengabe, ez soilik edertasun estetikoa, baizik eta xamurtasuna edo ontasuna, hitzak baretu dezan hein batean kontatzen dudanaren kolpea. Gaiak gordinak dira, baina idazkera ez; besarkada antzeko bat sortzen saiatzen naiz. Poetikotasunera jotzen dut are narratiba idazterakoan ere.

Indarkeriaren gaia obsesioz lantzen dut krudelak ez izateko modua delako. Krudeltasuna dago indarkeria alde batera uztean, eta hura saihesten dut biolentziaz idazten dudanean, baita hori bera egiten duten autoreen obrak irakurtzen ditudanean ere. Aurrez aurre ikusi beharko banu egoera, begiak itxiaraziko lizkidake, baina irakurtzean gehiago jasaten dugu, eta, tarte horri esker, enpatia garatzen dugu.

Formak ekintza biolentoaren gordintasuna murrizten du? Adibidez: Cabeza voladora ipuinean, biktimaren bizilaguna da istorioaren narratzailea; Las voladoras-en, elementu fantastikoak sartu dituzu.

Batzuetan, gauzetatik urruntzeak haiengana hurbiltzea ahalbidetzen digu. Argazki bat begiratzen dugunean bezala: aurpegiaren kontra jartzekotan, ez dugu ezer ikusiko. Hainbat arrazoirengatik ezartzen dut distantzia hori nire ipuinetan. Cabeza voladora-rekin, lekukoen gaia landu nahi nuen. Eraildako emakumearen inguruko pertsonengana mugitu nahi nuen fokua. Hildako andre guztiek izan dituzte bizilagunak, momenturen batean entzungo zuten parean gertatzen ari zitzaien indarkeria egoera: zer egin zuten, zer ez zuten egin? Interesatzen zitzaidan pertsonaia horren erru sentsazioa. Las voladoras-en, elementu fantastikoa alegoria bat da, etxe batean sartu berri den desirarena. Dena nahasten du. Hainbatetan heldu diot gaiari: desira indarkeriari eta minari lotua dago, eremu gatazkatsu bat da.

Historia de la leche poesia liburuan, ordea, erasotzailearen larruan jartzen zara.

Bai obra horretan, baita narratiban ere, gustatzen zait lan egitea biktimarekin ez ezik biktimario diren pertsonaiekin ere. Izan ere, indarkeriatik obsesionatzen nau uroboros bat dela, bere buztanari hozka egiten dion sugea. Interesatzen zait nola ikasten duten biktima izandakoek bizitako biolentzia erreproduzitzen. Historia de la leche-n, ahots poetikoak bere ahizpa hil du. Inor hiltzeko gai izan den pertsona batekiko enpatia izatea: bahe horretatik igaroko da sentsibilitate poetikoa. Ulertu nahi dut indarkeria nola sortzen den; konplexutasunetik, ez biktima eta biktimarioa egoera ontologikoak, aldaezinak balira bezala hartzen.

The art of cruelty liburuan [gaztelaniazko itzulpena aurkeztu zuen Ojedak], Maggie Nelsonek dio indarkeria gordinki erakusteak ez duela haren inguruko hausnarketa eragiten, ezpada ugaritzea. Idazterakoan, aintzat hartzen duzu irakurleak nola jaso dezakeen biolentzia hori?

Muga argi bat dago artistaren eta hartzailearen artean: zer neurritan dagoen prest lehena bigarrenaren askatasunari eraso egiteko. Nelsonen liburutik interesatzen zait aldarrikatzen duela hartzailearen askatasuna emanaldi edo erakusketa batetik joateko, edo liburu bat ixteko, jabetzen denean ez dagoela prest gai horri aurre egiteko. Ez da hain erraza zineman edo antzerkian, aretoan daudenen presioak eragiten duelako jesarrita jarraitzea, baina liburua bakartia da, ezin zaitu inork irakurtzera bultzatu. Idazle bezala, horrek lasaitzen nau.

Indarkeriaren transmisioa ere agerikoa da. Adibidez, Las voladoras bildumako ipuinen generoa andetar gotikoa da, nagusiki ahoz ezagutua; eta Mandíbula eleberrian, asko hitz egiten da creepypasta-z, Interneten argitaratzen dituzten beldurrezko kontakizunez.

Beldurrezko eta terrorezko kultura narratiboa, zinematografiko zein literarioa, eguneroko indarkeriez ari da funtsean; beldurra ematen diguten horiez, azken finean. Andeetan badago Chuzalongo deituriko munstro bat: iratxo bat, zakil erraldoia duena, eta oinak biratuta dauzkana. Izaki intzestu egilea da: emakume guztien semea da, baina bortxatu egiten ditu. Ezin daiteke ulertu Espainiaren kolonizazioaren testuingurutik kanpo. Jauntxo espainiarrek sasiko seme-alabak eduki zituzten indigenekin: Latinoamerikako jende gehiena mestizoak gara. Momentu horretan, jendeak ez zekien ingurukoa bere senidea zen, eta horren beldur ziren: egoera oso edipikoa zen.

Beldurraren ikerketa bat egin nahi dut nik. Antsietatea dut, zeina gorpuztutako beldurra den: eskuek dar-dar egiten dizute, ezin duzu arnasarik hartu, takikardiak dituzu... denari diozu beldurra antsietate atake bat duzunean. Baina beldurra indarkeria diren gauzen ondorioa da: bortxa psikologikoa, soldatapeko lana... Gustatzen zait ulertzea narratiba horiek erantzun artikulatu bat direla, munduko kaos horri zentzua eta ordena emateko saiakerak, nahiz eta errealitatean beldurrak egiturarik ez duen. Uste dut seguruago sentitzen garela beldurrezko istorioak sortzen.

Zure obran, horrorea etxeko eremuan gertatzen da sarritan, babesarekin eta aterpearekin lotutako gune batean. Horrek are asaldagarriagoa bihurtzen du indarkeria?

Bai, erabat. Beldurrezko pelikula gehienak etxean gertatzen dira. Etxe batean egotea eta, bat-batean, ezustekoren bat gertatzea izugarria da, segurtasun lekua aztoratzen duelako. Segurtasun eremuan ezin bazara seguru egon, ezingo zara inon egon. Mugimendu batzuek —feministak, esaterako— desegin digute etxea eta familia segurtasun eremua diren ideia. Estatistiketan ikusten dugu: Ekuadorren eta Latinoamerikako herrialde gehienetan eraildako emakume gehienak euren etxeetan hiltzen ditu haien aitak, bikotekideak edo gertuko gizonen batek. Etxea toki biziki biolentoa da. Asaldagarria da, etxean maitasuna baino ez dagoen usteak lasaitzen gintuelako lehen, baina dagoeneko inork ez du horretan sinesten, batez ere emakumeek. Egoera hori lantzen dut orobat izoztuta uzten nauelako: nire beldurrik handienetakoa da etxea bihurtzea leku bat non gauza txarrak gertatuko zaizkidan.

Atentzioa ematen du gorputzak duen pisua indarkeriaren irudikapenean, hura ageriko egiten den toki gisa. Soroche ipuinean, esaterako, ezinegona eragiten duzu gorputz ez-normatibo baten deskribapen hutsarekin.

Niretzat erabat zentrala da gorputza, den-dena jazo den lekua baita: plazera, baina baita mina ere, eta horrek utzitako aztarnak. Psikologia oro igarotzen da gorputzetik, antsietateaz hitz egitean aipatu dudanez. Interesatzen zaizkit mindutako gorputzak, eta min horrekin zer egiten duten. Zer gertatzen da gorputz horiekin, zer ahalmen dute mina jaso ondoren, nola konpontzen dira bizirauteko? Absurdoa da biktima pasiboa dela dioen ideia: mugitzen ez diren biktima direla esaten dien diskurtsoak biktima bihurtzen ditu berriro. Batzuetan, hozka egiten dute, eta, besteetan, erabakiak hartzen dituzte beren gorputz oinazetsu horren gainean, Soroche-n bezala. Hitzak indarkeria duela aipatu dut lehen. Ipuineko protagonistak, Anak, bere buruari nola hitz egiten dion da horren adibidea: inor ezin da bizirik irten egoera horretatik. Bere buruaz beste egiten ari da hitzaren bitartez.

Uroboros-a ere kasu horretan?

Gizotso batek hozka egitean, beldur zara ez zauriarengatik, baizik eta hurrengo ilargi betean zeu ere gizotso bihurtuko zarelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.