1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Ekaitz aurreko tentsioa

Urtero, festak hasi aurretik, urduritasun handia izan ohi da Iruñean, eta 1978an, are gehiago. Orduko egunkarien arabera, festak normal hasi ziren, zetorren ekaitz handia antzeman ezinik.

joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hirian zurrumurru giroa zegoen, eta egunkariek sentsazio arraro bat islatu zuten. Batetik, uztailaren 6an, Egin-ek urteroko jai aurreko ohiko urduritasun hori jaso zuen: «Festek bere bezpera izan ohi dute, eta haren distirak festaren neurria adieraz dezake. Baina Iruñean, festaren izaera beragatik, bezperak ere bere bezpera du». Iruñeko kaleetako eta inguruetako argazkiek ohiko panorama hori agertzen zuten: zezenak ukuiluetan, atzerritarrak «barra-barra», baratxurien txokoa prest, edonon lo egiteko prest diren kanpotarrak...

Hala ere, tentsio politikoa ere ez zen falta, eta hori ez zen hain ohikoa. Sanferminen bezperan, uztailaren 3an, bost gazteren atxiloketa salatzeko, manifestari batzuek entzierroetako hesiak «barrikadak jartzeko» baliatu zituzten, Egin-en arabera. El Diario Vasco-n, zurginak kexu ziren, eta «hesiei kalte handiak eginez gero lehen entzierroa korrituko ote den zalantzak» agertu zituzten. Egin-en, Pezagaña y España enpresako arduradunak arriskuaz ohartarazi zuen: «Arazoa handia izan daiteke, ordezko gutxi ditugulako, 30 zur baino ez, eta larrialdi bati aurre egiterik ez dugu».

Horrez gain, protesta horiei lotuta, atxiloketen aurkako itxialdia hasi zuten zortzi lagunek udaletxeko bigarren solairuan. Egin-ek iragarri zuen txupinazoan Sanferminetan denok etxean mezua zabalduko zela. ElDiario Vasco-ren arabera, atxilotutako bost gaztetatik hiru libre geratu ziren 100.000 pezetako bermea ordainduta, baina ez zuen argi itxialdia noiz amaituko zen. Horregatik, ez zekien, urtero legez, suziria bigarren solairutik botatzerik izango ote zen edo ez.

Hala ere, txupinazoa itxaropenaren zantzu gisa ikusten zuen Egin-ek: «Suziriak, edo txupinazoak, berdin dio, garai berri bat hasiko dela ohartaraziko du. Garai berri baten atarira hurbildu gara, jazarpen gutxiagoko garai bat, gizatiarragoa, adierazkorragoa, komunikazio handiagokoa. Testuinguru horretan, ulergarria gerta liteke egungo nondik norako politiko berezietan, aldarrikapenak eta elkartasun keinuak azaltzea atari horretan, aurreko urteetan egin bezala». Era berean, suziriak ilusioaren sentipen hori eragiten duela zioen: «Jendea irrikan dago betebeharrak, umore txarrak, konplexuak, presak ahazteko, eta ero moduan kalera ateratzen da lehenbailehen bere burua askatzera, bere familiaren eta gizartearen mamuetatik askatu nahirik».

Suziria, lehen solairutik

«Pozak tentsioa gailendu zuen», islatu zuen biharamunean El Diario Vasco-k. Kronikaren arabera, Juan Fromm Kultura batzordeko presidenteak txupinazoa bota zuen lehen solairutik. «Udaletxe plaza erabat beteta zegoen, ohi legez. Suziria apolitikoa izan zen, ez zen oihurik egin bigarren solairuko itxialdiari buruz, ez beste aldarrikapenei buruz».

Diario de Navarra-k aipatu zuen «txupinazo apolitikoa» izan zela baina aurreko orduetan «denetariko zurrumurruak» nagusitu zirela hirian. Alta, azkenean, Udaletxe plazan, «saiakera hutsal batzuk egin ziren 'presoak kalera' oihukatzeko, baina plazan bildutakoek ez zuten jarraitu». Diario Navarra-ren arabera, suziria botatzean Fromm zinegotziak «'iruindarrok, gora San Fermin' tradizionala oihukatu besterik ez zuen egin».

Hala ere, txupinazoa bota baino minutu batzuk lehenago, Iruñeko kartzelan, matxinada bat sortu zen, El Diario Vasco-ren arabera: «Presoek kristalak eta ateak hautsi zituzten, eta su eman koltxoiei». Polizia ugari bildu ziren kartzelara.

Heriotza zigorra, indar gabe

Iruñetik at, garai berezia zen. Uztailaren 6an, El Diario Vasco-k iragarri zuen Espainiako Kongresuak heriotza zigorra indargabetu zuela «jurisdikzio militarrean izan ezik». Dena den, Juan Maria Bandres abokatuak hitzaldi batean esan zuen «Justizia Militarreko kodetik ere» kendu behar zela heriotza zigorra, El Diario Vasco-k jaso zuenez.

Era berean, El Diario Vasco-ren arabera, Juan Jose Etxabe ETAko buruzagi ohia «arriskutik kanpo» zegoen. Egun batzuk lehenago, uztailaren 2an, bere aurka atentatu bat egin zuen eskuin muturreko talde batek, eta Agurtzane Arregi emaztea erail zuten.

Egun haietan, era berean, Kongresuan, konstituzioa negoziatzen ari ziren alderdiak. Egin-en arabera, konstituzioaren lehen eta bigarren artikuluak «hitzartuta» zeuden. Albistearen arabera, EAJk zuzenketak aurkeztu zizkion testuari. «Ez da egia estatuaren existentzia zalantzan jartzen dugula. Guk ez dugu nazionalidade kontzeptua burujabetzarako tranpolin gisa ikusten. Guretzat [Espainiako] batasun hitzak oso esanahi gogorra du», zioen Arzalluzek. Euskadiko Ezkerrako Ortzik plurinazionalidadea aldarrikatu zuen.

Euskal Kontseilu Nagusiaren Kultura Sailak —Oraindik Eusko Jaurlaritza osatu gabe zegoen— Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortzeko proposamenaren berri eman zuen, DVren arabera. Egin-ek uztailaren 6an jakinarazi zuen Luzaiden objektu hegalari susmagarri bat agertu zela: «Zarata handi bat entzun zen, eta herri osoan zabaldu». Luzaideko biztanleak «izututa» zeuden.

Tourrean, uztailaren 6ko DV-ren arabera, Sean Kelly gazte irlandarrak irabazi zuen etapa, eta biharamunean, Freddy Maertensek bigarren garaipena lortu zuen, erorketa handi bat baliatuta. Liderra Knetterman zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.