1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Katarsiaren normaltasuna

Suziria lehertzearekin batera, tentsioaren arrasto gehienak desagertu zirela ematen zuen, eta festa bere dinamikan murgildu zen. Dena den, zantzu batzuk geratu ziren airean.

joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Suziria lehertzearekin batera, sanferminek euren logika eroan murgiltzen dute hiria. Katarsi horretan, zerbait lehertzen da, eta festak aurreko egunetako arrasto gehienak eramaten ditu berekin. Antzeko zerbait gertatu zen 1978an. Labur, honela baieztatu zuen Egin-ek, uztailaren 8ko alean: «Eta, planteamendu hori errepikatzea originala ez bada ere, edizio hau ixterako, Iruñea festa handi bat zen». Egunkariak nabarmendu zuen kanpoko pertsona gutxi zegoela kalean: «Ez dago argi sanferminetan erabat ezohikoa den eguraldi txarraren ondorio den, edo lehen egunean bolo-bolo ibili zen zurrumurru horren ondorio. Baliteke arrisku edo balizko atentatu baten ondorioz falta izatea jendea. Kontua da gaua osorik etxekoentzat geratu zela, eta familia artean egon ziren, hainbat barrakaren inguruan».

Lehen entzierroari izenburu klasikoa eman zion Egin-ek: «Garbia eta azkarra». Ironia ere ez zen falta haren aipuetan. Adibidez, argazki batean, «ausarten artean zezen plazara iristen lehena» nabarmendu zen. Mutiko bat ageri da plazara sartzeko aldapa jaisten, bakar-bakarrik: «Loria desberdin ulertzen dute batzuek eta besteek. Batzuek nahiago dute adar artean korrika egin, eta besteek lehenak iritsi nahi dute».

Pablo Romero ganadutegiko zezenek bi minutu eta 54 segundo behar izan zituzten zezen plazara iristeko. Diario Vasco-ren arabera, «pabloromeroak ondo portatu ziren, eta lehen entzierroa normal joan zen». Egunkariak nabarmendu zuenez, ez zen inor zauritu, eta zezen plazako erizaintzatik entzierro osteko bigantxek eragindako zaurituak izan ziren.

Horixe bera nabarmendu zuen Diario de Navarra-n Armendariz doktoreak: «Denak horrela jarrai dezala. Hori interesatzen zaigu. Entzierroa oso garbia izan da. Medikuon ikuspuntutik, bikaina». Doktoreak etorkizuneko entzierroen arriskua nondik etorriko zen aurreratu zuen jarraian: «Non dago arriskua? Jende gehiegi. Gure mutikoek ongi egiten dute korrika, badakite. Baina ibilbidea bera da, ez da aldatu, eta korrikalarien kopurua handitzen ari dira. Arrisku berri bat da».

Bigantxek zaurituetako bat Jose Ignacio Juanena izan zen: «Zauritu honek 18 urte baino ez ditu, eta bigantxak kolpea jo zion. Anbulantzia iritsi zain ohatila gainean zegoela, izututa zegoen, eta Armendariz doktoreak, plazako medikuen buruak, zapladen bidez animatu zuen, ez kezkatzeko esanez».

Entzierroa korritu aurretik, zurginek kezka zuten ohol nahikorik izango ote zuten: «Azkenean zutoin bat bakarrik falta izan zaigu, eta berehala ordezkatudugu. Atzo eguerdian, oraindik ere bi ohol falta zitzaizkigun, baina gaur goizean bere tokian aurkitu ditugu. Antza, bizilagun batek hartu zituen etxean aldamioa jartzeko, eta atzo itzuli egin zituen», adierazi zuen zurginetako batek, Diario de Navarra-n.

Eguraldi txarra egin arren, jende ugari joan zen prozesiora. Egin-ek zioenez, dantzariek ikurrina zeramaten, eta baten batek ez zuen gustuko: «Emakumeren batek galdetu zuen non zegoen Nafarroako bandera, dantzariek ez baitzeramaten ikurrin handi bat baino».

Diario de Navarra-ren arabera, prozesioan militarrak falta ziren, eta ez zuen gustuko: «Militarrak falta ziren prozesioan, udalean jarraitzen duten bost zinegotziek ez zietelako gonbidapenik helarazi. Horregatik, segizioak aurten bere izaeraren zati bat galdu du, aurretik elizetako gurutzeak galdu egin diren bezala».

Diario Vasco-k zioen uztailaren 6ko gauean liskar bat sortu zela: «Ideologia desberdineko bi pertsona talde kolpeka hasi ziren elkarren artean, haietako bat Espainiako bandera erretzen ahalegindu zelako. Hamabi eta erdiak aldera, zapi gorriak zeramatzaten bi gaztek masta batetik atera zuten Espainiako bandera». Era berean, aurrerago, DVk zioen uztailaren 6ko gauean ezezagun batzuek su armak erakutsi zituztela, eta zentral nuklearren aurkako mezu bat ezabatzen ahalegindu zirela. Gainera, goizeko lauretan Iruñeko Udalean bonba alarma faltsua jaso zuten.

Egin-ek zekarren uztailaren 8an Iñaki Perurena harri jasotzaileak munduko marka berria ezarri nahi zuela, esku bakarrarekin, bost minutuz, 200 kiloko harri zilindrikoarekin ahalik eta altxaldi gehienak eginda.

Diario de Navarra-k zekarren Redingo harresietako eta Ezkabako kanpalekuak gainezka zeudela. Ibaiertzak eta zelaiak «inbaditzen zituen» jendea toki batean biltzeko asmoz egokitu zuen Iruñeko Udalak Redingo gunea. Erabiltzaileak kexu ziren zaindaririk ez zegoelako, eta egunkariak zioen «istilu iturri» izan zitekeela. Erabiltzaileek zioten «garestiak» zirela bi kanpalekuak.

Lapurreta Arrasaten

Sanferminetatik at, Diario Vasco-k zekarren Arrasaten (Gipuzkoa) Laboral Kutxaren bulego batean 14,2 milioi pezeta eraman zituztela lapur batzuek. Agurtzane Arregiren hileta elizkizunak egin ziren herri berean. Uztailaren 2an, Donibane Lohizunen (Lapurdi) eskuin muturreko talde batek atentatua egin zuen Juan Jose Etxabe etakidearen aurka; hura bizirik atera zen, baina Arregi emaztea hil zuten. Hiletaren ostean, 7.000 lagunek manifestazioa egin zuten.

Martina Navratilovak irabazi zion Winbledongo finala Chris Everti. Uztailaren 8an, berriz, Bjon Borgek eta Jimmy Connorsek jokatuko zuten gizonezkoen finala. Borgek irabaziko zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.