Literatura. 'Etxeak eta hilobiak'

Bideak eta uberak

Idazlea: Bernardo Atxaga. Argitaletxea: Pamiela.

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Bernardo Atxagaren azken nobela aztertzeko garaian, tentazio ia saihetsezina da banan-banan erreparatzea liburua osatzen duten sei atalei, hain baitira meheak (eta ahulak, argudia lezake inork) atal bakoitza besteekin lotzen duten hariak. Komeni da, baina, ez erortzea harioi tenk egiteko tentazioan, eta kontsideratzea zer eratan aurkeztu diren kontakizun ia independenteok liburu bakarrean; are, nobela bakarrean. Beste ezer baino lehen, Atxagaren azken nobelak auzitan jartzen du nobela bera genero gisa, egileak lehendik ere egina duen bezala; eleberria osatzen duten atalen batura baino zerbait gehiago du atzean Etxeak eta hilobiak honek.

Sei atalotan, errepikatzen zaizkigu pertsonaiak eta erreferentziak, eta zeharka aipatzen beste ataletako gertakariak; horrekin, nobela unibertso koherente baten barruan iradokitzen zaio irakurleari. Unibertso hori, baina, edo behintzat unibertso hori eratzen duen iruditeria, aski ezaguna egingo zaio Atxagaren irakurleari: soinujoleak eta animalia pertsonifikatuak, basurdeak eta ehiztariak, boxeolariak eta nekazari-herrixkak, baita AEBak ere, beti han, urrutian. Pertsonaiak ere ia irudi poetiko gisa daude taxutuak, eta haiengan bermatzen da nobela nabarmen; ez haien azterketa psikologiko zorrotzean, ezpada irudi gisa, eta haien inguruan egituraturiko gertakarien bitartez. Horren adibide dugu Elias, nobelaren incipit izan omen zen pertsonaia, Frantziara ikastera joan eta mutu itzulitako umea.

Egileak hain berezko duen iruditeria horrek nobela hau aurreko bere obraren oihartzunean ezartzen du ezinbestean, eta bere girotze propio eta ezagunean sakontzen, poetikotasun hori bide berrietan bilatu ordez. Hautu zilegia da, noski, eremu poetiko berririk esploratu ez eta aurretik markatutako uberari eustea, baina orobat da zilegi, nik uste, ausardia-falta egoztea nahikoa berdindua dagoen bide bat areago urratzen tematzeari.

Izan ere, girotze poetiko hori zamatua dago oso, eta poetikotasuna eta betelana lehian bezala garatzen dira, nor gailenduko. Halatan, une jakin bateko distira liriko zoragarri bat aise saturatzen zaigu, eta betelan bihurtzen (alderantziz ere gertatzen da, poetikotasuna ezarian ernetzea irudiak errepikatze hutsez).

Eta ulertzekoa ere bada orriak hain aise betetze hori, akaso baita barkagarria ere, zeren girotze gorabeheratsu horren kontrakarrean baitatoz Atxagaren teknika literario zaildua eta narraziorako abilezia. Kasurako, aipatzeko modukoa da nola batzuetan kontakizuna hainbat planotan zatitzen duen, eta zein ederki orekatzen dituen, erritmo narratibo ezinago neurtu batekin (ikus, adibidez, hirugarren eta laugarren parteak). Istorio jakin baten muina oso ezkutuan aurkitzen dugu maiz, hainbat geruzaren azpian, eta tramaren ebazpenetik bereizita: Eliasen mututasuna, adibidez, flashback bidez ulertzen dugu, eta, trama oraindik aurrera doan arren (eszena bereizi eta eder batekin amaitzen da), bukaerarako ohartzen gara istorioaren ebazpena ez datorrela bat tramaren ebazpenarekin. Sobera dakigu Atxaga kontalari aparta dela.

Beraz, nobela gorabeheratsua baina ona, edo alderantziz, ona baina gorabeheratsua, nork begiratzen dion. Nolanahi den, kontuan izanda euskaraz argitaratu eta ziur erdaratuko diren liburu bakanetako bat dela, pozik egotekoa da, esportatzen dugu-eta ale okerragorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.