Albistea entzun

Hondakinen kudeaketa. Zabalgarbi

Dioxina kutsadura hirukoiztu egin da urte batean Zabalgarbi inguruan

Ikertzaileek laginak hartutako zortzi lekuetatik batean gertatu da hazkunde handia. Inguruan Artigas zabortegia ere badenez, zientzialariek diote ezin dela jakin zein den poluzioaren iturburua
Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko ekainak 24

Ez da kontu berria. Baina datuek koxka bat gora eraman dute egoeraren larritasuna. Izan ere, azken datuei erreparatuta, Zabalgarbi Bizkaiko errauste plantaren inguruko lurretako dioxina, furano eta metal astunen kutsadurak prebentzio neurri harrarazi eta «azterketa zehatzagoak» eginarazi beharko lizkioke administrazioari, zientzialariek ohartarazi dutenez. Tecnaliak Zabalgarbirentzat egindako 2020ko eta 2021eko lau txostenek zenbait gunetako dioxina, furano eta metal astunen poluzioa jarri dute agerian, beste behin ere. Bereziki kezkatzekoa da 2021eko bigarren txostenean gertatutakoa. Izan ere, ikertutako zortzi guneetako batean —zortzigarrenean— hirukoiztu egin zen sei hilabete lehenagoko ikerketan topatutako dioxina eta furano kutsadura: 8,9 pikogramo baliokidetik (pg-EQT) 25era igo zen poluzioa, urtarriletik uztailerako tartean.

Zortzigarren eremu hori plantatik hego-mendebaldean dago, kilometro eskas batera. Artigasko zabortegia ere inguruan dago. Halaber, txostenaren egileek azaldu dutenez, Cadaguako saihesbideko lanetako lur mugimenduak gertatu dira inguru horretan, eta horrek ere eragina izan dezake hango kutsaduran.

Aurreko txostenetan ere agerian geratu izan da inguru horretako lurreko dioxina kutsadura, eta baita lehen gunean ere (Kobeta parkea). Hain zuzen ere, bi toki horietan gainditu zen Alemaniako legediak erabilera orotarako egokitzat jotzen duen lurren kutsadura muga, 2020. urteko lehen txostenean. Urte horretako bigarren txostenean, berriz, bakarrik zortzigarren gunean gainditu zen 5 pikogramo baliokideko (pg-EQT) maila hori, baina kutsadura kantitatea bikoiztu egin zen ia.

Abel Arkenbout ToxicoWatch erakundeko toxikologo eta dioxinei buruzko ikertzaile herbeheretarrak «alarma pizteko modukotzat» jo du dioxina eta furano kontzentrazioaren igoera handia, 2021eko bigarren txostenak jaso duenez. Edonola ere, aitortu du dauden datuekin bakarrik ezin dela jakin zein den igoera horren jatorria, erraustegia bera, Artigasko zabortegia edo besteren bat. Hori argitzeko ikerketa zehatzagoen beharra dagoela aipatu du toxikologoak.

Berez, animalien bazkarako modukotzat jotzen du Alemaniako legediak 5 eta 40 pikogramo arteko lurreko kutsadura, baina administrazioari aholkatzen dio, 5eko langa gaindituz gero, elikagaien inguruko toxikotasunari buruzko ikerketak egiteko, kontsumitzeko modukoak direla bermatzeko. Bizkaian, baina, inork ez du halako neurketarik egiten. Espainiako legediak ere ez du aurreikusten azterketa horren beharrik.

Zabalgarbin ez bezala, Zubietan (Gipuzkoa) ari dira ikertzen erraustegiaren inguruko etxaldeetako arrautz eta elikagaiak. Errausketaren Aurkako Mugimenduaren ekimenez, Arkenbout kide den ToxicoWatch erakundeko ikertzaileak ari dira horretan. Oraingoz, lehen urteetako datuak baino ez daude, eta laginak pilatu ahala konparatu ahal izango dituzte. Erraustegia martxan jarri aurretik hartu zituzten lehen laginak Zubietan, eta horrek interes berezia piztu die zientzialariei, kasu bakana baita Europan aukera hori eduki dutena; hots, labeak piztu aurretik eta ondoren gertatu diren aldaketak konparatzekoa. Aurten, Biodonostia ere hasi da ikerketak egiten, GHK-k eskatuta.

Dioxinen arriskua

Alemaniako Gobernuarentzat lan egiten duen toxikologo batek eta beste aditu batzuek egindako 2018ko azterlan batek (Kutsadura iturrietatik gertuko arrautzetan aurkitutako PCDD/F, PBDD/F eta PCB maila handiek erakusten dute lurzoruei buruzko arauak berrikusteko beharra) araudi eta muga zorrotzagoak eskatu zituen dioxina kutsadurari aurre egiteko. Ikerketa horien arabera, gramo bakoitzeko 5 pg-EQT-ko kutsadura gainditzen duten lurzoruetan ibiltzen diren oiloen arrautza guztiak «pozoituta» egongo dira, eta «guztiz arriskutsuak» dira kontsumitzeko. Azterlan horretan Txinako eta Alemaniako bi enpresa kutsatzailetik gertuko etxaldeetako arrautzak aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten lotura zuzena dagoela lurzoru horretan ibiltzen diren oiloen arrautzetako toxikotasunaren eta lurreko kutsaduraren artean. Hala diote azterlaneko paragrafo batean: «Lurzorutik oiloaren arrautzarakoa da, segur aski, PCB (bifenilo polikloratua) eta PCDD/F-etarako (dioxinak) lurretik gizakiarengana iristeko esposiziorik sentikorrena». Adituen arabera, gobernuek handitu egin beharko lituzkete ikerketak, eta zorroztu kutsatuta egon daitezkeen elikagaiak jateko baldintzak. «Arrautza kutsatuak jaten dituzten pertsonek, eta bereziki umeek, esposizio handiak izan ditzakete, eta erraz gainditu ditzakete osasun irizpideak».

Metal astunak ere, pilatzen

Metal astunei dagokienez ere, gero eta handiagoa da lurren eta landareen kutsadura. Azken lau ikerketatan (2020ko bitan eta 2021eko bitan) antzeko datuak irten dira, portzentajeei dagokienez. Azkenekoan, 2021eko uztailean egindakoan, lurreko analisien %18tan eta landareetakoen %30,5etan planta martxan jarri aurreko kutsadura kontzentrazioak gainditu ziren. Hau da, agerikoa da Zabalgarbi jarri aurretik baino nabarmen kutsatuago dagoela errauste plantaren inguruko lur eremua.

Tecnaliak Zabalgarbirentzat egindako ikerketak, baina, azpimarratu du ezin dela jakin kutsadura hori erraustegiaren jarduerari egotz dakiokeen. «Kanpaina honetako balioak jarduera aurreko faseko hondoko balioekin alderatuta, kutsadura iturri potentzial batzuk (Zabalgarbi eta jarduera fasean sortutako beste iturri posible batzuk) hartzen dira kontuan, eta ezin da zehaztu zenbatekoa den horietako bakoitzaren eragina».

Edonola ere, nahikoa da begiratzea landareetan nola handitu den metal astun kutsagarri batzuen kontzentrazioa. Artsenikoak eta kobreak, esaterako, gune guztietan gainditu dute planta martxan jarri aurretik atzemandako gehieneko kontzentrazioa. Kasu askotan, hirukoiztu eta laukoiztu ere egin da landareen artseniko eta kobre kopurua. Manganeso kontzentrazioan lau gunetan gainditu dira kutsadura maila horiek. Lehen eta zortzigarren guneetan bikoiztu egin da, eta zazpigarrenean, boskoiztu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibai Segurola kapitaina, Inma Landa jeneral ohia, Tina Gasmi kantinera, Patxi Perez alardeko juntako kidea eta Maite Bergara jenerala, lehengo astean, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Alarde parekidea berriz antolatu dute udalaren erantzunik jaso gabe

Arantxa Iraola

Antolaketa bere gain har dezala eskatu zioten orain hilabete batzuk Irungo Udalari; ez du erantzun. Instituzioaren esku hartzea ezinbesteko urratsa dela gogorarazi dute hautu parekidearen aldekoek

<b>Epaiketa.</b> Martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean epaitu zuten Cabezudo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko espetxe zigorra jarri diote

Jon O. Urain

Frogatutzat jo dute hamar delitu egin izana; akusazioek leporatutako 217 delitu ez ditu aintzat hartu epaimahaiak. Akusazio partikularrak helegitea jartzeko asmoa azaldu du

Maialen Sobrino hizlaria, atzo, Donostiako Miramar jauregian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Euskara saretzeko eta sareak euskaratzeko

Julen Aperribai

Hizkuntza gutxitua duten komunitateekin loturak sendotu beharra azpimarratu du Maialen Sobrinok, euskararen aktibazio soziala hizpide hartuta. Gorka Julio ziberaktibismo estrategiez aritu da

Eraso homofoboen aurkako manifestazio bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Genero autodeterminazioa ardatz duen lege proiektua onartu du Madrilek

Edurne Begiristain

Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legea onetsi du. 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...