Koronabirusa

Moderna botika etxearen txertoari oniritzia eman dio Europako Batzordeak

Europako Botika Agentziak ere ontzat jo du txertoa. Von der Leyenek esan du Europako Batasunerako 2.000 milioi dosi ziurtatu dituztela

Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Moderna botika etxearen txertoari onespena eman dio Europako Batzordeak. Atzo bertan, EMA Europako Botika Agentziak eman zion baiezkoa, eta Europako Batzordeak azken urratsa egitea falta zen merkaturatzeko. EMAren ebazpena jaso eta ordu gutxira heldu zen hori. Ursula von der Leyen batzordeko presidenteak eman zuen berria;esan zuen Modernaren txertoa onartu dutela, Europako Batasunak onartutako bigarrena dela eta EBko herrialdeentzako ziurtatuak dituztela 2.000 milioi dosi.

Ohar batean, batzordeak esan du estatu kide guztiei egin diela kontsulta txertoari «baimen komertzial gehigarria» eman aurretik. Lizentzia hori emateko, ohikoak baino datu gutxiago eskatzen ditu batzordeak, «botika bat berehala izatearen abantailak nabarmen gainditzen badu informazio guztia eskuragarri ez izatearen arriskua». Von der Leyenen iragarpenaren aurretik, EMAk adierazi zuen COVID-19aren aurka Modernak garatutako txertoa «segurua eta eraginkorra» dela.

Moderna txertoaren azterketa atzo bertan amaitu zuen giza sendagaien batzordeak (CHMP), modu positiboan. Txertoaren ekoizpen prozesuak, kalitateak, osagaiek eta entsegu klinikoan jasotako datuek emaitza positiboak izan dituztela nabarmendu du batzordeak. Europan onartzen den bigarren txertoa da Modernarena. Izan ere, abenduaren 21ean Pfizer-BioNTech botika etxeen txertoari oniritzia eman zion.

Txertoa birusari aurre egiteko «tresna berri» bat dela azaldu du Emer Cooke EMAko arduradunak. «Osasunaren Mundu Erakundeak izurria deklaratu zuenetik urtebete baino gutxiago igaro den honetan, bigarren txerto bat izateak argi utzi du ahalegin handia egin dugula eta konpromiso garrantzitsuak hartu ditugula guztiok».

18 urtetik gorako pertsonentzat da «segurua eta eraginkorra» txertoa, EMAk dioenez. Entsegu klinikoak 18 eta 94 urte bitarteko 30.000 pertsonarekin egin dituzte, eta ondorioztatu dute sintomak dituztenen kasuan %94,1eko eraginkortasuna izan duela. Halaber, arrisku taldean daudenen artean %90,9ko eraginkortasuna izan duela ondorioztatu dute ikerketa horietan; biriketako gaitz kronikoak, bihotzeko gaixotasunak, gizentasuna, eritasun hepatikoak, diabetesa edo GIB birusa dutenen artean egin dituzte entseguak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.