Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Fisioterapiaren indarra

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Geure buruetan irudikatzen dugun ZIUetan, edota albistegietako ospitaleko irudietan, gehienetan, ez daude presente oso garrantzizkoak diren osasun langile batzuk: fisioterapeutak. Geure errealitate hurbilean, oro har, sistema muskulu eskeletikoaren zaintzarekin —lesioak, eskuohea, kirolariak, etabar— erlazionatzen ditugu, baina, aldi berean, oso funtsezkoak dira geure osasun sistemetan kalitatezko arreta bat bermatzeko.

Hala adierazten du biomedikuntzan doktore eta Deustuko Unibertsitateko Fisioterapia graduko dekanordea den Ane Arbillagak (Pasai Donibane, 1986). COVID-19aren harira. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargotik ZIUan dauden gaixo larriei erreparatu nahi izan dio, gaixoen ZIUko egonaldiak murrizteko fisioterapia oso lagungarria dela azpimarratuz.

Testuinguru asistentzial horretan, bi ataletan jarduten dira: fisioterapia motorea eta arnas fisioterapia. Lehenari dagokionez, pazienteen mugikortasuna eta aktibotasuna ahalik eta bizkorren berreskuratzeko eta etorkizuneko irmotasunak ekiditeko, gorputzeko artikulazio guztietan mobilizazioak gauzatzen dituzte, gerta daitezkeen hamaika konplikazio ekiditeko. Hobekuntza eta egonkortasun klinikoarekin batera, progresiboki, gorputz adar eta arnasketako muskulatura aktibatzen hasten dira, mugikortasuna ahalik eta azkarren errekuperatzeko. Ostera, gaixoak etxeratzen direnean, errehabilitazio lan handia egitea dagokie, kalte fisikoak oso handiak baitira.

Atal motoreari arnas fisioterapia gehitzen zaio. Gaixoaren egonkortasunak ahalbidetuta, mediku intentsibista eta pneumologoekin lan estua eginez, arnasgailuen kudeaketarekin jarduten dira, eta aireztapenaren kurbak, presioak eta bolumenak aldatuz, sekrezioen irtenbide azkar edo hobeago bat, eta arnasteko aireztapen balore optimoak bilatzen dituzte, besteak beste. Atal horretan, gaixoaren toraxean zentratzen dira, birikak, arnasbideak, sekrezioak, arnasteko muskulatura etabar lantzeko.

Fisioterapeuten lanean oso garrantzizkoak diren uneak suertatzen dira. Ebidentziak argi egiten du euren alde: era goiztiar batean aplikatuz gero, gaixoen ospitaleko egonaldiak laburtzeaz gain, luzera begira errekuperazioa hobetzeko lagungarria da.

Errealitate asistentziala, ordea, ez dator bat ebidentziaren indarrarekin. Geure inguru hurbileko erietxeetan oso gutxi dira ZIUan topatuko ditugun fisioterapeutak. Gainera, astelehenetik ostiralera lan egiten dute soilik, hau da, 24 orduko arretarik emateko edota asteburuetan gaixoei behar duten jarraipena eskaintzeko aukerarik gabe. Erizainak eta medikuak ikusten ditugu asteburuetan eta 24 orduz, baina eurak, zergatik ez?

Ebidentzian oinarritutako datuei erreparatuz, fisioterapeuten lanak etengabekoa izan beharko lukeela adierazten du Arbillagak, Frantzia, Erresuma Batua, Txile, Argentina, Australian... egiten den moduan.

Dena hankaz gora gelditu zaigun honetan, berrantolatzen hasterako, ezinbestekotzat hartu beharko genituzke profesional horiek geure osasungintzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.