Korridore humanitario seguruak ezartzeko eskatu du Irungo Harrera Sareak

Asteazkenean Bidasoan aurkitutako gorpua aberriratzeko laguntza eskatu du plataformak, baita mugako «kontrol arrazistak» kentzeko ere

Atzo Irunen egindako elkarretaratzea. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Bidasoa izenik gabekoen ibaia izan ez dadin», elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Irungo (Gipuzkoa) San Juan plazan. Asteazkenean ibaian gorpu bat aurkitu izanak bultzatu du Irungo Harrera Sarea kalera ateratzera: «Heriotza hau ez delako ustekabekoa».

Guardia Zibilak ez du jakinarazi norena den gorpua, baina Irungo Harrera Sareak argi du: duela hiru aste desagertutako Ibrahima Diallo senegaldarrarena da. Hala, plataformak adierazi du heriotza eragotzi zitekeela: «Denbora luze daramagu ohartarazten horrelako drama bat gertatuko zela». Hala, beharrezko neurriak hartzeko eskatu diete Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei; hau da, korridore humanitarioak eta bide seguruak ezartzeko «denentzat». Izan ere, muga igaro nahian hil den zortzigarren migratzailea da.

Plataformaren arabera, erakundeek «azkartasuna» erakutsi dute errefuxiatuentzako baliabideak jartzeko garaian, eta jarduteko modu horri «eusteko» eskatu die, Ukrainatik zein Afrikatik iristen direnentzako «harrera duina» bermatzeko. Era berean, Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko «kontrol arrazistak» etetea beharrezkotzat jo du plataformak, «bide ez-seguruak hartzeko arrazoi nagusietako bat» direlakoan.

Harrera Sareak gogoratu du laster urtebete beteko dela «migrazioaren aurkako politikek eragindako» lehen heriotzatik. Tessfiten heriotza izan zen. Gazteak bere buruaz beste egin zuen, muga gurutzatu ezin zuela eta. «Orduan, argi azaldu genuen ez genuela mamu bilakatzen utziko inor», adierazi zuen plataformak, eta gehitu zuen ezen, Bidasoa «igerian gurutzatzeko ideiak bere horretan jarraitzen duen bitartean», ibaian hildakoen senideen eta lagunen eskubideen defentsan jardungo dutela. Horregatik, Dialloren gorpua aberriratzeko laguntza eskatu die erakunde publikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.