Albistea entzun

Deslokalizazioen sindrome soziala

Patxi Zabaleta - Abokatua

2020ko irailak 10

Nafarroako Auñamendi aldean, eta gizarte osoan ere, halako porrot edo galdu izanaren ustea nagusitu da, multinazionalen deslokalizazioak direla eta. Gure jendarteari iruditzen zaio Siemens-Gamesa berearekin atera dela; eta gainera, merke gertatu zaiola. Are okerrago; gero eta zabalduagoa dago jendartean multinazionalek beti nahi dutena egiten duten ustea eta beti beren onurak eta xedeak lortu egiten dituzten iritzia. Jendarteak menderatuta eta zapalduta gelditu den susmoa dauka bere baitan errotuta; benetako sindrome sozial bat.

Siemens-Gamesaren deslokalizazioa arbuiatzeko erabili ziren argudio eta esloganetan Nafarroako Pirinio edo Auñamendi guztia zeharo txirotuta eta pobre geldituko zela argudiatzen zen. Baina enpresak lortu zuen «negoziaketa» lan-harreman zuzena zeukaten langileekiko gora-beherara mugatzea; eta arlo soil horretan, eztabaida irabazteko egoeran zegoen eta hala gertatu zen. Egiazki, Nafarroako gizarteak ELA eta LAB sindikatuei beren jarrerari behin berriro eutsi izana eskertu beharra dauka. Baina erronka hau ez da hemen bukatzen.

Ez genuke ahaztu beharko Nafarroa aitzindaria izan zela energia berriztagarri eta alternatiboak abian jartzeko ahaleginetan; bereziki energia eolikoaren arloan. Nafarroako enpresa publiko bat izan zen, Energía Hidro-eléctrica de Navarra (EHN), gaur egungo parametroetako parke eoliko modernoak abian jartzen hasi zena, nahiz Danimarkako patente baten bidez. Zoritxarrez, ordea, UPNren gobernu batek saldu egin zuen enpresa hura nafar guztion kaltetan. Nafarroak ez zituen bere esku mantendu, ezta bertako lurraldean zeuden parkeak edo/eta ekoizpen egiturak ere, nahiz hori guztia egingarria zen eta Parlamentuan oposizioak askotan eskatu izan zuen.

Izan ere, badira nazioartean bestela jokatzeko ereduak; adibidez, hain gertutik ukitzen gaituen Volkswagen enpresaren kasua, bere jatorrizko herrialdearen erakundeek, Wolfburg-koek alegia, jabetzaren partaidetza erabakigarria mantentzen baitute.

EHN saldu ondoren barregarrikeria hutsean gelditu ziren, ustelkeriaz kutsaturik ez bada, Acciona enpresako zuzendaritzan hurbileko pertsonaren bat sartu izana edo iraupen laburreko iker-guneak eraikita azaldutako harropuzkeriak. Aldiz, Nafarroak bere eskutan mantendu izan balitu Nafarroako EHNren parkeak eta ekoizpen egiturak eta soilik kanpokoak saldu, gaur egun oraindik ahotsa, entzungarritasuna eta autoritatea edukiko luke nazioarteko energia berriztagarrien arloan. Eta gainera, buka ezineko diru-sarrerak.

Nola ahalbidetu ote zen orain bi hamarkada energia berriztagarrien arlo hain garrantzitsuaren ekoizpenean Nafarroa munduko aitzindari bilakatzea? Nola gertatu zen fenomeno hura ikerketa eta ekoizpen egitura aurreraturik izan gabe? Nola gertatu zen aurrerakada hura orduko egoeraren jaun eta jabe ziren CAN kutxa eta UN unibertsitatea protagonistak izan gabe? Gai honek artikulu bat, monografia bat edo doktoradutzako tesi bat baino askoz gehiago merezi du; hor uzten dugu hori.

Ezin da ahaztu bazter guztietako sasi-jakintsuek, tertuliakideek eta aprobetxategiek energia atomikoaren ezinbestekotasunaz pontifikatzen zuten garaiaz ari garela. Berdindu eta elkartu egiten ziren energia nuklearra eta aurrerapena, eta aurka agertzen ziren guztiak txarretsi eta kondenatu. EHNko egiazko anima mater izandako Esteban Morrás jaunak kontatu zidan garai hartan haize indarraren ikerkuntzaz edo erabileraz berriak bilatzen saiatzeko Iberdrolaren bibliotekara jo zuela; baina han liburu bat besterik ez omen zegoen, Artajerjes enperadorearen aipamenetik hasi eta La Manchako haize errotekin bukatzen zena; anekdota bilduma baizik ez.

Garai haietan beretan Aoiz-Agoitz bezalako herriei promesa puztu eta faltsuak egin zitzaizkien. Izan ere, Itoizko urtegia justifikatzeko edozerk zilegia zirudien, baita atzerakako eragina zeukan legea onartzeko ustelkeria bera ere. Promesa haiek guztiak ezer ezean gelditu dira.

Halere, ez da deslokalizazioekin etsi behar; lehia hori izanen da etorkizuneko borroka iraunkor bat. Munduan diren, izan diren eta izango diren Siemens-Gamesa guztien erabaki gune nagusietara iritsi behar da eta beren jokaldi espekulatiboek luzarora irabazpenak beharrean galpenak ekarriko dizkien mezua helarazi behar zaie. Bestalde ez da aski lehen emandako diru-laguntzen itzulpena eskatzearekin, Chivitek egin duen bezala; hipoteka bitartez bermatu behar dira diru-laguntzak. Eta inolako gupidarik gabe aldatu behar da arrazoi publikoengatik eskuratu eta inkautatzeko legedia.

Nafarroak lurralde oreka behar du; Erriberan eta Mendialdean bizimodu duinak izatea ahalbidetu beharra dauka. Eta horretarako, XXI. mendeko bigarren herenari so, gainditu egin behar du deslokalizioen aurrean menderatu izan deneko uste edo sentsazioa; gainditu egin behar du deslokalizaioen sindrome soziala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.