Pintxo-pote garaia

Gorka Espiau eta Itziar Moreno
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Erronka global handiek konponbiderik ez dutela ematen du gaur egun. Adituek muturreko indibidualismo batera garamatzan larritasun egoera orokorraz hitz egiten dute. Arazoak hain handiak eta konplexuak direnez (larrialdi klimatikoa, biztanleriaren zahartzea, robotizazioaren eragina eta desberdintasun handiak, besteak beste), uste dugu ez dagoela zer eginik, eta gure ingurune hurbilenean ahalik eta ondoena bizitzea beste ardurarik ez dugu hartu nahi. Greba orokorra bezalako mobilizazio sozial handiak izan arren, pintxo-potearen garaia da.

Etsipen horren atzean mundua ikusteko dugun modua ezkutatzen da. Espainiako Gobernuko unibertsitate-ministroa den Manuel Castellsek azaldu duenez, ekonomia kultura da. Eta mundua ikusteko gure moduak inguruko egitura sozial, politiko eta ekonomikoak baldintzatzen ditu. Horregatik, aldaketa sistemiko bat ezinezkoa dela pentsatzen badugu, errealitatea ulertzeko modu horrekin bat datozen erabakiak hartuko ditugu. Hori dela eta, Amazon, Google edo Uber bezalako enpresa global handien monopolioa eta abusua kritikatzen dugu, baina, aldi berean, ez dugu uste desberdintasunari aurre egiteko alternatiba errealik dagoenik.

Hala ere, duela 40 urte, industria astunaren kolapso-egoeran, indarkeria egoera baten testuinguruan, euskal gizarteak egiturazko aldaketa bat egitea posible zela sinistu zuen. Beste industria-gizarte askok zituzten antzeko erronken aurrean, euskal gizarteak erantzun guztiz desberdinak eman zituen. Hala nola manufaktura aurreratuaren (Espainiako eta Europako erakunde nagusiek baztertzen zutena), ekonomia sozialaren (Mondragon esperientzia), oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko lege baten onarpenaren (oinarrizko errentaren oso antzekoa) eta euskararen berreskuratzearen aldeko apustuaren unea izan zen, eraldaketaren beste adierazpen askoren artean.

Aldaketa posiblea zela irudikatu zuen gure gizarteak, eta antzeko beste edozein testuingurutan ematen ez ziren gako batzuetan gauzatu zuen eraldaketa. Gurean inolako garrantzirik ematen ez diogun gertaera historiko berezi hori da, hain zuzen ere, Thomas Piketty eta Mariana Mazzucato bezalako pentsalariengan eta Europar Batasunarengan, OECDrengan eta NBGPengan euskal esperientziak piztu duen interesaren zergatia.

Funtsezko galdera hauxe da: pentsatzen al dugu azken hamarkada horietan bizi izandako aldaketa sakona gaur egun ere posible dela? Hau da, gure industria-oinarria ekonomia zirkular eta karbono gutxiko ekonomia bihurtzea ahalbidetuko duen eraldaketa, politika publikoak biztanleria geroz eta zahartuagoari erantzuteko berrasmatuko dituena, edota herritarren artean gero eta sakonagoak diren desberdintasunak murrizteko balioko duen eraldaketa. Eraldaketa hori posible egiteko, azken finean, egun dugun anbizio-kolektibo ahalmena handitzea da gakoa, iraganean egin genuen bezala, erronka globalei berezko erantzuna emateko.

Ausartuko al gara euskal ekonomia osoa zirkularra bilakatzen Eslovenia egiten ari den bezala? Hori diogunean, ez gara ari ekonomia zirkularreko proiektuak bultzatzeaz, lankidetza-misio bat diseinatzeaz baizik (Europako Batzordeak iradoki duenez), gure ekonomia guztia sistema zirkular batean eraldatzeko. Uste al dugu posible dela eskala luzeko euskal kooperatibak sortzea, Uber, AirBeB eta Deliveroo bezalako plataforma ereduekin lehiatzeko? Zerbitzu-hornitzaileak agregatzaile digital horien jabeak diren eredu alternatiboak Euskal Herrira begira daude, eskala handiko plataforma kooperatiboak eraiki diren leku bakarra baikara. Uste al dugu egungo diru-sarrerak bermatzeko errenta eredu esperimental berrietara alda daitekeela, Thomas Pikettyk proposatu bezala, gazteek beren karreren hasieran kapital publikoa eskuratzeko aukera izan dezaten?

Bide horren aldeko apustu egiteak aukera emango liguke Euskal Herria munduko Giza Garapen Iraunkorraren esperimentazio masiboko laborategi gisa kokatzeko: erronka global horiei aurre egiteko ezagutzarik aurreratuena erakarri eta gure erantzun propioa eraiki ahal dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.