KRITIKA. Zinema
Boterearen krudelaz

'The Favourite'
Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Aktoreak: Olivia Colman, Emma Stone, Rachel Weisz, Nicholas Hoult, Joe Alwyn, James Smith, Mark Gatiss, Jenny Rainsford. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 121 minutu.Gerra eta ekonomia, ekonomia eta gerra. Bi bandotan daude banatuta gizonezkoak: batzuek gerra egin nahi dute, beste batzuek beren interes ekonomikoak babestu nahi dituzte. Diferenteak ustez, baina igualak finean. Ileordearen kolorea da desberdin duten ia bakarra; gainerakoan, zaila da haien arteko alde nabarmenik antzematea.
Handiusteak, harroputzak, azken hitza haiena dela konbentzituta daude. Erreginaren baimenaren beharra bai, baina erabakimena beren eskuetan dagoela sinetsita daude. Betidanik boterea izatera ohituta daude, eta ustez ez dute batere motiborik pentsatzeko zerbait aldatu denik. Horregatik, umeen antzera jolasean segituko dute.
Itsu daude, baina. Gizon txotxongiloek iraultzaren etorrerarekin izutu nahiko dute erregina, baina iraultza haien artean gertatu da, eta, ohi bezala, ez dira jabetu.
Gerra eta ekonomia, ekonomia eta gerra, beste jokaleku batean dago. Gerra handiak zein gerra txikiak emakumezkoen gauza dira jada, haiena da barne borroka gupidagabea kontrola nork eskuratuko duen erabakitzeko. Eta kontu ekonomikoen ardura, zer esanik ez.
Umore zorrotzez, musika bikainaz, interpretazio apartez eta estetika dotorez, zentzumenentzako erabateko plazera da The Favourite, baina ez da horretan gelditzen haren ekarpena. Gisako pelikulek eskaini ohi duten rol aldaketari buelta emanda, munta handiko aferei heldu die itxura klasikoz mozorrotuta dagoen istorio guztiz garaikideak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.