Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala
Mututasun gorria
'Sutemose / In The Dusk'
Zuzendaria: Sarunas Bartas. Aktoreak: Arvydas Dapsys, Marius Povilas Elijas Martinenko, Alina Zaliukait?-Ramanauskiene, Salvijus Trepulis, Valdas Virgailis, Rytis Saladzius, Saulius Sestavickas. Herrialdea: Lituania-Frantzia-Txekiar Errepublika-Serbia-Portugal-Letonia. Iraupena: 128 minutu.
Negu gorria da Lituanian. Elurra mara-mara, baserriak, basabereak, baso zarbatsuak, erreka jariotsuaren soinua. Besterik ez. Ez da ezer gehiago.
1940ko hamarkadaren amaiera da, partisanoak mendian babestu dira, eta sobietek herrialdea okupatu dute. Aberastasuna banatuko dutela diote. Pobrezia amaituko da, hori diote sobietek. Bitartean, etxeak miatu, jendea atxilotu eta galdekatu egiten dute. Hotz egiten du Lituanian neguan.
Bartasek ohikoa duen estiloa landu du lan honetan ere. Elkarrizketa gutxi edo ia batere ez, laztasuna giroan, eta pertsonaia tenkatuak, eutsiak, ia hautsiak, apurtzeko zorian den errealitatean.
Hau guztia artelana den argazki ezin hobearekin jasoa. Filmak ezer onik badu hori da, argazkia. Argi-ilun perfektuak, konposaketa piktorikoak, esku hondatu eta zikinen trazua, bizitzaren ondorioak aurpegietan, eraikinetan, herrialde osoaren intimitatea irudi lanbrotuetan.
Filmak Unte du protagonista. Aitaordearekin bizi da familia arkitektura korapilatsuan, dirudienez herrialdearen historia bezalakoa dena, behin ere orbaintzen ez den historia.
Pelikulak estatikoki azaltzen du istorioa, mantso, presarik gabe. Ez du ia soinu bandarik, hasieran eta bukaeran izan ezik. Bitartean dena gertatuko da, eta ezer ere ez.
Film interesgarria da, teatralizatuegia agian; geldoegia eta luzeegia ere suerta daiteke. Estilo berezia du zuzendariak, eta nabaria da, baina ez da publiko orok gozatuko duen pelikula mota. Interesgarria eta ederra izanda ere, astunegia suerta daiteke. Azaltzen duena azaltzeko bi ordu hartzen baititu, urdaila prest izan behar da tamaina honetako kontenplazio ariketan murgiltzeko. Kafe termo bat alboan izatea ere gomendagarria da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.