Oihana Bartra.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Finala. ANALISIA

Toma, Onin!

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Aupa, ekipo! Ederra egin zenuten. Maila antzekoko zortzi bertsolari, zortzi bertsolari on zeundeten oholtza gainean. Txapela zuetako edozeinek jantzi ahal zuela zioten ingurukoek. Zorteak ere jokatuko zuela. Ze gai, ze rol, ze bertsokide… Goia jotzea lortu edo txispa ateratzen asmatzen zuenak jantziko zuen txapela. Edo saioari psikologikoki ondoen eusten zionak.

Eta hori zu izan zinen, Onin. Olatu bat bezala hasi eta tsunamian amaitu. Saio borobila egin zenuen. Karaokean imajinatu zintugun, senarrarekin nola mozten zenuen irudikatu eta preso zegoen zure amarekin sufritu genuen. Hasi eta amaitu dotore eta zentratuta. Zure ibilbide osoaren saria, ondo merezitakoa. Poza, emozioa, poza berriro. Moñoan jartzen zaiguna egiten dugun emakumeok zutaz harro!

Arropatu zintugun, Nerea. Eskutik heldu genizun saio osoan zehar zuk agurrean hala eskatuta. Barre egin genuen zure-zurea duzun umorearekin. Zure ateraldi eta txiste estrainoen oso fan. Baina ez hori bakarrik. Erakutsi zenigun, adibidez, inoiz ez garela neurriz kanpokoak. Atzo ere ikasi nuen zurekin.

Eta zurekin sufritu eta gozatu, amigo. Hitzeman zenidan bezala, dena eman zenuen. Saioko bertso bakoitza burrukatu eta orain arte txapelketan lortutakoa ez dela kasualitatea erakutsi zenuen. Enteratu ez zen despistaturik balego. Plazak buelta diezazula txapelketari eman diozuna, Xabat.

Buelta eta buelta Abarkius pozik, ezta? Finalera gozatzera joan behar dela esaten dugu beti, baina beti ez da erraza izaten. Atzo lortu egin zenuen. Elizara sartu nahi ezta zure saltsan, eta bakarka ere polito. Aupa zu. Infernua gure zain dago.

Helburuak lortzeko zain egon ezin eta lanera joan zinen atzo ere, Jone. Baita agindutakoa bete ere. Erakutsi zenuen goitik beherako betsolaria zarela: ez dut uste atzo inor egon zenik puntu bakoitzean hainbat esan zuenik. Nik neuk buruz burukoan zintudan. Baina horrez gain, asko gustatu zitzaidan hau gogorarazi zenigula: denok garela gizaki eta ezin direla izan zenbakiak objektibo ta subjektuak zenbaki. Txalo.

Amu. Gizakiak garela, eta eskerrak. Zortea ez zenuen lagun izan eta bertsozaleon zoritxarrerako ez zenuen askotan erakutsi diguzun hori ateratzerik lortu. Hala ere, zuregatik egin nuen topa, ahizpatasunaren alde, zure alde eta aurrerantzean elkarrekin egingo ditugun plazen alde.

Etxahun, zure alde ere bazeuden kiniela asko. Arrazoiarekin. Saio borobila egin zenuen, zure bakarrekoarekin eta zure bertsokera elegantearekin gozatu genuen, baina buruz burukoan laprast. Ai, pena. Hain saio ederra eginda sentsazio horrekin amaitzea ere. Hain ulertzen zaitut.

Penarik ez zuretzat, Aitor. Plazak bertsolari bat deskubritu zuen. Askok bagenekien ze ondo moldatzen zaren bertsotan, errimen jolasean, joskera jostarietan. Beste askok atzo entzun zintuen lehenengoz eta zure aho-zapore goxoz joan zen etxera. Publikoa ere bada familia bat, aukeratu litekeena.

Bueno ba, familia. Amaierako besarkadarekin geratzen naiz, txapelketa bizitzeko modu horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.