Karmele Jaio. Idazlea

«Inportanteagoa da pertsonaiek esan gabe uzten dutena, esaten dutena baino»

Genero markek zeharkatzen dituzte 'Aitaren etxea' nobelako hiru protagonisten bizitzak, eta horri buruzko beren gogoetek harilkatzen dute istorioa. Barne munduan agertzen dira maiz, esan gabeko hitzak kezka konstante bat baitira Jaioren obran.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Gasteiz
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ismaelek emakume baten ikuspegitik idatzi nahi du bere liburu berria, baina ez du asmatzen nola. Jasonek, aldiz, aspaldian utzia zuen idazketari berrekin dio, Ismael senarrari deus esan gabe. Gizonak bere aitaren zaintzaz arduratu beharko du orduan, eta Libe arreba atzerritik itzuliko da horregatik. Aitaren etxea (Elkar) nobelako pertsonaietako bakoitzak leku jakin batetik begiratzen dio munduari; neutrala ez den leku batetik, betiere. Hain zuzen, genero rolen zamaz eta horrek beren bizitzetan duen eraginaz egiten dute gogoeta leku horretatik. Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) bere lan berriko izenburutik bertatik iradokitzen du ideia, Gabriel Arestiren poema ezagunaren oihartzuna ekartzeaz harago: «Izen hori erabili dut esateko oraindik aitaren etxean bizi garela, eta batzuetan ez dugula hain garbi ikusten; iruditzen zaigu guztion etxean gaudela, baina oraindik gizonek gizonen moldera egindako mundu batean gaude. Eta egoera guztietan daude genero markak, botere harremanak... horrek dena zeharkatzen du, edozein gai».

Aurkezpenean esan zenuen jakin-min batetik abiatu zinela lan hau idaztera. Zeren jakin-mina?

Nik uste dut baneukala jakin-min konkretu bat, askotan neure buruari galdetu izan diodana, eta da: emakumeen kontrako indarkeria kasu bat dagoenean, eta telebistan, irratian, egunkarian ikusten dugunean, gizonek —noski, gizon bakoitzak modu batera biziko du, baina orokorrean— nola bizi duten hori. Hau da, sentitzen duten eurekin zerikusia duela, edo batere ez; sentitzen duten ardura puntu bat-edo gizon izateagatik, edo esaten duten «hau ero batek egin du eta nik ez dut horrekin zerikusirik». Uste dut galderak izango dituztela barruan, eta hor arakatu nahi nuen pixka bat. Horregatik agertzen da protagonistak sentsazio ezberdinak dituela: batetik, beldurra sentitzen du, alabengatik; eta bestetik, errudun sentitzen da gizona delako, eta ez du ulertzen zergatik... Galdera horietan guztietan sartu nahi nuen.

Hiru pertsonaiaren bidez plazaratzen dira gogoetak, baina gizonarenak, Ismaelenak, hartzen du leku edo pisu gehien... Horretan jarri nahi izan duzu fokua?

Bai, espazio gehiago hartzen du. Dena den, uste dut inportantea dela denak agertzea nobelan. Horregatik eman diot bakoitzari bere tartea; beren buruan dagoena entzuten dugu, eta inportantea zen banatzea, adierazteko ikusten duzuna oso-oso ezberdina dela, nondik begiratzen ari zaren; eta non kokatzen garen horretan, zerk eramaten gaituen bakoitza hor egotera. Faktore asko daude, baina generoaren eragina oso handia da; txikitatik erakutsi digute zelakoak izan behar dugun, gutaz zer espero den, eta espektatiba ezberdina da neska edo mutila bazara; uste dut hori badela klabe bat. Kokatzen joaten zara leku batean edo bestean, eta hortik mundua oso ezberdin ikusten da.

Hiru pertsonaiak ari dira gogoeta hori egiten. Oraindik egiteko dugu gogoeta hori?

Lehen pausoa da. Batzuek egin dute, eta ondoren akziora pasatu dira, erabaki dute beren bizitzan zerbait aldatzea; beste batzuek egin dute hausnarketa, eta teoria badakite, baina ez dute ezer aldatzen; eta beste batzuek ez dute hausnarketarik egin. Emakumeek agian hausnarketa handiagoa egin dugu: batetik, urgentzia izan dugulako; eta, bestetik, feminismoak eman dizkigun tresnengatik, horiek lagundu digutelako egoera batzuei izena jartzen eta ulertzen. Eta uste dut gizon batzuek ere egin dutela hausnarketa hori, baina neurri txikiago batean. Egiteko dagoen gauza bat da.

Ismael gogoeta horren abiapuntuan dago. Indarkeria matxistaren aurrean, «gizon guztiak ez gara berdinak» esatea da maiz bere erantzuna. Zer dago, zure ustez, erreakzio horren atzean?

Uste dut askok agian eraso bezala sentitzen dituztela, adibidez, liburuan Jasonek esaten duen «hau gerra bat da» eta halakoak. Erreakzio bat da, zerbait mugitzen ari dela nabaritzen dutelako, eta ez dutelako kontrolatzen. Alde batetik, uste dut hori dela gizona berez ukazio batetik eraiki delako gizontasun eredu honetan: «Zu zer zara? Zu ez zara emakumea»; lehen agindua da zer ez zaren, batez ere ukazio horretatik eraiki da. Emakumea eta bere lekua aldatzen hasten direnean, erreferentzia hori ere galtzen duzu, eta iruditzen zait gizon asko hor daudela, «orduan, zein da nire lekua?» bilatze horretan. Erreakzio horiek izan daitezke deskolokatze egoera horretan egotearen ondorio.

Beste gizon batzuk, aginduok betetzen dituztenak ere erretratatu dituzu. Haien bidez ideia horretan indarra egin nahi zenuen?

Azaldu nahi nuen agindu horiek betetzen dituztenek ere nola ezkutatzen dituzten, armadura edo maskara baten atzean, euren beldurrak, ahuleziak... eta horiek ere eraiki direla agindu batzuen pean. Guk ikasi dugu, feminismoaren tresnei esker, emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela; eurek ere onartu behar dute badirela genero agindu batzuen produktu. Taldea ez desegiteko edo taldetik kanporatua izateko beldurrak, askotan, eramaten ditu eurak ere aginduok onartzera eta era batekoak izatera, nahiz eta batzuetan ez izan halakoak. Uste dut gizon asko egongo direla ez daudenak eroso armadura horren atzean.

Eta, aldi berean, pribilegio egoera batean ere bai...

Hori da. Eurei ere, agindu horien pean egoteagatik, hainbat gauza ukatzen zaizkie, baina gizarte honek betiere leku pribilegiatu batean jartzen ditu emakumeekiko.

Ismaelek aitaren zaintza bere gain hartu behar du. Gogoeta honetan, zaintza erdigunean jarri beharreko gaia da?

Bai, agertzen da nobelan, eta aurrekoetan ere bai. Hor bada kezka bat gizarte honek zaintzari ematen dion balio urriaz, zaintza denean ezinbestekoa gizarte honek funtzionatzeko eta gure bizitza aurrera ateratzeko; eta nola dagoen debaluatua eta emakumeen eskuetan neurri handi-handi batean. Hemen agertzen da gizona sartzen zaintzaren mundu horretan. Eta esaten du sentitzen dela esploratzaile bat bezala, mundu berri bat deskubritzen.

Ez du bere arduratzat.

Bai, hori oso barneratua du. Txikitatik ikasi dugu nori dagokion gauza bat eta nori beste bat, eta hori barru-barruraino dugu sartuta.

Idazle gisa ere krisian dago Ismael; ez da gai andre baten azalean jarri eta haren ikuspegitik idazteko. Ariketa hori egin duzu zuk ere pertsonaia honekin? Asko kosta zaizu?

Aitortu behar dut naturalago atera zaidala emakumeena, errazago, eta gizonarena gehiago kostatu zaidala. Suposatzen dut, batetik, gizonen esperientzia asko ez ditudalako ezagutzen. Baina, horrez gain, uste dut ere kostatu zaidala ibili naizelako kontu handiz; beldur handia nuen orokorkerietan jausteko, gizonen karikatura bat egiteko, ez nuen inolaz ere hori egin nahi. Azaldu nahi nuen gizon baten burua bere konplexutasun osoan; baita emakumeena ere, baina gizonarekin, zentzu horretan, beldur gehiago eduki dut.

Jasonek eta Libek ere egiten dute gogoeta. Kontzientzia baduten bi emakume dira, baina haiek ere gauza berriez jabetuz doaz. Etengabe birpentsatu beharreko kontuez ari gara?

Bai, Jasonek badaki zenbat errenuntzia egin dituen alabak, gurasoak zaintzeagatik, eta abar. Baina badaude hainbeste hausnartu ez dituen beste gauza batzuk, eta, gertatzen zaionagatik, aukera du horiez pentsatzeko. Adibidez, gizonekin duen harremanaz, onartzen du beti behar izan duela gizonen onarpena, eta hori egon ezean, egin duenari baliorik ez ematea konstante bat izan dela bere bizitzan. Orain jabetzen da horrek bere jarrera asko markatu dituela. Libe, berriz, konturatzen da izan dela etxeko iraultzailea, feministena... baina bat-batean pentsatzen du: «Zer lortu dut nik eraldatzea? Benetan egin dut zerbait ingurua eraldatzeko, edo ihes baino ez dut egin?». Ispilu baten aurrean ikusten du bere burua. Batzuetan etiketa batzuk ditugu, baina gero egunero egiten dugun horrek erretratatzen gaitu benetan.

Iñigo Muguruzari eta gizon berri guztiei eskaini diezu liburua. Nolakoa behar du gizon berriak?

Nik uste dut gizon berriak behar duela izan, lehenik eta behin, bere pribilegioez hausnarketa egiten duena, mundua nondik ikusten duen konturatzen dena, eta hausnarketa hori egin ondoren gauzak aldatzeko prest dagoena. Eta ez hori bakarrik, baita ere lehen aipatutako armadura kendu eta benetan libre izan nahi duena, libratu nahi duena gizon izateko modu batez berarekin zerikusia ez duena; hori askatzea ere gizon berriek egin beharko luketen zerbait da. Baina bereziki hori: konturatzea bizi direla mundu batean pribilegio egoera batean emakumeekiko, eta guztiz desorekatuak diren botere harreman batzuk daudela; hori onartzea, eta kontsekuente jokatzea egunerokoan.

Aktualitatearen erreferentziaz beteta dago istorioa. Gaiari lotutako eguneroko berriek eragin al dizute idazten ari zinela?

Idatzi bitartean bai, baina gehiago abiapuntuan. Egunero entzuten ari zaren zerbait da, baina lehendik nuen kezka bat da. Landu nahi nuen oso agerian dagoen indarkeria bat, eta agertzen da, baina beste indarkeria bat ere erakutsi nahi nuen, ez dena hain argi ikusten, familian gerta daitekeena oso era sotilean, ikusezina dena askotan; eta zein zaila den indarkeria horri indarkeria deitzea, hori ere azpimarratu nahi nuen.

Idazketa prozesua oso presente dago istorioan, bi pertsonaia nagusien bidez. Zure kasuan, nolakoa izan da idazketa prozesua?

Asko kostatu zait liburu hau idaztea. Batetik, nire idazteko moduagatik. Burua galderaz betea dudala idazten dut beti, eta hasten naizenean ez dut oso garbi zer gertatuko den; sartzen naiz istorioan pixka bat esploratzaile baten antzera, eta nire esperantza da sorkuntza prozesu horretan joatea aurkitzen zer esan nahi dudan. Horrek badu arrisku bat: batzuetan, bide batetik zoaz, eta bat-batean pareta baten kontra ematen duzu kolpe izugarria. Gertatu zait nobela honekin. Bide batetik egin nuen aurrera, eta gero hilabete askotako lana bota nuen zakarrontzira. Eta bestetik, gaiagatik izan dut zailtasuna. Uste dut fikzioak ematen dizula aukera gai hau bere konplexutasun osoan agertzeko, ze gai hau oso zaila da zuri eta beltz agertzea, oso konplexua delako. Ahalegin horretan ibili naiz.

Nobela, berez, bada idazketari buruzko hausnarketa bat ere. Batetik, emakumea, gizona eta idazketa: zergatik bi idazle gazteetatik bat bihurtzen den idazle eta bestea ez; Virginia Woolfen gela propioa; nork erabakitzen du zein gai diren inportanteak eta zein ez... Galdera horiek agertzen dira. Eta bestetik, hausnarketa bat ere bai, erakusteko idazketa badela lurralde bat zeinean agertzen diren benetako hitzak, liburuan berunezko hitzak esaten zaienak, pisua dutenak. Nola eguneroko bizitzan askotan gabiltzan bisuteriazko hitzekin, eta nola idazketan bat-batean agertzen diren benetakoak. Idazketa, zure egiak agertzen diren lurralde bat bezala.

Asko kostatu zitzaizun nobelaren egitura erabakitzea?

Hasieratik argi nuen pertsonaia bakoitzak bere espazioa izango zuela. Gero izan nituen zalantzak, adibidez, ze pertsona erabili pertsonaiekin, aldaketa batzuk egin nituen... Baina egitura erabakita neukan. Egia da horrela eginda zailagoa dela gero puzzlea osatzea eta ez galtzea tentsioa, eta ez galtzea erritmoa, hori kostatu zait gehiago; ibili naiz hau aurrera, hau atzera, puzzle batean bezala...

Ez duzu bide errazena hautatu...

Ez dakit... [barrez]. Aukeratu... nik normalean egiten dut gorputzak eskatzen didana; gaia ere ez nuke esango nik aukeratu dudanik, eta hori liburu guztiekin gertatzen zait. Hau bukatu eta ez naiz hasten pentsatzen ea hurrengoa zeri buruz... Ez, normalean badator kezka bat, badago hor zerbait, badago irudi bat eta horrek ekartzen dizu zuk barruan duzun kezka bat. Gaiak hor daude zure buruan bueltaka, ez zoaz haien bila.

Amaren eskuak (2006) duzu honen aurreko eleberria. Eta bertan jorratu zenituen hainbat gai agertzen dira lan berrian ere: zaintza lanak, harremanak, familien barruan esan gabeko gauzak... Esango zenuke kezka konstanteak direla zure obran?

Bai. Esaten dute idazle bat ari dela etengabe liburu bera idazten, eta, bueno, ez da zehazki horrela, zeren zure bizitzaren une bakoitzean zeure burua ere ezberdin dago, eta beste kezka batzuk ditu. Baina badaude konstante batzuk, eta, idatzi ondoren, oso-oso nabaria ikusten dudan bat da esan gabeko hitzena. Konstante bat da nire lehen liburua idatzi nuenetik [Hamabost zauri (2004)]. Hamabost ipuin ziren, eta orduan irudi bat neukan buruan, zena burutik pasatzen zaizkigula hainbat hitz, askotan ez ditugunak kanporatzen, eta horiek barrura bueltatzen direla eta zauri bat egiten dutela. Ba,hori konstante bat izan da nire liburu guztietan; horregatik ere inportanteagoa da niretzat idazten dudanean pertsonaiek esan gabe uzten dutena esaten dutena baino. Iruditzen zait egunerokoan esaten ditugula gauza asko, bisuteriazkoak askotan, baina benetakoa oso gutxitan ateratzen da. Uste dut barne mundu hori altxor bat dela, hor badagoela asko kontatzeko. Eta berdin familietan ere, kasu honetan ere agertzen dira familietako isiltasunak; askotan hitzak ez dira beharrezkoak gauzak transmititzeko, isiltasunarekin ere asko transmititzen da. Eta, horrekin batera, egon zaitezkeela bizitzen zure bizitza erdia pertsona batzuekin, zure familiarekin, eta agian ezezagunak izatea. Hain... tragikoa iruditzen zaidan hori askotan agertzen da.

Liburuan, idazle lanari buruzko gogoeten artean dago idazleak ez duela dakienari buruz idatzi behar, deskubritu nahi duenari buruz baizik. Zuk zer deskubritu duzu liburu hau idatzita?

Uste dut liburu bat idatzi ondoren beti dagoela sentsazio bat: aurrez modu abstraktu batean zenituen ideia batzuk leku konkretu batera eraman dituzula, eta, konkretuan, gauzak argiago ikusten dituzula. Egia esan, zenbat eta gehiago idatzi, orduan eta galdera gehiago dituzu, ez baita dena erantzunak aurkitzea; beste galdera batzuk ere egiten hasten zara. Uste dut hor zeuden kezka abstraktu batzuk argiago ikusi ditudala fikzioaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.