Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Tradizioari traizio

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Nakuko wa ineega'



Zuzendaria: Takuma Sato. Aktoreak: Taiga Nakano. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 109 minutu.

Tasuku gaztea aita izan berri da. Herrian urtero Namahagea egiten dute, desagertzear den antzinako tradizioa, eta berak bertan parte hartzen du. Gabonen inguruan, deabru tankerako izaki beldurgarriek umeak etxez etxe izutzen dituzte. «Etxean negartirik bada?», galdetzen dute oihu eta zarata artean, umeak hurrengo urtean txintxoak eta arduratsuak izan daitezen, eta gurasoengan konfiantza izan dezaten, familia loturak estutuz.

Takuma Satoren zinta umorez arindu nahi den drama da. Tristea. Barre eginaraziko digu umore printzak han eta hemen banatuta, baina deabruak beldurgarriegiak izan daitezke batzuetan, mamuak bezala, munstroak bezala, eta orduan bai, agian negartirik egongo da aretoan.

Une ederrak eskaintzen ditu zuzendariak, ezin hobeki filmatutako hasiera bizkor eta liluragarria bezala, zeinetan deabruak etxeetan sartzen diren, eta bera, kamera eskuan, haietako bat balitz bezala murgiltzen den. Edo amaieran, etxeko atariko beirarekin irudikatuko duen ispilu joko tenkatuan, oilo ipurdia sortzeko gauza dena.

Aktoreen lana ere aipagarria da, naturaltasun osoz nabarituko ditugu. Asiako zineman ohikoa den distantzia neurritsuarekin, elkarri saiheska hizketan eta zeharka begira. Bitxitasunez noizik behin. Aipatzekoa da jauzi kulturalak filmaz gozatzea zaildu dezakeela ere, geldoa eta sotila baita.

Tasukuk hanka sartuko du, hondoraino; hondartzaraino iritsiko da, mozkor eta larrubizi, eta tradizioari traizio egingo dio, eta bide batez, emazteari eta alabari ere bai. Tradizioak sakratuak dira.

Barkatuko al dio norbaitek? Horrekin nahikoa balitz...

Pelikulak pertsonaien ekintzak auzitan jarriko ditu; ekintzen ondorioez eta ondorioen ondorioez arituko zaigu. Barkamena konponbide eskasa dela azalduko du, eta gero?

Agian muzin egin diogun tradizio horrek irentsita amai dezakegu, beraz, adi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.