Albistea entzun

G7koen goi bilera. Bilana

Hilabeteko pausarekin, ondorioak

G7 Ez plataformako kideen iritziak bildu ditu BERRIAk, urte osoan izandako esperientziaren kontakizuna egiteko. Ikuspegi kontrajarriez eta irakaspen eta ondorio baikorrez mintzo dira.

<b>Abuztuaren 24ko manifestazioa. </b>15.000 pertsona batu ziren Hendaia eta Irun artean.
Abuztuaren 24ko manifestazioa. 15.000 pertsona batu ziren Hendaia eta Irun artean. JON URBE / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat - Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko irailak 27

Hilabete bat pasatu da G7koen goi bilera eta hura salatzeko kontragailurra antolatu zirenetik. Zer gertatu zen egun haietan? Nolakoa izan da kontragailurra prestatzeko urte bateko esperientzia? Zer ondorio eta irakaspen atera daitezke horretatik guzietatik? Hilabeteko pausarekin, urte guztian plataforman parte hartu duten eragileen ordezkariengana jo du BERRIAk, haien iritziak eta kontakizunak jasotzeko. Hauek dira erantzun dutenak: Izaskun Goienetxea (Askapena), Hartzea Lopez (Aman Komunak) —bere izenean mintzatu da, ez baitute oraindik balorazio kolektiborik egin—, Aitor Servier (Aitzina), Jean Noel Etxeberri Txetx (Bizi), Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre (EH Bai) —haien izenean mintzatu dira—, Eneko Aldana (EH Baiko koordinatzailea), Pettan Lataillade (Frantzia Intsumisoa), Olaia Matxain (Ernai), Eñaut Aramendi (LAB) eta Egoitz Urrutikoetxea (Sortu). Bakoitzarekin egindako elkarrizketak osorik irakurgai daitezke www.berria.eus webgunean.

TESTUINGURU POLITIKOA

G7koen goi bilera Euskal Herrian antolatzea eta horren kontrako erantzuna prestatzea ezin dira modu bakartuan aztertu. Euskal Herrian, gatazkaren konponbide prozesuan egin diren urratsak aipatu dituzte anitzek, baita mugaren bi aldeetako hauteskunde zikloak ere. Frantziako Jaka Horien mugimenduak eta haren kontra Frantziako Gobernuak eman duen erantzun bortitzak izan dituen eraginak ere azpimarratu dituzte.

Hartzea Lopezek uste du G7koena garai «desegoki» batean gertatu dela: «Bada oraindik ziklo bat bukatu ez duen sektore bat: bake prozesua bultzatzen duen ezker abertzalea, aliantzak dituena hemengo politikariekin. Ez da prest konfrontaziora ateratzeko». Sektore «antikapitalistagoak» ez dira aski egituratuak, haren ustez, eta ez dute lortu indarrak batzen kontragailurrari «kolore propioa» emateko. Egoitz Urrutikoetxea beste hitz batzuekin mintzo da: «G7koen goi bilerak trantsizio fase batean harrapatu gaitu bete-beterik». Gatazka «bestelako parametroetara» eramateko beharra aipatu du, eta hori ez dela «egun batetik bestera» egiten.


Polizia bat, abuztuaren 24an Baionan izan ziren mobilizazioak zaintzen. GUILLAUME FAUVEAU

Frantzian, hamar hilabeteko borroka eraman du Jaka Horien mugimenduak: asteburuero izan dira martxak hainbat hiritan, eta gogorki oldartu da Polizia horien kontra. «Jaka Horien mugimenduak guztiz baldintzatu du kontragailurra, eta hari begira Frantziako Gobernuak ezarritako polizia neurriak ikaragarriak izan dira», Eneko Aldanaren iduriz. Funtsean, asteburuetako mobilizazioetan ikusitako Poliziaren bortizkeria eta manifestari zaurituen irudiek gogoa markatu dutela uste dute anitzek.

Azkenik, hauteskundeak izan dira. Hego Euskal Herrian, udaberritik uztailera arteko tartean eragin du, baina baita lehenago ere, horien prestaketan ari zirelako. Ipar Euskal Herrian, heldu den udaberrian izanen dira herrietako hauteskundeak, eta indar politiko gehienak azken hilabeteetan hasi dira kanpaina prestatzen. Eñaut Aramendik ohartarazi du hauteskunde sindikalak ere izan direla, eta, beraz, sindikatuen parte hartzea baldintzatu duela.

PLATAFORMAREN IZAERA

G7koen goi bilera Miarritzen egingo zela jakin bezain laster, plataforma bat abiatzea erabaki zuen EH Baik: «plurala, zabala eta eraginkorra» izango zena. EH Baiko batzorde sozialean parte hartzen zuten Jakes Bortairu eta Dominika Dagerrek, eta beraiek hartu zuten ardura. «Euskal Herrian gertatzen zela argi gelditu behar zen», azaldu du Bortairuk. Aitor Servierrek erantsi: «Garrantzitsutzat geneukan G7ari eman behar zitzaion erantzuna Euskal Herrian kokatu behar zela».

Askotarikoa izateko helburuarekin, ez zioten «kutsu sobera abertzalea» eman nahi izan, ahal bezain «inklusiboa» izateko; Euskal Herriko 50 eragile inguruk izenpetu zuten plataforman sartzeko. Politikoki «sekulako potentziala» zuen, Izaskun Goienetxearen ustez. Servier: «Halako eremu zabal batean lan egiteak eskatzen du kultura politiko eta militantzia ezberdinak uztartzea». Olaia Matxainek azpimarratu du nazioartetik etorritakoei «Euskal Herria kokatzea eta emandako hausnarketen berri ematea» zela helburuetariko bat.

Eragileen zerrenda luzea bazen ere, irakurketa gazi-gozoa egiten du Dominika Dagerrek: «Ez dugu lortu aktibatzen sartu diren eragile guztiak». Bizik hasieratik esan zuen gutxieneko parte hartzea ukanen zuela. «Aski kritikoak gara agintarien agendak militanteena baldintzatzearen ideiarekin», azaldu du Txetx Etxeberrik. «Ez dugu edonori irekiak diren plataforma horien kulturarik... Iruditzen zaigu gutxieneko adostasunak behar direla. Hor, indarrak batu ordez, neutralizatzen dira, eta tentsioak sortzen dira». Urrutikoetxea: «Baikorra da hainbeste jende bildu izana, baina eragin lezake plataforma helburu gisa ezarri izana». Haren ustez, akats hori egina izan da momentu batean. Lopezek nabarmendu du elkarlan hori inposaturiko gertakari baten erantzuna izan dela: «Ez da borondatezko hautu bat denek elkarrekin geroa eraikitzeko egiten duguna; G7a heldu zaigu gainera, zerbait egin behar dugu: plataforma osatzen da. Plataforma ez lehertzeko, behin eta berriz, batzuek gibel egin dugu, batasun hori mantentzeko».


Abuztuaren 22an manifestazio feminista ez-mixtoa egin zuten Irun eta Hendaia artean, kanpalekuan gertatu zen eraso matxista salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU

Euskal Herriko plataformaz gain, Frantziakoa ere sortu zen: Alternatives G7. Azkenean, bien artean antolatu zuten kontragailurraren inguruko guztia. Euskal Herrikoaren osaketak kezka sortu zien Askapenakoei: «Arrisku handi bat ikusten genuen, batez ere, alderdi politikoek, plataformaren jarduna baldintzatzen ahalko zutela». Lopez: «Frantziako Attac-ek eta beste sektore batzuek ez dute konfiantzarik herritarrengan. Ez baldin bada beraien kontrolpean, ezin dute utzi». Kontrara, sortu diren aliantzak «interesgarriak» izan direla azpimarratu du Servierrek. «Frantziako ezkerreko sektore horrek Euskal Herria aintzat hartzeko borondatea izan du hastetik buru». Urrutikoetxeak bat egin du: «Ahalbidetu du elkar ezagutza, eta elkar ulertzea. Bazituzten aurreiritzi anitz Euskal Herriari buruz eta alderantziz. Batzuen artean lortu dugu hurbiltasun bat eta etorkizunari begira ateak irekitzea».

NEGOZIAZIOA

Kontragailurra hiru ataletan pentsatu zuen G7 Ez plataformak: konferentzia gune bat, alternatiben herrixka eta kanpaleku bat jendeari harrera egiteko, eta mobilizazioak. Hori aitzina eramateko leku bat aurkitu, eta baldintza onetan iragan zedin, botere publikoekin elkarrizketak abiatu zituzten. Dominika Dagerre: «Pentsatzen genuen Baionan egitea posible izanen zela, baldintza onak ikusten genizkiolako. Negoziazio ziklo bat hasi zen suprefeta eta prefetarekin». Baionan egin nahi zuen plataformak, estatuak ezetz; Akize (Okzitania) proposatu zuen prefetak, Donibane Garazi (Nafarroa Beherea) ondoren, Senpere (Lapurdi). Hendaia eta Irun artekoa adostu zuten azkenean.

Txetx Etxeberrik Parisko (Frantzia) COP21ean izandako esperientzia oroitarazi du: mobilizazioak debekatu zituen prefeturak, baina militanteek erabaki zuten aurrera egitea, eta azken momentuan, baimendu egin zuten manifestazioa, «munduari emanen zitzaion irudia salbatze-ko». Etxeberrik posible ikusiko zukeen Baionan egiteko asmoarekin gelditzea, eta hori bilakatzea desobedientzia zibileko ekimen masiboa. Eñaut Aramendi: «Desberdin egin zitekeen? Bai. Erabakiak zailak izan dira. Eragile batzuek anitz genuen galtzeko. Segurtatu behar ez genuela ondorio txarrik izanen», azaldu du, LABek Ipar Euskal Herrian jasandako «apartheid sindikala» gogora ekarriz.

Gibeltasunarekin, Frantziako Estatuak denbora galarazteko estrategia izan duela uste dute batzuek. «Manipulazio estrategia bat izan da, eragileei denbora galarazi eta barne mailan izaten ahal ziren ezadostasunak sortu, edo areagotzeko». Kopenhageko (Herbeherak) kontragailurrean gertatua gogoratu du Hartzea Lopezek: «Alde batetik, botereak errazten du lanjerosa ez zaion oposizio baten harremana, eta bere kontragailurra. Gero, dena egiten du lanjerosak zaizkion sektoreak baztertzeko». Negoziazioek plataforma «beretu» zutela erakusteko Urruñako kanpalekuan prestatzeko bilkura bat aipatu du: plataformatik sei agertu ziren, administraziotik 25.

Ekain hondarrean finkatu zen Irun eta Hendaiaren artean egitea kontragailurra. Logistika arloan azken momentuan lotu behar izan zituzten hainbat gauza, eta eremuak, tokien arteko distantziagatik, kudeaketa zaildu zuela erran du batek baino gehiagok.

Pettan Latailladen iritziz, negoziazioa «poker partida» bat da. «Plataformak huts egin duena, agian, negoziatzea bera zer zen definitzea izan da». Haren aburuz, negoziatzeko bi molde daude: «Edo dena onartzen duzu, eta gero, errealitatean, nahi duzuna egiten duzu; edo, zeure burua guztiz konprometitzen duzu negoziazioak agintzen duenarekin». Ñabardura ekarri du Aldanak, segurtasun berme batzuk negoziazioaren bidez lortu direla oroitarazita: «Larunbateko manifestazioan polizia presentziarik ez egotea eskatu zitzaien, horrek bermatuko zuelako segurtasun handiagoa izanen zela denentzat. Hori errespetatu dute».


Abuztuaren 24an Baionako zubi guztiak itxi zituen Frantziako Poliziak, argazkian ikus daitekeen moduan. GUILLAUME FAUVEAU

BELDURRAREN ESTRATEGIA

Batek baino gehiagok aipatu du Frantziako Gobernuak herritarrak eta militanteak beldurtzeko erabili duen estrategia. Joan den urtarrilean Miarritzeko Herriko Etxean Michel Veunac auzapezak eta Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak egin zuten lehen agerralditik hasi ziren G7koen goi bileraren harira hartuko zituzten segurtasun neurrien kontakizun hostokatuarekin.

Komunikabideetan ere oihartzun handia izan du segurtasunak, eta hori izan da, seguruenik, G7koen goi bilera aitzin gehien aipatu den gaia. Frantziako prentsan, udaberritik aitzina, Barne Ministerioaren eta Poliziaren filtrazioak argitaratu zituzten, Europako herrietatik istilu gogoz etorriko ziren talde bortitzen mamua elikatuz.

Baina irudi errealak ere izan dira, hedabideetan eta sare sozialetan ikusi direnak. Orain dela urte bat Jaka Horien mobilizazioa abiatu zenetik, etengabe zabaldu dira polizia bortizkeriak eta zauritutako manifestarien irudiak: LBD jaurtigailuak zulatutako begiak, GLI F4 granadek lehertutako eskuak.


Ur kanoia erabiliz oldartu zitzaien Polizia Baionan manifestazioa egiten saiatu zirenei. GUILLAUME FAUVEAU

Frantziako Gobernuak helburua lortu duela erran daiteke: goi bileraren egunetan, Ipar Euskal Herria hustu egin zen, eta Lapurdi kostaldeko hiri anitz eremu hil bilakatu ziren; turistek Irun-Hendaia arteko muga saihestu zuten egun horietan, eta ez zen aurreikusitako auto ilararik sortu. Funtsean, militante anitzengana ere iritsi da beldurraren sentimendua: kontragailurrean edo mobilizazioetan parte hartu ordez, etxean gelditu edo kanpora joatea erabaki du batek baino gehiagok. «Lurraldearen kontrola erabatekoa izan da: nik uste esperimentazio bat egin dutela», azaldu du Bortairuk. Lehenago ere ikusi zen halako irudirik: abenduaren 18an Miarritzen izandako mobilizazioan istiluak izan ziren Poliziak eraginda, eta zaurituak ere gertatu ziren. Aldanaren iritziz ere, «hein batean helburua bete dute beldurraren mamua astinduz». Jaka Horien errepresioaren irudiak aipatu ditu, baita prentsan izan duen oihartzuna ere. «Kontragailurraren aitzineko hilabeteetan eman den komunikazioa, segurtasun ikuspegitik baizik ez da eman. Hor da jende bat beldurtu. Eta ulertzekoa da: inork ez du begirik edo eskurik galdu nahi».

Eñaut Aramendik uste du komunikazio gerla «galtzen» ari zirela. «Horri buelta ematea lortu dugu ekintza kontsentsuari esker. Jendeak behar zituen bermeak eman genituen». Aldana: «Ipar Euskal Herriko gizartean haserrea ere sortu du». Larunbateko manifestazioa «ongi» iragan izanak ere eragin duela uste du. «Gizarte zabalean oso ongi ikusia izan da; segurtasun ikuspegia itzuli eta harria gobernuaren teilatu gainera bota du».

EKINTZA KONTSENTSUA

G7 Ez plataforma osatzen hasi zirelarik, Euskal Herriko plataformaren ibilmoldeari buruzko printzipioak onartu zituzten; www.g7ez.eus webgunean irakur daitezke oraindik. Hiru borroka molde erabiltzea aipatzen da: borroka ideologikoa, masa mobilizazioak eta desobedientzia zibila. Horrez gain, plataformako kide bakoitzak G7ari buruz bere diskurtsoa eta ekintza propioak garatzeko askatasuna izanen zuela zehazten da, betiere, «plataformako beste kideak errespetatuz, eta konkurrentzia saihestuz». Azkenik, adostua da plataformak ez dituela publikoki beste batzuek antolaturiko ekinaldiak baloratuko. Ez da bortizkeriaren erabileraz aipamenik, baina, egindako lehen agerraldietan, bakoitzaren borroka moldeei buruzko iritzirik ez zutela emango, eta bortizkeriarik gertatuko balitz erantzukizuna Frantziako Estatuarena zela errepikatu zuten behin eta berriz, kazetariek egindako galderei erantzunez.

Abuztuaren 12an, Hendaiako Variete zineman egin zuten prentsaurrekoan, beste hitz batzuekin aurkeztu zuten plataformako eragileen artean adostutako ekintza kontsentsua: «lasaitasunez eta erabakitasunez arituko gara», «ez dugu suntsituko», «indarkeriarik gabe, eta baketsuak diren egin moldeak eta teknikak baizik ez ditugu erabiliko», «ez dugu indar polizialekin konfrontazio estrategiarik eraikiko». Bortizkeriarik ezaren hautua askoz ere manera esplizituagoan aurkeztu zuten. Halaber, larunbateko manifestazioarentzat «bitartekari talde bat» osatuko zutela iragarri zuten. Adierazpenak haserrea sortu zuen zenbait sektoretan. Frantziako ezker muturreko zenbait saretan, plataformak publiko egindako ekintza kontsentsuaren kontrako idatziak agertu ziren, eta kanpalekuan berean, margoketak agertu ziren Pazifismoak kolaboratzen du ziotenak. «Militanteek ez dute ulertu ekintza kontsentsuak plataformaren koadrorako baizik ez zuela balio», idatzi du Lauren Thieulle Ipar Euskal Herriko Attac-eko kideak; alegia, beste eremuetan edozein ekintza mota erabiltzea onartzen zela. Kontragailurraren lehen eguneko aurkezpenean ere agertu zen kritika, Jaka Horien eskutik. «Egina izan den lana eskertzen dugu, baina elkartasun falta sentitzen dugu Jaka Horien mugimendua markatu duten borroka moldeekiko», adierazi zuten bi ordezkarik. «Ez zaigu iruditzen gure aniztasunak kontuan hartu, eta bakoitzak bere lekua aurkitzea ahalbidetzen duenik. Aldarrikatzen ditugun helburuetara iristeko, borroka moldeen aniztasuna onartu behar dugu». Egoitz Urrutikoetxea: «Lan handia egin da barne oreka bat aurkitzeko, eta ekintza kontsentsua oreka horren emaitza da. Hasieratik erran zen plataformaren esparrua zein zen. Diskurtso aldaketarik ez da izan; egon da borondate bat beldurraren instrumentalizazioa indargabetzeko. Argiki erran da plataformak antolatzen zituen ekintzak zer irizpideren araberakoak izango ziren».


G7aren kontrako pankarta bat, Hendaiako Caneta portura bidean. GUILLAUME FAUVEAU

Marra gorriak pasatu direla uste du Lopezek: «Gauzak erabakiak izan dira, indarrez. Manifestazio hasieran jende batzuk miatuak izan ziren, beste batzuei kaputxak kenarazi zizkieten erranez ez zela lekua, eta gero, eman dugun irudia: kapitalismoaren eta gobernuaren egoitzak babestea. Eta hori erranez jendearen segurtasunarentzat dela». Aldanaren iritziz, ekintza kontsentsua hasieratik argi zen, eta ez da aldatu; kontsentsu hori bermatzeko neurriek dute eztabaida sortu. «Segurtasun txandak beti egon dira. Estrategia aldaketa aitzin ere. Ni oroitzen naiz, Baionan egiten ziren manifestazioetan: zenbat aldiz ez da egon jendea komisaldegia eta suprefetura aitzinean; hori beti existitu da. Aldi honetan inportanteagoa izan da, testuinguru berezi batean ginelako, eta ez ginelako bakarrik gu: bai kanpotik, eta bai Euskal Herritik, etorri da beste eskema batean zen jendea. Hori ikusi nahi ez duena itsua da. Kanpalekura etorri den jendearen parte bat ez zegoen plataformak markatutako markoa errespetatzeko hor».

Bizik ez zuen parte hartu ekintza kontsentsua definitzen, baina hartutako neurriekin bat egiten duela azaldu du Etxeberrik. Galdera beste aldera hartu du: «Noraino joateko prest da norbait ez dena ados erabaki kolektibo batekin? Prest ote da berak egindako banderola batekin manifestazioaren burua hartzeko plataformaren antolatzaileen gainetik? Prest ote da istiluak ekartzeko antolatzaileak baketsua izatea nahi duen manifestazio batera?». Aurpegia estaltzeak duen arriskuaz ere ohartarazi du, infiltratutako polizia bat egon zela gogora ekarriz; antzinako mobilizazio batzuetan, istiluan parte hartzen ari zirenak poliziak zirela agertu izan dela ere aipatu du. Aldana: «Frantzian bada mugimendu autonomoaren sektore bat, inolako errespetu militanterik ez duena beste ezkerreko eragileekiko, eta bere habia egiten duena besteen mobilizazioetan. Kukuaren sindromea da: arrautzak bestearen habian egiten ditu».

Ekintza kontsentsuaren definitzeak plataformaren barnean sortu zuen eztabaida kontatu du Dagerrek. «Hasieran uste genuen denak ados ginela, baina, momentu batean dudak agertu dira nolako ekintzak burutzen ahalko ziren». Liskarrak gertatzeko beldurra ikusten du abuztuaren 25ean egitekoak ziren elkarretaratzeen bertan behera uztearen gibelean. «Eragile batzuek erakutsi zituzten kezka handiak. Biziki ondorio larriak izaten ahalko zirela hemengo egoera politikoari doakionez». Bortairu: «Izan dira argumentu desberdinak: erran dute prefetak elkarretaratzeak debekatuko zituela. Noski, hori bagenekien. Gune debekatuan egiten dugu, hori da desobedientzia ekintza: ez baimendua egitea. Erran zuten jendearen segurtasuna ez zela bermatua; noski, bada arriskua ehunka atxilotu izateko. Horretarako egiten dugu: erakusteko, salatzeko, setio egoera, okupazio militarra. Bagoaz aurpegia ematera, ez gara etxean egoten, ateratzen gara kalera. Bestalde: gaizki prestatua zela... Biltzarrez biltzar ateratzen ziren estakuruak». Kontragailurraren denboran, zazpi elkarretaratzetik bakarrera pasatzea erabaki zuten, Angeluko Amodiozko Ganberan herri harresi bat osatzeko. Egunean berean, bertan behera utzi zuten. Bi argumentu eman zituzten: Joseba Alvarezen atxiloketa —hark zuen ekintzaren ardura—, eta parte hartzaileen segurtasuna ez zela bermatua. «Ez ginen baldintzetan», Aldanaren arabera. Plataformak esandakoez gain, gau hartan Urruñako kanpalekuan izan ziren istiluak aipatu ditu: «48 orduan bost ordu lo eginda zaudenean, kontsideratzen dut ez zaudela baldintzetan zerbait antolatzeko». Azken egunetan gertatua «anekdotikoa» iruditzen zaio Bortairuri; Enbata astekarian idatzi du gertatutakoez egiten duen kontakizuna: «Iragarritako anulazio baten kronika luzea izan da; frustrazio eta nahasketa anitz sortu ditu, jendeak ez baitu ulertu. Plataformak eman dituen argumentuak ez dira batere sinesgarriak; areagotu ditu zabaldu diren tesi konplotista batzuk, faltsuak direnak arrunt».


G7aren kontrako aldarrikapena, abuztuaren 24an Hendaian eta Irun artean egin zen manifestazioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

ETORKIZUNA

Urte gogorra izan da G7aren kontrako mobilizazioa antolatzen aritu direnentzat. Bilkura luzeak, eztabaida gogorrak, haserreak... Frustrazioak eta minak alde batera utzita, hilabeteko pausarekin, gehienek bat egiten dute irakaspen eta ondorio baikorrak utzi dituela errateko.

Eragileen eta militanteen artean elkar ezagutzeko aukera izan da, eta batzuen eta besteen artean konexioak sortu dira gerora elkarlan espazio berriak sor litzaketenak. «Harremanak sortu dira Frantziako eragile batzuekin. Gerora begira, elkarlan bat eramateko aukerak irekitzen ditu. Elkar ezagutzen dugu, elkarrekin lan egin dugu, konfiantza giro bat sortzen du», azaldu du Aldanak. Lopezen iritziz ere «anitzek diote sekulako topaketa izan dela, energiaz beterikoa, elkar ezagutza anitz egin direla... Bada horretarik ere, dena ez da beltz». Azkenik, LAB eta CGT sindikatuen artean hurbilketa izateko aukera ere izan zen. Urteetan, biziki harreman gatazkatsua izan dute Ipar Euskal Herrian, LAB etengabe intersindikaletik kanpo uzten baitzuten. Ficoban ematekoa zuen hitzaldiaren harira, Garbiñe Aranburu, Igor Arroyo eta Eñaut Aramendirekin bildu zen Philippe Martinez CGTko idazkari nagusia; hurrengo asteetan Parisen alde biko bat egitea adostu zuten.

Baina arantzarik ere utzi du, bai kontragailurraren antolatzaileen artean, baita bertan parte hartzera joandakoen artean ere. Ezkerreko sektore batzuetan frustrazio handia eragin du, eta modu mingarrian —eta batzuetan iraingarrian— agertu da Frantziako hedabide batzuetan. Euskal Herri mailan ere militante batzuen arteko harremanean eragin du, eta sektore batzuen artean elkarlana lotzeko, beharrezkoa izanen da konfiantza giro bat berreskuratzea. Herri mugimenduetatik «aukera polit bat» sortu dela uste du Hartzea Lopezek. «G7aren irakasgaia hori da, argi eta garbi: sor dezagun korronte bat. Eta izan gaitezen gai gureari eusteko. Bestela, beti izanen gara beste dinamiken herrestan».

Kontragailurrei eta horiei eman beharreko erantzunei buruz ere gogoetatzeko beharra azaleratu du batek baino gehiagok. Zer ekinaldi? Zer mobilizazio? Zer da erantzun egokia? Seattle eta Hanburgoko nostalgia gainditzeko beharra ere azaleratu dute iritzi batzuek. Eta borroka moldeei buruzko eztabaida ere mahai gainean ezarri du, eta bereziki desobedientziarena. Zer da desobedientzia ekintza bat? Nola antolatzen da? Zer baldintza eta berme eskatzen ditu? Zein dira mugak? Borroka molde ezberdinen osagarritasuna posible ote da?Plataformaren barruan bi ikuspegi agertu dira, argiki. Ikusi beharko da hemendik aitzina bakoitzak zer bide hartzen duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©Jaizki Fontaneda / Foku

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu du Egiari Zor-ek

Jone Bastida Alzuri

Aldarrikatu dutenez, beharrezkoa da aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek jasan dituzten biolentzia mota guztiak

 ©@PabloIglesias

Pablo Iglesias: «Demokrazia batek ezin du onartu torturak aplikatzea»

Lander Muñagorri Garmendia

'Non dago Mikel?' filmaren estreinaldian izan zen ostiralean Espainiako presidenteordea Irene Montero Berdintasun ministroarekin

Iñigo Urkullu, Beatriz Artolazabal eta Paco Etxeberria atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gerran hildakoen 110 gorpu topatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak aurkeztu du hobiak lokalizatu eta aztertzeko planaren balantzea. 27 baino ez dituzte identifikatu. Biktimen «duintasuna eta memoria» goratu dute

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, atzo. ©DAVID AGUILAR / EFE

Erkorekak eta Grande-Marlaskak Poliziaren jardunaz hitz egin dute

Maddi Ane Txoperena Iribarren Jon O. Urain

Lehendakariordea eta Espainiako Barne Ministroa espetxe eskumenen transferentziaz aritu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.