Irati Urdalleta Lete.
BOZ GORA

Lehen lerroan nor?

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Emakumeak politikako lehen lerrora goratu behar ziren, eta horrela egin dugu. [...] Hemendik aurrera, euskal politika, euskal instituzioak, esku onetan egongo dira, eta, hein handi batean, esku femeninoetan egongo dira EAJk pauso hori eman duelako». Harrabotsa sortu du EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esandakoak, eta bolo-bolo zabaldu da sarean. Badago zer aztertua minutu eta erdiko bideoan.

Batetik, kualitatiboki. Zer esan nahi du eskufemenino dioenean? Emakumeen esku? Hala bada, kontuan hartu beharko da erakundeak emakumeen esku egote hutsak ez duela bermatzen esku feministetan egongo direnik, ezta, horrenbestez, politika feministak egingo dituztenik ere.

Bestetik, kuantitatiboki. Datuek ezetz diote, oraindik ez dagoela orekarik botereguneetan. Alkategaien artean, esaterako, hirutik bi gizonak dira, eta bat emakumea. PSE-EEko eta PSNko alkategaiei dagokienez, %42 dira emakumeak. Berdintasunik ez. Desoreka handiagoa da gainerako alderdietan: emakume zerrendaburuak %39 dira EH Bildun; %37,5 EAJn; %36 Geroa Bain; %34 PPn; eta %31 UPNn.

Emakumeek, beraz, ez dute behar adinako ordezkaritzarik hauteskunde zerrendetan; zer esanik ez beste gorputz, izate eta identitate batzuek. Zenbat pertsona arrazializatu daude zerrendetan? Zenbat gorputz ez-normatiboak dituztenak? Zenbat LGTBI kolektibokoak? Ez daude ez lehen lerroan, eta, askotan, ezta bigarrenean edo hirugarrenean ere. Eta haiek ez badaude, nekez egongo da haien begirada ere. Alderdi guztiek dituzte etxeko lanak. Urte erdi inguru falta da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.