Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Transmisio komunitarioari beldurra

2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Azkeneko astean COVID-19aren hainbat berragertzeren berri izan dugu Hego Euskal Herrian. Horietan entzun izan dugu familia arteko transmisioa edo lokala izan dela eta transmisio komunitariorik ez dagoela oraingoz. Horrela al da?

Argi dagoena da kasu positibo horiek goraka doazela, eta birusa agerraldiek adierazten duten baino hedatuago dago.

Pandemiaren hasieran, Osasunaren Mundu Erakundeak lau egoera posible definitu zituen koronabirus berria transmititzeko. Lau egoera horietan, transmisio komunitarioa ere sartzen da, hau da, gaixotasunaren transmisio lokala, kasu inportatuengatik gertatzen ez dena, biztanleria bereko kideen artean gertatzen dena eta talde horiek loturarik ez dutenak lurraldean zehar. Definizio hori ikusita, Hego Euskal Herrian transmisio komunitarioa badagoela esan daiteke.

Berragertze horien segimendua da gaur egun hartu beharreko funtsezko neurria, azken finean birusaren kontrola ez galtzeko. Infekzio foku horietan kutsatuak egon omen daitezkeen pertsonak atzeman behar dira PCR test masiboak eginez. Baina jakinda birus horrek inkubazio-denboraldi luzea duela, noiz eta nola egin PCR horiek? Kutsatuta dagoen pertsona baten ukipen hurbilak aztertu beharko lirateke, eta lehenengo unean PCR testa egin, kasu positibo berriak garaiz detektatzeko helburuarekin. Ebidentzia zientifikoak dio, nahiz eta emaitza negatiboa izan, pertsona horiek berrogeialdian jarraitu beharko luketela hamalau egunetan. Berrogeialdi horren iraupena murrizteko, PCRa berriro egin liteke positibo kasuarekin azken kontaktua izan eta hamar egun igaro ondoren, eta emaitzaren arabera neurriak hartu. Hori ikusita, galdera da ea ukipen hurbil horiek berrogeialdian mantenduko diren bi astetan edo berriro errepikatuko zaizkien test masibo horiek pertsona horiei. Bi gauza horiek ez badira betetzen, ezinezkoa da esatea berragertzeak momentuz kontrolpean daudela.

Maskararen erabileraren behartzea ez da agintari batzuen kapritxozko neurri bat, birusaren hedapena eteteko neurria baizik. Aurreko zutabe batean aipatu nuen bezala, ebidentzia zientifikoak dio birusaren transmisioa %3raino jaisten dela erabiltzen denean, eta, maskara motaren arabera, baita %1era ere. Baina ezinbestekoa da erabilera hori egokia izatea eta denok erabiltzea, jarduera batzuetan kanporatzen diren arnas-tantak handiak izan daitezkeelako eta horrekin batera birus kantitatea ere bai (esate baterako, kirol ekintzetan).

Etengabeko zaintza eta erantzun azkarra funtsezkoak dira birusaren hedapena kontrolatu ahal izateko eta konfinamendu orokor gehiago saihesteko.

Osasunari dagokionez, zero arriskurik ez dago; beraz, babes-neurriekin batera saihestu behar dira birusaren hedapena errazten duten guneak: aireztapen gutxiko zonalde itxiak, leku jendetsuak eta distantzia fisikorik gabeko gertuko kontaktuak.

Egoera kezkagarria da, eta birusari errespetua izan behar diogu. Osasun publikoaren arloan, erantzukizuna partekatua eta guztiona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.