Pastor
DARWIN ETA GU

Le Pen Etxarrin

2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Eskuin muturraren aurkako elkarretaratzea egin dute Baionan Frantziako lehendakaritzarako bozen bigarren itzulia baino lehen. Zenbat lagun joan da Etxarritik protesta horretara? Zuberoako herri txiki horretan Marine Le Penek irabazi zuen lehen bozketan. Botoen % 34,94 bereganatu zituen. Eric Zemmour-ek boto-emaileen% 7,23ren sostengua jaso zuen.

Orotara, botoen % 42,17 lortu dute mezu arrazista eta xenofoboek Etxarrin. Bertan % 60 inguru dira herritar euskaldunak—hau da, euskal hiztunak, ez basque edo ez-basque erdaldunak—. Hortaz, Etxarriko euskaldun askok faxismo eta arrazakeriarekin bat egin dute. Bihar, agian, buruaz bozkatuko dute. Duela bi aste, ostera, bihotzaz egin zuten hautua.

Asaldagarria izango litzateke Hegoaldeko herri batean, euskaldunak herritarren % 60 dituen leku batean, Voxen hautagai Espainiazale arrazistak irabaziko balitu bozak. Abascalen alderdia seguruena ez, baina posible izango litzateke inoiz eskuin muturreko euskal alderdi politiko batek emaitza hori lortzea? Frantsestutako euskal arrazistak gailendu dira Etxarrin. Hegoaldeko balizko herri horretan euskal arrazistak nagusituko lirateke, Euskal Herria gogoan. Fatxen kontra egiteko eskatu du Ortuzarrek. Vox ulertu dugu denok. Fatxa espainiarrak. Eta euskal fatxak? Ez al dago euskal fatxarik?

The Economist aldizkariaren arabera, Frantzian azken hogei urtean izan den eboluzioa erakutsi du Marine Le Penek lortutako emaitzak. Haren iritziz, eskuin muturrak legitimazioa lortu du. Egun ez dago arazorik Robert Laffont argitaletxe ezagunak Charles Maurras (1868-1952) ultraeskuindar antisemitaren testuak argitaratzeko. Maurrasek «Frantzia eternala» miresten zuen, «herri erreala»: familia tradizioa, nekazal gizartea, eliza... Eta «herri legala» mespretxatzen zuen: errepublika antiklerikalaren egitura artifizialak. XIX. mendearen bukaeran bazegoen inor hari kontra egiteko. Emile Zola, esaterako. Orain, berriz, ezkerra umezurtz dago. Jean-Paul Sartre, Simone de Beauvoir, Albert Camus, Michel Foucault eta beste aspaldi joan ziren.

Horrek hainbat ondorio ekarri ditu. Libération egunkarian Melenchon-en alde egin duten zenbait herritar mintzatu dira. Horietako batzuek Le Pen aukeratuko dute bihar. Duela bost urte eskuin muturraren kontrako harresia egin zuten. Orain nekatuak dira. Le Penen aldeko «boto kontestatarioa» emango dute horietako batzuek. «Le Penek irabazten badu, jendea matxinatu egingo da. Ez diote egiten utziko Macroni onartu diotena. Jendea kalera irtengo da eta gure demokraziaren eta askatasunen alde borrokatuko da», adierazi du herritar batek.

Ezkerrari keinuak egiten ari zaizkio Macron eta Le Pen, Melenchonen botoak patrikaratzeko. Jean Ferrat-en Ma France kantatzen hastea besterik ez zaie falta—Robespierre eta Thiers-i egindako erreferentziak kenduta, noski—. Frantzia «potentzia ekologiko handia» bihurtu nahi du Macronek, gas, ikatz eta petroliorik gabe —baina 50 erreaktore nuklearrekin baino gehiagorekin—. Ezkertiarra izan daiteke gaur ekologista izan gabe? Eta ekologista ezkertiarra izan gabe? Izan ere, kapitalismoak mozorro berdea jantzi du: Indonesiako palma-olioa baztertzen du, baina gustura asko segitzen du langileen eskubideak urratuz bertan ekoizten diren arropa merkeak merkaturatzen. Nori saltzeko? Mendebaldean palma-olioa arbuiatzen dugun herritar kontsumitzaileoi.

CGT sindikatuko arduradun batek militanteentzako ikastaroak ematen ditu Parisen. Saio horietako batean atzerritarrek frantsesei lana kentzen dietela esan zuen mutil batek. Gizona harekin eztabaidatzen hasi zen. Diskurtso arrazistari eusten ziola ikusita, gelatik irteteko esan zion. «Bataila ideologikoa galduta dugu» —azaldu dit, etsita— «kontsumismoa eta muturreko indibidualismoa nagusitzen ari dira gazteenen artean».

Wikipediaren arabera, 2019an 154 lagun bizi ziren Etxarrin. Langabezia hutsaren hurrena da han. Zenbat atzerritarrek kendu diete lana bertako euskaldunei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.