Pentsioak. Eguneratzea

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herrian

Iaz ez bezala, aurten batez besteko pentsioa handiagoa izango da urte amaierakoa baino. Batez besteko pentsioa 115 euro handituko da, eta erretiratuena 128 euro

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herrian.
Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko pentsioek azken hiru hamarkadetan ikusi gabeko igoera bat izango dute 2023. urtearen hasieran. %8,5 igoko dira: ehunekorik handiena 1990. urtean %8 handitu zirenetik. %7ko inflazioari aurre egin zion orduko igoerak, eta egoera oso antzekoa da orain: Hegoaldeko datua bi aste barru jakingo da, baina Espainian %6,8 igo dela dio INEk atzo aurreratutako datuak. Baina pentsioak eguneratzeko kontuan hartu behar den datua Espainiako batez besteko inflazioarena da, eta hori %8,5 izan da azken hamabi hilabeteetan —2021eko abendutik 2022ko azarora—.

Eurotan, batez besteko pentsioa 115 euro handituko da, 1.336 eurotik 1.450era. Erretiro pentsioak, hortik gora: batez beste 1.510 eurokoak dira orain, eta 1.638 eurora iritsiko dira 2023. urtea hastearekin batera.

Behin-behineko kopuruak dira, INEk abenduaren 14an baieztatu edo berrikusiko baituazaroko inflazioari dagokion azken datua. Gerta daiteke igoera hamarren bat txikiagoa izatea, azaroko urte arteko %6,8ko inflazioak batezbestekoa %8,45 izatea ekarri baitu.

Nola kalkulatu behar da?

Batez besteko inflazioa kalkulatzeko, hilabete bakoitzean urte arteko inflazioak izandako gorabeherak batu behar dira, eta ondoren zati hamabi egin. Azaroa eta ez abendua aukeratzeko arrazoia da INEk ez duela abenduko datua urtarrilaren erdira arte baieztatzen eta, hortaz, ezin dela erabili urtarrilaren 1etik indarrean izan behar duen arau baterako.

Inflazioa batez besteko inflazioaren arabera handitzea Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek, eta CEOE patronalak hitzartu zuten 2021eko udan, pentsioen erreformaren lehen partean. Horrela betetzat jo zuten Toledoko Itunak agindutakoa, hau da, pentsiodunek erosahalmena ez galtzea. Beraz, amaitu dira espero zen inflazioaren araberako igoerak, eta akabo Gizarte Segurantzaren kontuen egoerara lotutako sistema ere, PPk bere gehiengo osoaren garaian onartutakoa. Azken horrekin %0,25 baizik ez ziren igo 2014tik 2017ra.

Bost urteko epean berrikusi behar dute eguneratzeko sisteman aldaketarik egin behar ote den.

Nahiz eta legea 2022ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, pentsioak eguneratzeko sistema hori aurreko urtean ezartzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta horrek ekarri zuen aurten pentsioak %2,5 handitzea. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kritiko agertu zen erabaki horrekin, eta «inflazio errealaren» araberako eguneratzeak eskatu dituzte orduz gero; hots, urte amaieran izandako igoera aplikatzeko. Iazko azaroan, %5,5 izan zen igoera, eta horregatik argudiatu dute erosteko ahalmena galdu dutela.

Aurten, ordea, doi-doi kontrakoa gertatu da: batez besteko inflazioa handiagoa izan da azarokoa baino. Izan ere, inflazioak goia jo zuen udan —%10,8 uztailean eta %10,5 abuztuan—, baina azken hilabeteetan nabarmen egin du behera, hainbat arrazoiren ondorioz: udazkeneko haizeak energia eolikoaren ekarpena handitu du, eta argindarra merkatu; atzeraldi hotsak petrolioaren prezioa apaldu du; eta iazko inflazioarekiko aldea txikitu egin da, iazko udazkenean bertan hasi baitzen prezioen emendatzea.

Luzera begira, alderik ez

Berez, luzera begira, batez besteko inflazioaren eta urte amaierakoaren arteko alde esanguratsurik ez dagoela baieztatu du Jon Bernat Zubiri EHUko Ekonomia irakasleak. «Urtez urte gauza bera egiten bada, amaieran emaitzak bera izan beharko luke. Gainera, horrela eragotz daiteke hilabete jakin batean ezohiko zerbait gertatu eta inflazioak gorakada itzel bat izan badu haren eragina pentsioetara igarotzea».

Datuek baieztapen hori indartzen dute. Horrela, INEren arabera, 2003tik 2022ra bitarte, Espainiako urte amaierako inflazioa (azarokoa) 42,7 puntu portzentual igo da, eta batezbestekoa, berriz, 43,2. Hogei urte horietan, urte amaierakoa batezbestekoaren gainetik izan da bederatzi aldiz, eta gainetik 11 aldiz. Batek eta besteak hiru aldiz izan dituzte balio negatiboak. Aurrerantzean hori gertatuko balitz, legeak dio pentsioak ez direla aldatuko, eta, hortaz, erosteko ahalmena handituko zaie pentsiodunei.

2023an ere baliteke aurtengo gauza bera gertatzea, eta batez besteko inflazioa handiagoa izatea urte bukaerakoa baino. Goitik hasiko du urtea, eta, aurreikuspenen arabera, apaldu egingo da urteak aurrera egin ahala.

Erretiro pentsio gehiago

Gizarte Segurantzaren azaroaren 1eko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 710.735 pentsio zeuden urriaren amaieran. Pentsiodunak gutxiago dira, gutxi gorabehera hamarretik batek bi pentsio jasotzen dituelako. Pentsioen bi herenak erretiro pentsioak dira (472.275), eta horiek dira goranzko joera duten bakarrak, biztanleria zahartzen ari delako eta orain erretiroa hartzen ari direnen artean kotizatzaile gehiago daudelako. Horrela, 2008ko urtarrilaren 1ean baino %32 erretiro pentsio gehiago daude orain; tarte horretan, %20,5 ugaritu dira pentsioak.

Erretiroa hartzen ari direnen pentsioak, oro har, handiagoak dira aurretik zeudenenak baino. Horrela azaldu daiteke pentsioak %2,5 igo arren haietan egindako gastua %4,8 handitu izana azken urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.