Angel Erro.
JIRA

Amnistia

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Esako alkateari ez dio graziarik egin 90 urteko andre batek gogoratu izana, izen eta abizen, herrian gertatutakoa: gerra zibilean eta ondorengo arpilaketan. Esako alkatearen aitona ere alkatea izana zen, eta Carmen Garcia Pellonen arabera, fusilatutakoaren lurrak bereganatu zituen. Alkateak jarraitzen du alkate, baina hobe ez gogoratzea askotan nondik heldu diren botere eta aberastasuna. Amnistia lege bat egon zen, 1977an. Itxura batean, diktaduratik atera eta preso politikorik gabe ekiteko garai berriari, baina benetako onuradunak frankismotik burututako bidegabekerien egileak izan ziren. Ez du inork epaile baten aurrean joan behar izan. Atzerriko epaileren bat saiatu da, baina kia. Amnistia egon zela gogoratu eta kito.

Amnistiak ahanztura esan nahi du grezieraz. Delituez ari garela. Memoria historikoa, antidotoa gabe, 40 urteren buruan emandako aringarri bat. Gogora dezakegu gertatutakoa, baina epaitu ez. Inork ez du gertatua zertan ordaindu. Batzuetan ematen du ezta hautetsontzietan ere. Eta, bitartean, auzietara jo duena Esako alkatea da, andre batek dakiena bere horretan, izen eta abizen, kontatzeagatik. Edo Francoren ministro baten senideak, heriotza zigorrak sinatu zituela gogoratu duenaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.