Angel Erro.
JIRA

Goian bego

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Estatubatuarra izateari uko egindako rock kantari bat eta euskal idazle bat hil dira orain gutxi. Aspaldidanik buruan dabilkidan zutabe honen harira haiek aipatzen ditut, baina beste batzuk izan litezke, noiz idatzi dudan.

Hildakoa euskalduna denean batez ere sare sozialak betetzen dira notiziari laguntzen dioten doluminezko adierazpenez. Ohartu naiz anitzek saihesten dutela Goian bego esapide tradizionala, batzuetan sigla berdineko Gugan bego edo gutxiagotan Gogoan bego bihurtuta. Esapide ederrak haiek ere, agian poetikoegiak, irudimentsuak, ez balute, nire ustez, hain ozen islatuko isildu nahi duten jatorrizkoa. Lurra arin bekizu (edo dakizula) klasikontzi eta poxi bat dotore-ustearekin gauza bera gertatzen da, baina saihesbidea urrunagora eramanda.

Bai, badakit goian-begok duen edo historikoki izan duen kutsu erlijiosoa dela hura erabili nahiago ez izatearen arrazoi nagusia. Baina ez dut ulertzen zergatik ezin dugun, beste kontu askorekin egin bezala, esapideko elementu hura (zeru kristauari erreferentzia egiten dion goi partikula) birsignifikatu, eta laikotu. Zergatik ezin dugun ulertu joan berri zaigun norbaiti goian egotea opatzen diogunean gehien entzun edo irakurrien zerrendako lehen postuetan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.