Mutatzeko tarterik ez uztea da gakoa

Bakterio aldaera batzuek antibiotikoekiko erresistentzia dute, eta, horiek tratatzeko, beste bide batzuk behar dira; hidrogel antimikrobiarren alternatiba aurkeztuko du Haritz Sardon kimikariak, Materialen Zientzia eta Teknologia kongresuan.

Antibiotikoekiko erresistentzia neurtzeko test bat. Eskuineko diskoan erresistentzia handiko bakterio bat dago. CDC.
Amaia Portugal.
Donostia
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hurrengo ostegun eta ostiralean, uztailaren 3 eta 4an, Materialen Zientzia eta Teknologiari buruzko II. kongresua egingo dute Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Carlos Santamaria zentroan. Bigarren aldiz antolatu dute euskara hutsezko biltzar hori, duela bi urte Arrasaten (Gipuzkoa) egindako estreinakoari lekukoa hartuta. Antolatzaileek nabarmendu bezala, materialen arloan sortzen ari diren aurrerapenek eragin handia dute eguneroko bizitzan, eta horren lekukotza emango dute alor horretan ikertzen diharduten hamarnaka hizlarik.

Horien artean izang da Haritz Sardon kimikaria. Kongresuaren antolatzaile den Polymat institutuan ari da doktoretza ondokoa egiten, eta Kalifonian (AEB) aritu zen aurreko bi urteetan, IBM ikerketa zentroan. Hain zuzen, han abiatu zuen ikerketa gaia izango du hizpide biltzarrean: «IBMn programa oso sendo bat dute, eta nanomedikuntzan lanean hasi dira. Programa horretako zati bat antibiotikoekiko erresistentzia daukaten bakterioak erasotzeko tresnak sortzean datza. Eta ikusi dute material polimerikoek eraso diezaieketela bakterioei beste modu batean», azaldu du.

Erresistentzia garatu

Duela hiru urte, E. coli bakterioaren andui batek epidemia bat eta 33 hildako eragin zituen Alemanian. Bestalde, Staphylococcus aureus bakterioaren MRSA anduiak azalean eragiten ditu kalteak besteak beste, eta 19.000 lagun hiltzen ditu AEBetan urtero. Antibiotikoekiko erresistentzia garatu duten eta ondorioz tratatzen oso zailak diren bi infekzioren adibideak besterik ez dira horiek.

Herrialde aberatsetan antibiotikoak behar baino gehiago erabiltzen direnez, bakterio batzuek ikasi egin dute, nolabait esatearren, horiei neurria hartzen. Izan ere, antibiotiko konbentzionalek ez diote bakterioaren morfologiari eragiten, eta, ondorioz, tartea ematen diete mutatzeko gaitasuna garatu eta antibiotikoarekiko erresistentzia sortzeko. Alternatiba gisa, makromolekula antimikrobiarrak baliatzeko aukera ikertzen ari da IBM: mintza suntsitzeko ahalmena dute, eta, horri esker, bakterioak oso zail du antibiotikoen aurka izan dezakeenaren moduko erresistentziak garatzea. «Bakterioei beste modu batean erasotzeaz ari gara. Horrela eraso eginda, bakterioek ez dute halako defentsarik sortzeko gaitasunik. Badute, baina askoz ere txikiagoa», esan du Sardonek.

Antibiotikoen alternatiba gisa, makromolekula familia jakin batekin aritu da lanean Sardon: hidrogel antimikrobiarrak. Izan ere, MRSAk eta erresistentzia handiko beste zenbait bakteriok azalean eragiten dituztenez infekzioak, hidrogela oso material egokia da, aposito moduan erabiliz bide horretatik bakterio egoskorrari erasotzeko. Sardonen hitzetan, «hidrogelak ura xurgatzeko gaitasun handia dauka. Ur horrek fluidoen garraioa ahalbidetzen du, eta fluido horiekin zelulak hobeto birsortzen dira. Gainera, jakina da zauri oso handi bat daukagunean hobe dela hori agerian uztea estaltzea baino».

Biodegradagarria

Hidrogelen propietate horiek kontuan hartuta lan egin du Sardonek IBMn, zehazki polikarbonato alifatikoa baliatuta: «Gure ikerketaren azken zatian, sortu genuen bakterioak akabatzeko gai den eta oso biodegradagarria den material bat». Izan ere, horixe da hidrogelaren beste abantailetako bat. Biodegradagarria izanik, bere kabuz desegiten da, eta ez dago hura kendu beharrik, ez eta kentzean birsortu den azalaren zatiren bat harekin batera eramateko arriskurik ere. «Ikusi da ahalmena duela astebeteren eta gehienez hilabeteren buruan gorputzaren baldintzen pean degradatzeko. Normalean, biobateragarriak dira material hauek, gorputzean erabiltzeko oso egokiak».

Malgutasun handia eskaintzen du Sardonek ostiralean kongresuan aurkeztuko duen materialak. Ezinbestekoa da hori, zauri mota desberdinentzat baliagarria izango bada: «Guk azterketa orokor bat egin dugu, frogatzeko material honekin bakterio jakin batzuk hiltzeko gai garela eta, aldi berean, ez diela kalte egiten azaleko zelulei. Gero, zauriaren arabera, ur gehiago edo gutxiago xurgatzen duen apositoa beharko da, propietate mekaniko jakin batzuk. Ez baita gauza bera zauria eskuan edo aho barruan izatea; ingurunea oso desberdina da».

IBMn simulazioekin lan egiten da. Hori dela eta, Sardonek eta lankideek ideia garatu dute, baina ez dute aplikatu, zentro horrek ez baitu baimenik saio klinikoak egiteko. Orain, kongresu honetan eta beste batzuetan, proposamenaren berri ematea dute asmoa, farmazia enpresen interesa pizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.