Ez dituzte bakarrik abizenak gisakoak, fisikoki ere antza aurkitzen diet nik Pedro Pascal eta Paul Mescal aktoreei. Bigarrena, albotik ikusita batez ere, Pascalen petoa da. Badute beste zerbait elkarrekin, modako antzezleak dira biak, arrakastatsuak, ospearen fase ezberdinetan badaude ere. Pedro Pascal da ezagunena, orain. Azkenaldian puri-purian dauden edo egon diren telesailetan hartu du parte (Tronu Dema, Narcos, The Mandalorian, The Last of Us).
Paul Mescal hogei urte gazteagoa da eta lehenago lan gehiago eginak bazituen ere, Aftersun film apal eta ederra du orain arteko ezagunena. Laster etorriko zaio, baina, fama globalagoa, Ridley Scottek datorren urtean estreinatu nahi duen Gladiator filmaren bigarren zatian protagonista izanen baita.
Gaur tarte luze batez begiratu diet bi-biei, gertatu den edertasun paradigma kanonikoaren aldaketa ñimiño baina nabarmenaz jabetu nahian. Eragin ditzakeen albo ondorio guztiak aurreikusteko ezgai. Ikusi dut bideo batean Pascal, ohi bezain sinpatiko, esanez ez omen duela ulertzen kulturalki zer gertatu den bera bezalako bat jendeak izateko begiko. Edertasuna eta arrakasta, kausa-ondorio edo ondorio-kausa, lotuta jarraitzea gertatu ez den aldaketa kultural bakarra.

JIRA
Pascal & Mescal
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu