Angel Erro.
JIRA

Kukurrukuka

2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Hiriaren eta herriaren arteko lehia moduan ulertu da Frantzian Maurice izeneko oilar baten kukurrukuen kausaz egon den auzi judiziala, azkenean oilarraren jabeak irabazi duena. Azkenean, oilarrak kukurruku jotzen jarraitu ahal izanen du, horrek salaketa jarri duen auzokideari eragozpena sortu arren. Jakin ahal izan denagatik, kanpotarra da oilarraren auzokidea, hiritik herrira alde egindakoa, suposatzen denez, hiriaren anabasatik herriaren lasaitasunera. Hiriaren eta herriaren arteko lehia edo tirabiraz hitz egin da, baina zehatzagoa litzateke herriaren eta jendeak herriaz duen irudi mitifikatuaren arteko lehiaz edo tirabiraz hitz egitea. Estresak jotako kalekumeek kontrakoa iritzi arren, herriek (onerako eta txarrerako) soinu banda propioa dute, usain banda propioa dute, eta batzuetan baita banda zabala ere. Landa deskonektatzeko erabili nahi duenak jakin behar du bertako jendea berez konektatuta bizi dela, eguneratuta, WiFidun. Nel Cañedo artzain eta youtuber asturiarrak, esaterako, biral bihurtutako bideo batean landa turismoaren zentzugabekeriak salatzen zituen. «Orduan, zertara zatozte landara?». Sotu Cangues herrian epaile batek bai itxiarazi omen du oilategi bat, aurten, landetxe baten ondoan zegoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.