Angel Erro.
JIRA

Guztiaren jatorria

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jaime Mayor Oreja itzuli da, bi adierazpenekin. Arretaz leitu eta exegesia egin beharrekoak, lehen begiratuan kontraesankorrak ematen dutelako, edo, estutzen banauzue, burutik sanoegi ez dagoen batek eginak. Brexit, txaleko horiak, Kataluniakoa eta, suposatzen dut, nortaz ari garen, baita Euskal Herrikoa ere, abortuaren legalizazioan jatorria duten nahasmenduak direla (berak desordena hitz fakultatibo eta antigoalekoagoa erabili du). Hori El Mundo-n esan du orain bi aste. Berrikiago, hitzaldi batean adierazi du «Procés-a Zapatero, ETAren eta ERCren arteko itunaren ondorioa» dela. Goi arnasadun pentsamenduetan adituren bat behar genuke, ulertzeko hemen aipatutakoek abortuaren erru orokorra ezeztatzen duen edo bigarren mailako kausak diren.

Aditu berak argituko zigun hitzok txantxetan hartu ala beldurrez. Bai JMOk «Emakumeek lan egiteak ez du atzerakorik, baina abortuak oraindik bai» esan dezake (emakumearen autonomiak grazia handirik egiten ez diola hitzerdika agertuz), One of us lobby ultrakatolikotik, baina baita «ETAk Katalunian ez hiltzeko konpromisoa hartu zuen, haustura proiektuan ERCk ETAren txanda hartzearen truke» ere, terrorismo katalan baten behar espainola asetzen duen argudiobidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.