HILBERRIA. Robert Frank

AEBetako B aldearen erretratugilea

WALTER BIERI / EFE.
itziar ugarte irizar
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
AEBetako errepideetan abiatu eta bederatzi hiletan erabili zituen 767 karreteek eta hartutako 27.000 irudiek eman zioten behin betirako izena Robert Franki. The Americans argazki liburua plazaratu zuen bidaia haren ostean, eta argazki liburuak XX. mendeko argazkilaririk esanguratsuenetako bat bihurtu zuen. Gerraosteko gizarte estatubatuarraren erretratu gordin bat erakutsi zuen bertan, zuri-beltzean, eta garaiko kanon estetiko eta teknikoak albo batera utzita. Abertzaletasun ahaireetatik urrun, gizarteko sektore baztertuetara jo, eta ordura arte inoiz kamera baten aurrean jarri gabeak hartu zituen irudietan.

Suitzan jaio zen, 1924an. Etxe oneko semea zen, eta harengandik espero zuten negozio gizonaren bidetik ihesi heldu zen AEBetara, ordurako argazkilaritzan hasita. AEBetan beti arrotz sentitu zela zioen, eta, kritikoen arabera, arrotzaren begirada horri esker lortu zuen ukitu gordin, ireki eta zirraragarria bere argazkietan.

The Americans 1958an argitaratu bazuen ere, ia hamarkada batera heldu zitzaion haren oihartzuna. Ordurako argazkilaritzatik zinemagintzara egina zuen jauzia. Beat belaunaldiko idazle eta artisten adiskide zen, eta elkarrekin aritu ziren hainbat lanetan; esaterako, Jack Kerouacek idatzi zuen Pull My Daysy, Franken lehen filma, eta hurrengo lanetan aktore lanetan jarri zituen, besteak beste, William Borroughts, Allen Gingsberg eta Joe Strummer. Garai haran zalaparta nahikoa eragin zuen dokumental bat ere filmatu zuen: Cocksucker Blues, Rolling Stones taldearen 1972ko bira jasotzen duena. Debekatu egin zuten, droga kontsumoari eta sexuari lotutako hainbat irudirengatik. Denera, 30 filmetik gora egin zituen, denak lan underground esperimentalak.

Autorretratuen serie batekin itzuli zen argazkilaritzara, 1972an, eta Brunswick Berrian (Kanada) hartu zuen bizitokia. Bertan hil zen, atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.