Lide Arana.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Garaiko elikagaiak, garaira egokitzeko

2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Jakina da garaiko elikagai lokalak kontsumitzea arrazoi askorengatik onuragarria dela. Dena den, orain arte hain ziur ez genekiena da garaiko elikagaiek urte sasoiko baldintzetara egokitzen laguntzen digutela.

Munduaren beste puntatik ekarritako elikagai exotikoen kontsumoaren onurak anitzak eta aberatsak izan daitezkeen arren, ezin dugu ahaztu ez dela ekoizpen eta kontsumo sistema jasangarriena. Hori dela eta, lokalki ekoitziriko eta urte sasoi bakoitzari dagozkion elikagaien kontsumoari garrantzia ematen zaio, beste gauzen artean, elikagaien ekoizpen eta kontsumo lokala klima aldaketari eta ekonomia ez-zirkularrari alternatibak eraikitzeko aukera izan daitekeelako.

Aipaturiko argudioak gutxi iruditzen bazaizkizu, jakin badagoela ere arrazoi fisiologiko bat garaiko elikagaiak kontsumitzeko. Izan ere, azken ikerketek diotenez, garaiko elikagaien kontsumoa animalien gorputza urte sasoi horretako baldintzetara egokitzeko ezinbestekoa da.

Argitaratu berri den ikerketa lan batean panda basatien urtaroaren araberako elikadura aldaketak haien metabolismoaren erregulazioan duen eragina aztertu dute. Europan lehen aldiz Ezpeletako apaiz batek dokumentatu zuen hartz espezie hau bi dieta ezberdinen bidez elikatzen dela urtean zehar. Apiriletik abuztura xurgapen errazeko karbohidratoetan eta proteinetan aberatsak diren kimuak jaten ditu, eta kimurik ez dagoenean, banbu hostoen bidez elikatzen da, xurgapen mantsoagoa duten karbohidratoz osaturik daudenak. Ugaztun handi honen metabolismoaren egokitzapena aztertu ondoren, frogatutzat eman dute urtaroaren araberako elikadura aldaketak animalia horren hesteetako mikrobiotan eraldaketa ziklikoak eragiten dituela. Honela, elikagai bakoitzak mikrobiota konposizio desberdin bat faboratzen du, eta kimu-sasoia denean gailentzen diren mikroorganismoek hartzaren gibelean gantzen sorrera bultzatzen duten konposatuak ekoizten dituzte. Beraz, kimuak jateak hartzaren mikrobiota modu jakin batean eraldatzen du, eta horrek gibelaren metabolismoa doitzen du, gantza sortu eta metatzeko. Era horretan, kimuak jaten dituzten garaian panden gorputzen pisuak nabarmen egiten du gora, eta hosto sasoia itzultzen denean gantz erreserba honetaz baliatzen dira.

Gizakietan mota honetako azterketak egitea konplexuagoa da, dieta bezalako faktoreak zehazteko zailak diren aldagaiak baitira. Dena den, ikerketa bakan batzuk topa daitezke baldintza berezietan bizi diren pertsona taldeetan oinarrituak. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetan kokaturiko Huterita komuna batean burutu zuten ikerketa baten bidez frogatu zen garaiko elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonen mikrobiota urtaroaren arabera aldatu egiten dela. Horren ondorioak oraindik ondo ezagutzen ez ditugun arren, mikrobiotaren funtzio eta garrantzia kontuan izanda, pentsatzekoa da aldaketa zikliko horiek metabolismoan ondorioak izango dituztela.

Kontsumo talde batean sarturik bazaude, agian urte sasoi honetan asteroko otarrak hartua duen negu gorriko itxurak antipodetako uda zaporedun barazki edo fruituren bat erosteko bulkada sortu dizu. Bada, baduzu arrazoi berri bat honezkero nola prestatu ez dakizun aza horri beste begi batzuekin begiratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.