Obabaren interpretazio infinituak

Stuttgarteko Antzoki Nazionalean taularatu dute 'Obabakoak', euskaraz eta alemanezko azpidatziekin. Euskal lanen munduratzea nabarmendu dute aktoreek eta Atxagak berak.

aitor biain
Stuttgart
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Obaba asko daude norbanakoen imajinarioetan. Ziurrenik, Bernardo Atxagak sortutako fantasiazko herria ez da berdina izango Asteasuko (Gipuzkoa) irakurle baten iruditerian edo Bilboko ikusle baten begietan. Gauzak are desberdinagoak izan daitezke Euskal Herriko mugetatik kanpo. Edo ez. Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoaren interpretazioa taularatu dute Stuttgarteko (Alemania) Antzoki Nazionalean. Euskara hutsean, eta alemanezko azpidatziekin. Obaba, Alemaniatik ikusita ere, Obaba da oraindik ere.

Iñake Irastorza aktoreak iritzi dio askok Obabarekiko irudi «bukolikoa» edo «erromantikoa» eraiki dutela. Eta «harritu» egiten du horrek, bere interpretazioa oso bestelakoa baita. Kazetariekin bildu dira aktoreak entsegu orokorra egin aurretik, hoteleko hallean. «Baina ni neu ere Obaba naiz», erantsi du. «Bertsio asko egin daitezke, baina pentsatu behar da zer kontatu nahi den eta zer erakutsi nahi den». Hori bera nabarmendu du Ainhoa Etxebarriak ere: «Jende askok kolore batzuekin margotzen du istorioa. Baina guk publikoari orokorrean ihes egiten dieten koloreak hartu eta taularatu ditugu».

Antzeztaldeko kideak bat datoz, hain zuzen, obrak jasotako askotariko iritziekin. Adierazi dute Bieitok eleberriarekiko egindako interpretazioa «berezia» dela, eta, ondorioz, iritziak ere «muturrekoak» izan direla. «Erokeria, bakardadea, perfekzioa bilatu nahia…Gogorra da egin den bertsioa, eta gogortasun hori islatzen da agertokian ere», azpimarratu du Irastorzak. «Nahiz eta gustatu, deserosotasun puntu batera eramaten zaitu. Barrutik hori ikusi dugu». «Askok esan digute: ez da antzerki obra bat, beste zerbait da. Agian arrazoia dute», Itziar Lazkanok.

Ildo horretatik, gordin hitz egin du Koldo Olabarrik: «Hobeto funtzionatu du Euskal Herritik kanpo bertan baino». Miren Gaztañagak euskaldunen imajinarioan sortutako irudiarekin lotu du ondorio hori. Liburuaren ideia «itxiegia» egin dela dio: «Oso irudi sinboliko konkretuetara lotuta gaude, eta bat-batean, espero ez dugun hori ikustean, kosta egiten zaigu asimilatzea».

Diziplinen arteko desberdintasuna aintzat hartu beharraz mintzo dira guztiak.«Obabak badu puntu unibertsal hori, baina antzerkiak konektatzen du oso zuzenean giza gordintasun batekin. Bakoitzaren irakurketaren araberakoa da», dio Gaztañagak. Bada, Stuttgarteko emanaldiarentzat aldeko faktorea izan dela hori uste dute denek. Bieitoren figura ere azpimarratu dute aktoreek, haren lan egiteko modua: praktikoa eta konfiantzazkoa dela diote, aktoreei askatasun asko ematen dizkiena. Eta Obabakoak Alemaniaraino heldu izana, aktoreen hitzetan, hari esker izan da neurri batean.

Mundura, zirrikituetatik

Alemanian izan da Bernardo Atxaga ere. Haren literatura lanean oinarritutako obraren emanaldia ikustera joan da Stuttgartera. Pieza taularatu aurretik hizketaldi bat eman du Bieitorekin batera, Obabakoak-en nondik norako guztiak azaltzeko; finean, dagoeneko aski ezaguna den mundua gehiago ezagutarazteko. Ez alferrik, nazioartean gehien ezagutzen den euskal eleberrietako bat baita. Euskarazko literatur lanik itzuliena da gaurdaino, eta idazleak aitortu duenez, alemanerara egindakoa izan zen aurrenekoa. Bidea egiten jarraitzen du ordutik, halere. Atxagak dio «zorioneko» sentitzen dela haren lanak izandako harreragatik; berak liburua idatzi baino ez zuela egin uste baitu. «Baina ondoren lan berbera jaio zen halako izar batekin», erantsi du.

Idazleak iritzi dio eragile askoren lanari esker iritsi dela eleberria Alemaniako antzoki batera. Baina hiru arrazoi azpimarratu ditu: alde batetik, Euskal Herrian azken urteetan lortu den «maila ekonomikoa» nabarmendu du, eta, bestetik, euskarazko kulturak izan duen «gizartearen babesa». Hirugarren baldintza, berriz, Arriaga eta Bieito bera dira. «Batzuetan komeni da aitortzea: honaino etorri da euskal gizartearen diruarekin, euskal politikaren babesarekin, eta Arriaga bezalako erakunde batek erabaki duelako bere ekoizpen propioak egitea». BBKren eta Bilboko Udalaren laguntza izan du Arriagak Obabakoak egiteko.

Idazleak ez du parte hartu nahi izan egokitzapen prozesuan. Uste du, buru-belarri sartuta egon ezean, «enbarazu » baino ez dela egiten halako kasuetan. Atxagak aintzat hartu beharreko gutxieneko baldintza bat badela dio, ordea: lanaren «ideologia» edo «arima». «Ezin da faltsutu». Bada, konfiantza osoa du Bieitorengan. Haren egokitzapena erabat «espresionista» izan dela dio. «Bere interpretazioa egin du, eta niri mesede egin dit. Atera du Obaba bere estereotipoetatik».

Euskarazko lanen munduratzeari dagokionez, argi du aurreiritzi eta konplexutasun gehiegi direla. Katuari zazpigarren hanka bilatzen saiatu arren, beti lau izaten jarraituko baitu. «Zernahi idazten dugula ere, zernahi hizkuntzatan, segituan gaude munduan», azpimarratu du. Hizkuntza gutxituen mundu itxiaren argudioak ez duela balio dio: «Ez gaude munduan munduko jendea ez delako Martekoa, gure hitzen azpian mundu bakar bat dagoelako baizik». Bada, edozein arrazoi baliatu beharko litzateke jauzia emateko, haren hitzetan: «Edozein zirrikitu da ona mundura joateko; ezin da bestela izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.