Luis Mari Bengoa. Kazetaria eta herri kirolen sustatzailea

«Herri kirol peto-petoa herriko sustraia duena da, herritarrek egiten zutena»

Gaztetatik aritu da Bengoa hamaika saltsatan sartuta, eta oraindik ere bide horretan jarraitzen du, hala nola herri kirolak bultzatzen. Haren ustez, euskal erroak dituen horren alde egin beharra dago, kanpoko beste inork ez baitu egingo.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Elosu
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Elosun (Araba) bizi da egun Luis Mari Bengoa (Otxandio, Bizkaia, 1944). Etxearen kanpoaldean 320 kiloko harria du, herri kiroletako afizionatuaren seinale gisa. Izan ere, urrats ugari eginikoa da arlo hori bultzatzen, eta baita beste hainbatetan ere. Arabako nekazarien eta abeltzainen alboan egon da urte luzez, eta kazetari gisa ere hainbat lan eginikoa da. Bidean ezagututako jendea da harentzako altxorrik ederrena.

1975ean egin zenituen lehen urratsetako batzuk herri kirolen alde. Zergatik?

Gasteizko aurrezki kutxan hasi nintzen lanean, eta probintziala ere bazegoen, indar handiagoarekin. Munizipalera iritsitako zuzendari berriek, beraz, lurraldea pixka bat ezagutzen nuenez, esan zidaten bulegora pasatuko nindutela, baina, horretarako, zer egiten nekien erakutsi behar nuen. Liburuak saltzen aritu nintzen aurrez, eta bertan ikasitako salmenta estrategiak jarri nituen martxan munizipala indartzeko.

Herri kirolak antolatzea izan zen estrategia?

Franco orduantxe hil zen, eta askatasun pixka bat gehiago geneukan. Herri kirolei laguntzea erabaki nuen, eta, trukean, haiek, kutxari. Zuzendaritzak baimena eman, eta festibalak antolatzen hasi ginen. Mikrofonoa eskuan, azaltzen nuen aurrezki kutxak antolatutako jaialdi bat zela, eta, aldi berean, gure herriko kultura zela. Txiste batzuk ere kontatzen nituen. Parafernalia. Hurrengo egunean itzultzen ginen tinbreak jotzera eta bezeroak lortzera. Arabako herrien arteko txapelketa ere antolatu genuen 1977an.

Zer harrera izan zuten herri kirolek garai hartan?

Txapelketak egiten ziren, baina ez asko. Franco zegoen. Gure herri kirolak apustuei esker mantendu dira bizirik, baina gerora egin ziren aldaketak, eta, apustuen ordez, markak jartzen hasi ziren. Gu ere orduan hasi ginen lanean. Jende gutxi egon arren, eman genituen pausoak. Sokatiran, adibidez, hiru talde bidali genituen Europako txapelketara, eta hor boom bat hasi zen. Emakumeak ere sartzen hasi ziren pixkanaka. Egun, sokatira hor dago oraindik ere.

Esku pilota ere hor dago.

Bai, eta sarritan esaten da pilotan onenak garela, baina ez dago beste modalitate batzuk bezain zabalduta. Sokatiran, esate baterako, nazioarteko herririk aberatsenek hartzen dute parte, hala nola Ameriketako Estatu Batuek, Hego Afrikak, Japoniak, Ingalaterrak, Suitzak, Suediak eta Txinak. Aurten, Getxon [Bizkaia] egingo da sokatirako munduko txapelketa, eta nazioarteko hogei talde inguru etorriko dira. Euskaldunok ere nazio gisa hartzen dugu parte bertan: Basque Country marka. Hor lana egin zen.

Eta zeu izan zinen, gainera, urratsak egiten aritu zirenetako bat.

1979an Euskal Herriko Kirol Batzarra sortu genuen, zazpi lurraldeetako ordezkariak batuta, eta hortik sortu zen gerora Euskal Federazioa. Legez, hiru lurraldek osatzen dute, baina akordio bat eginda dago Iparraldearekin eta Nafarroarekin.

Euskal Herria nazio gisa zabaltzeko bide bat da, beraz?

Hori argi dago. Gure kirolak dira. Lehen urteetan, idi probak, asto probak eta gizon probak egiten ziren, eta harri jasotzea, sokatira eta aizkora, baina gero jarri ginen harremanetan Iparraldekoekin, eta handik iritsi ziren zenbait herri kirol: Lapurditik etorri zen lasto botatzea, adibidez. Egun, Euskal Herrian hemezortzi modalitate daude. Beti esaten dugu: gure herri kirola da baserriko lana kirol bihurtua, edo kultura. Birus honekin, baina, ez da hartzen kultura lez, eta, beraz, kirol gisa ulertzen da. Komeni denean, bata edo bestea da.

Zer da zuretzako?

Nik uste dut kultura herriko sustraiek osatzen dutela. Beraz, futbola, adibidez, ez litzateke kultura izango, baizik eta kirola. Esku pilota ere hor dago, baina eztabaidagarria dela esango nuke. Herri kirol peto-petoa, beraz, herriko sustraia duena da, eta herritarrek egiten dutena, bertsolaritza eta hizkuntza bezala. Baina hor ere abisu bat: horrelako sustrai bat sikatzen hasten bada, arbolak bezala, poliki-poliki zuhaitz hori…

Beraz, mantentzearen aldeko urratsak egin behar dira?

Gurearen alde. Hizkuntzan, adibidez, isil-isilik aritzen nintzen euskararen alde egiten plazetan. Araba osoan barrena ibiltzen nintzen, eta, batez beste, %90 egiten nuen gazteleraz, eta %10 euskaraz. Hala ere, hori aldatu egin da, eta, egun, portzentajeak alderantzizkoak dira. Arabako ikastolek ere omenaldi bat egin ziguten Abel Enbeitari eta bioi, Oionen, euskararen alde egiteagatik.

Gaztetatik aritu izan al zara hamaika saltsatan?

Mutikotatik. Beti egin dut herriko gauzen alde. 18 urte nituenean, adibidez, gure kuadrillak Vulcano futbol taldea jarri zuen martxan Otxandion, gazteak elkartzeko eta alaitasun pixka bat egoteko. Oraindik ere bizirik dago. Horrez gain, pilota txapelketak ere antolatzen genituen, eta, egun, beste hainbat mugimendu ere badaude: herriko banda, txistulariak eta abesbatzak, mendi elkartea, etab. Herri txikia da, baina, zentzu horretan, aberatsa.

Musika bandan ere aritu zinen, tronpeta jotzen.

10 urterekin hasi nintzen tronpeta jotzen, eta aitak ere jotzen zuen, baina albo batera utzi behar izan nuen, ikasketak eta lana ere banituelako. Hala ere, oraindik autoan eramaten dut beti, eta Otxandioko bandan ere jarraitzen dut. Pentsa, soldadutzan ere lan hori egiten jarri ninduten, eta esan daiteke nire ihesbidea izan zela. Denetarik jotzen dut, baina, batez ere, mexikarrak gustatzen zaizkit.

Ba al zeneukan ametsik garai hartan?

Nire ilusioa albaitaria edo kazetaria izatea zen, baina 15 urterekin tailerrera joan behar izan nintzen lanera, aitak istripu bat izan zuelako, baina gauez hasi nintzen ikasten, eta Batxilergoa soldadutzan amaitu nuen, Cadizen [Espainia]. Korneta jotzen nuen, eta banuen horretarako aukera. Gerora ere jarraitu nuen ikasketekin, 32 urtera arte.

Eta noiz sortu zitzaizun pottokekiko interesa?

1982an sortu genuen pottoken elkartea, Iparraldean Frantziako Gobernuak pottoka arraza gisa onartzeko egiten ari ziren lana ezagutu ostean. Lortu zuten. Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremana lantzeko aukera bat ikusi genuen hor, eta hemen ere urratsak egin genituen pottoka onartzeko. Lortu zen, baina, gerora, arazoak egon ziren jatorriaren inguruan, eta 1993an utzi nuen lehendakari kargua.

Pottokak gertu, eta baita nekazaritza eta abeltzaintza ere. Zer dela eta?

Zenbat eta gehiago ibili lurraldean, orduan eta gertuagotik ezagutzen dituzu bertako errealitateak. Konturatu nintzen, eta bazegoen susmoa merkatu komunean sartuko ginela, eta, beraz, Araba nekazaritzan eta abeltzaintzan garrantzitsua izanik, urratsak egin behar ziren. Garai hartan, Atarrabiako [Nafarroa] ingeniari tekniko eskolatik jendea iritsi zen Arabako nekazaritza bulegoetara, eta akordio bat egin nuen haiekin: antolatu zitzatela bidaiak Europako leku aurreratuenetara, eta kutxak jarriko zuen dirua. Egin genituen bidaiak zer zegoen ezagutzeko. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du.

Ikusitakotik ikasi zenuten?

Bai, eta era horretan jarri genituen martxan elkarteak ere, hala nola artzainenak, esne behiarenak eta haragitarakoenak. Esaterako, patata hazleekin Herbehereetara joan ginen hango esperientziak ezagutzera, eta Arabako Errioxako ardogileekin, Bordelera; hortik sortu zen gerora ABRA Arabako Errioxako upategi txikien elkartea ere.

Egun nola daude bi sektore horiek?

Nahiko ondo, nahiz eta sekula ez diren ongi ibili. Elosuko [Araba] kasua aipatzearren, adibidez, lehen, herritar guztien artean ehun behi inguru zeuden, baina, egun, bi haztegi daude, eta bien artean mila behi inguru dituzte. Makinerian ere egon dira aldaketak. Harro samarrak gara pertsonok, eta, lehen, bakoitzak izan zitzakeen bost traktore, baina ikuspegi hori orain aldatu egin da, eta makineria, erosi beharrean, kontratatu egiten da beharra dagoenean.

Kazetari lanetan ere aritu izan zara.

18 urterekin hasi nintzen lanean, La Gaceta del Norte-n lehenengo eta Norte Expres-en gerora, kolaboratzaile gisa. Radio Vitoria-n ere aritu nintzen; Arabako Lur Bizia saioa jarri genuen martxan. Deia-n, berriz, kirol kronikak egin nituen bospasei urtez, eta baita klandestinitatean egiten zen Euzkadi aldizkarian ere. Egun, Geuresport herri kirolei buruzko aldizkaria dugu martxan,

Bada lan nabarmen bat: Sustraia telebista saioa.

24 urte egin nituen bertan, 2010ean erretiratu nintzen arte. Pozik egiten nuen, eta eskatu zidaten jarraitzeko, baina sartu zezatela gazte bat. Ni nintzen aurpegia, baina lantaldea ederra zen. Hark egindako lanarengatik mantendu zen hainbeste urtez saioa, eta baita egindako gauzak esaten genituelako ere. Ez genituen politikoen hitzak eta promesak aipatzen, baizik eta kontu errealak: egindakoak eta egiteko erak. Nekazaritzaren sektorean ilusioa piztea zen gure asmoa.

Eremu askotan aritutakoa zara.

Ni, zerbaitetan hasiz gero, barruraino sartzen naiz sinesten dudan horretan, nahiz eta batzuetan belarrondokoak ere hartzen ditudan. Gainera, hainbeste urteren ostean, ate asko ditut zabalduta, eta baita lagun asko ere. Hori da aberastasuna niretzako. Ahal den neurrian, gustuko dut elkartzea eta euskaldunon gauzak aurrera ateratzea; guk ez badugu egiten gurearen alde, kanpotik ez zaigu inor etorriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.