'GAL auzia'

Gonzalez GALekin lotzen duen salaketa Auzitegi Nazionalera igorri du fiskalak

Zabalaren salaketa Auzitegi Nazionaleko fiskalaren esku utzi du, azken datuetan oinarrituta. Auzian «epaitu ez diren pertsonen ustezko parte hartzea» ondorioztatzen da salaketan, Kalparsororen iritziz

Oina oina oina oina oina oina oina oina. SINADURA / AGENTZIA.
Gurutze Izagirre Intxauspe - Jon O. Urain
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Urtarril hasieran, Pili Zabalak, Joxi Zabala zenaren arrebak, Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek GALekin izaniko lotura ikertzeko eskatu zion Gipuzkoako Fiskaltzari. Aurkeztutako salaketarekin, Zabalak eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Felipe Gonzalezen aurkako salaketa bat jar daitekeen, «ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak eragiteagatik». Juan Kalparsoro Gipuzkoako fiskalburuak gaiaz emandako idatzia eskuratu du BERRIAk. Otsailaren 5eko data dauka, eta, idatzi horren arabera, Gipuzkoako fiskalburuak Auzitegi Nazionaleko fiskalari bidali dizkio izapideak, aintzat hartuta dokumentazio berria aurkeztu dela auziaren inguruan.

Dokumentazio hori zerrendatu du fiskalburuak bere idatzian: batetik, CIA Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren 1984ko txosten bat, iazko ekainean zabaldutakoa, Felipe Gonzalezek «terroristei legetik kanpo aurre egiteko mertzenario talde bat sortzea adostu» zuela dioena. Bestetik, GALen lehen ekintzen aurretik Bilboko Ercilla hotelean eginiko afari bati buruzko informazioa, Pilar Cernuda kazetariak El Presidente liburuan argitaratua; horretan, Gonzalezek esan zuen «terroristak beren arma berdinekin txikitu» behar zirela.

Horrez gain, Robert Pandraud 1986 eta 1988 bitartean Frantziako Segurtasun ministro delegatua zenak 1990ean elkarrizketa batean eginiko adierazpen batzuk ere jaso dituzte; horietan, Pandraudek Gonzalezekin eta Jose Barrionuevo Espainiako orduko Barne ministroarekin eginiko bilera bati egiten dio erreferentzia, eta azaltzen du bilera horren ondorioz jo zela amaitutzat GALen jarduera. Era berean, CESIDen 1983ko uztaileko bulego ohar batzuk ere aurkeztu zizkion Zabalak Kalparsorori. Horietan idatzita ageri da ETAri aurre egiteko modurik «gomendagarriena» zela «bahiketa bidez desagerraraztea».

Artxibatu edo bide eman

Idatzian, fiskalak adierazi du «datu eta informazio berriak» aurkeztu dituela Zabalak, eta haren salaketatik ondorioztatzen dela GALen auzian «oraindik epaitu ez diren pertsonen ustezko parte hartzea». Prozedura Kriminalaren Legearen 773.2. artikuluari erreferentzia egin dio Kalparsorok salaketari bide emateko; horren arabera, fiskalak «jardunaren artxiboa dekretatuko du, egitateak delitu ezaugarriak ez dituenean (...). Bestelakokasuan, instrukzio epaileari kasuan kasuko prozedura hasteko eskatuko dio, eta, horretarako, jardun osoa igorriko dio».

Beraz, auzia artxibatu ez, eta Kalparsorok Auzitegi Nazionaleko fiskalari igorri dio informazioa, argudiatuta auzitegi hori dela gisa horretako delituak ikertzeko organo eskumenduna, hura izan zela GALen eta Joxi Zabala eta Joxean Lasaren torturen, bahiketen eta hilketen auzia ikertu zuena, eta, beraz, hari dagokiola salaketa berria aztertzea.

Fiskalari bidalitako eskarian, Zabalak azaldu zuen dokumentu horiek zera adierazten dutela: Frantziako eta Espainiako inteligentzia zerbitzuek informazioa daukatela Felipe Gonzalezek GALen «sustapenean edo, gutxienez, sorreraren onespenean» parte hartu izanaren inguruan. Delitu horiek preskribatuta daudela ondorioztatuz gero, eta horrek prozesu berri bat irekitzea eragotziko balu, Zabalak eskatu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren kasura gehitzeko. Garcia Goena 1987an hil zuen GALek, Hendaian, haren autoan lehergailu bat jarrita, eta kasua irekita dago oraindik.

1983ko urriaren 15ean desagerrarazi zituzten Lasa eta Zabala. Haien arrastoak 1995ean identifikatu zituzten. Epaiketan, 73 urteko espetxe zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Angel Vaquero Guardia Zibilaren kapitainari; eta 71 urtekoa Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteleko buru izandakoari, Julen Elgorriaga Gipuzkoako Gobernadore zibil izandakoari, eta Felipe Bayo eta Enrique Dorado guardia zibilei. Rodriguez Galindori eta Julen Elgorriagari 75 urtera luzatu zien zigorra Auzitegi Gorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.