Etxeko langileak. Gizarte Segurantzaren diskriminazioa. Isabel Otxoa. ELEko kidea

«Lanbide hau, dagoen bezala, desagertu egin beharko litzateke»

Otxoak argi ikusten du zein den bidea: Gizarte Segurantzan etxeko langileen eskubideak parekatzeko, nahikoa da 2019ko aurrekontuetan sartzea, eta OITren 189. hitzarmenaren zain egon gabe ere «den-dena» egin daiteke.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun

Dagoen bezala mantenduz gero, «kale itsu bat» da zaintzarena, Isabel Otxoaren ustez (Bilbo, 1952). Bilboko asteroko aholkularitzan, ELE Etxeko Langileen Elkarteko kideak sarri ikusten du prekaritateak bi aldeak harrapatzen dituela: etxeko langilea eta enplegatzailea. Baina uste du Gizarte Segurantzan langileen eskubideak berma daitezkeela egiturazko arazoa irauli bitartean —kotizazioa soldata errealera hurbiltzea, eta lan egin bako urteen hutsuneen estaldura bermatzea—, 2024ra arte itxaron gabe, PPk 2018ko aurrekontuetan sartutako zuzenketak eskatu bezala.

Aukera ikusten duzu PSOEk 2019ko aurrekontuetan etxeko langileen eskubideak parekatzeko Gizarte Segurantzan?

Berez, posible da, zeren datorren urteko aurrekontuak zehaztu gabe baitaude. Horretan, PSOE hutsetik abiatzen da; ez da egia PPren 6777 zuzenketak baldintzatuta dagoela. Lorpen bat nahi badugu, utzi behar diogu esateari aldaketa ez dela posible 2024ra arte. Bai, bada. Kotizazio tarteak goitik ugarituta, kotizazioa soldata errealera hurbil daiteke, eta horrek ez dauka konplikaziorik administrazioarentzat. Behin-behineko irtenbide bat litzateke.

Presio egitea gakoa izango da.

Eta helburua, argia izatea. ELEn diogu badagoela irtenbidea: 6777 zuzenketaren kontra egin gabe, 2019ko aurrekontuetarako presio egitea. Baina politikoki, funtsean, arazoa da, batetik, estatuak ez duela diru gehiago gastatu nahi Gizarte Segurantzako hobarietan, eta, bestetik —eta hau oso inportantea da—, alderdiek ez dutela nahi enplegatzaileek gastu gehiago izatea.

Askoz ere gastu handiagoa litzateke enplegatzailearentzat?

Bai. Esate baterako, etxeko langileek ez daukate langabezia saririk. Zergatik? Enplegatzailearentzat garestiagoa delako hori kotizatzea: %7,5 inguru gehiago kotizatu beharko luke langabezia saria izateko bakarrik.

Pentsiodunek presio egin dute kalean, eta KPIaren igoera puntualak lortu dituzte. Pentsiodunen protestetan isilean pasatu da etxeko langileen aldarria, ez duzu uste?

Horretarako, etxeko langileen sektoreak indarra hartu behar du, eta oraindik ez dauka handirik.

Presio egiteko indarra falta al zaio sektoreari, baita pentsiodunen mugimendu barruan ere?

Bai. Pentsiodunen mugimenduan harrera ona izan dute, baina gutxi dira.

OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmenak etxeko langileen lan baldintzak duintzea jasotzen du. Garrantzitsua da Espainiako Gobernuak hori sinatzea?

PSOEren maniobra izan liteke hitzarmena berrestea, baina arazoa da ez dagoela eperik hitzarmen hori betetzeko: ez Gizarte Segurantzan parekatzeko, ez lan osasuneko neurrietan aintzat hartzeko... OITren hitzarmena sinatzea ondo dago, baina sinatu gabe ere den-dena egin daiteke.

Frantziak, adibidez, ez du sinatu.

Baina askoz ere berme gehiago dauzkate. Sinatzeak ez du berez ezer hobetzen. Eta Espainiako Enplegu ministroak esan du hitzarmena sinatuta baldintzak hobetuko dituela: hori burla egitea da.

Zaintza, sektore feminizatua eta prekaritatea. Errotiko zer aldaketa egin behar da hirurok sinonimo ez izateko?

Nik uste dut lanbide honek, orokortuta dagoen bezala, desagertu egin beharko lukeela. Ez da posible lan baldintza duinak eskatzea, enplegatzailea partikular bat izango bada. Jendeak bere pentsioetatik eta soldatetatik ordaintzen ditu etxeko langileen soldatak eta kotizazioak; horrek ez dauka irtenbiderik.

Beraz, zaintza, gaur egungo eran, ezinezkoa da duina izatea.

Guk aholkularitza zerbitzua daukagu, eta astelehenero ikusten dugu kontraesanean daudela eskubideak eta familien ahalmen ekonomikoa. Feminizatutako sektore bat delako daude baldintza txarrak? Ez: sektore feminizatua delako egiten da zaintza hain era absurdoan. Pentsatuko bagenu derrigorrezkoa dela langileek eskubideak izatea, sistema bera ez zen existituko, ez delako posible. Lan horiek egiteko beharrean emakumeak eta etorkinak daudelako soilik funtzionatzen du.

Arazoa egiturazkoa da.

Hala da, baina orain ez dugu aitzakia gehiago onartuko: estatuak diru gehiago jarri behar badu eskubideak parekatzeko, jar dezala. Gero, has daitezela bestelako irtenbideak bilatzen: tutoretzapeko etxebizitzak, bestelako zerbitzu batzuk...

Zein litzateke zaintzarako alternatiba duina?

Zerbitzuak izatea, eta gauzak beste modu batera antolatzea, esango nuke. Baina irtenbideak askotarikoak dira. Dena zerbitzuekin ezin da egin: era berean, adibidez, erraztu egin beharko litzateke jendearen elkarbizitza. Guraso oso edadetuak badauzkazu, aukera izen beharko zenuke haien ondoan bizitzeko: Jaurlaritzaren etxebizitza politikak kontuan hartu beharko luke hori, esaterako. Eta tutoretzapeko etxe gehiago egon beharko lirateke, zerbitzu komunekin. Astakeria hutsa da etxeko langile bat egotea etxe bakoitzeko.

Badira ereduak?

Adibide txiki bat: Frantzian, etxeko langileen kontratu batekin, umeen zaintza konpartitua egin daiteke. Hau da, langile bakarra kontrata daiteke bi familiatako seme-alabak zaintzeko. Zer esan nahi du horrek? Frantzian buelta bat eman diotela gaiari.

Luzapena ez da nahitaezkoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.