Eñaut Aramendi. G7 Ez plataformaren bozeramailea

«G7koen kontrakoa egin nahi dugu: denon artean denontzat gogoetatu»

Gaurtik etzira bitartean Ficoban egingo duten kontragailurra «erantzun politiko bat» dela dio Aramendik. Aukera baliatuko dute G7koek landuko ez dituzten gaiak lantzeko eta irakurketa komun bat adosteko.

GUIILAUME FAUVEAU.
ander perez zala
<i>Irun</i>
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Buru-belarri ari da lanean egunotan Eñaut Aramendi (Hendaia, Lapurdi, 1979) G7 Ez plataformako eleduna. Ficoban bileraz bilera ari da, eta horien artean tarte bat izan du BERRIAren galderei erantzuteko.

Kontragailur bat egiteko beharra ikusi duzue.

Ezin genuen Euskal Herrian G7koen bilera batekin egon eta erantzunik gabe geratu. Badakigu G7a tranpa bat dela, ez dutela ezer konponduko, eta hor egongo direla haien teoria ekonomikoa eta politikoa segitzeko. Hori ikusirik, iruditu zaigu garrantzitsua zela mobilizatzea, eta horregatik erabaki genuen plataforma bat sortzea.

Erantzun bat da, beraz.

Gure erantzuna politikoa da. [G7an] Landuko ez dituzten gaiak landu nahi ditugu. Alde batetik, eztabaiden eta konferentzien bitartez ideien eztabaida egitea; bestetik, masa mobilizazioa izatea, eta horregatik antolatu dugu etziko manifestazioa. Denok dugu arrazoi on bat manifestatzeko, izan ingurumena, izan feminismoa, izan migrazioaren arazoak, izan soziala... Eta, azkenik, desobedientzia zibilaren atala dugu. Horregatik antolatu ditugu igandeko mobilizazioak, ohartarazteko manifestatzeko eskubidea kendu dutela gailurra dagoelako.

Zer espero duzue?

Oso zaila da esatea. Helburu politak jarri ditugu; hitzaldi politak, Euskal Herritik, Frantziako Estatutik eta nazioartetik etorriko diren hainbat jenderekin. Horrelako kontragailur bat egitea hilabete askotako lana da, elkarte askorekin elkarlanean, bakoitzaren nahiak eta helburuak errespetatuz. Gauza bat jada irabazi dugu: elkarlana. Kontragailurrean lortu da 100 bat elkarte lankidetzan aritzea, eta horrekin alternatiba eraiki dugu.

Euskal Herrian izatea berezitasun bat da?

Noski. Euskal Herriak egoera politiko berri bat sortu du azken hamar urteotan, sekulako borondatearekin eta alde bakarrez. Orain hona datoz G7 batekin, injustiziez aritzera... Ikusten da kristoren tranpa dela. Hizkuntzarena ere berezitasun bat da;kontragailurra lau hizkuntzatan egingo dugu. Iruditzen zaiguhori garrantzitsua dela. Beste edozein tokitan egingo balitz, euskara ez zen egongo. Baliatuko dugu erakusteko badagoela hizkuntza txiki bat euskara deitzen dena.

Desberdinen arteko lotura, batasuna, lortu duzue?

Batasuna bai. Lortu duguna da gure desberdintasunen gainetik pasatzea. Desadostasunak baditugu, baina, ados ez gauden puntuak baztertuz, elkarlanerako borondatea erakutsiko dugu ados gauden puntuetan. Hori inportantea da. G7ko handiek ezin dute mundu osorako erabaki; alderantziz izan beharko luke.

G7koen helburua «desberdintasunak murriztea» da. Gai horri eutsiko diozue zuek ere?

Bai. Guk nahi duguna da hori praktikara eraman. Euskal Herrian jada existitzen dira alternatiba asko, baina oraindik badugu asko hobetzeko, konpartitzeko, eta segur aski eztabaida guztietatik aterako dugu zerbait.

Gutxi batzuek [G7koek] ezin dute denentzat pentsatu; guk haien kontrakoa egin nahi dugu, guztien artean guztiontzat gogoetatu nahi dugu. Nola egin daitekeen gauzak hobetzeko; horrek izan behar du gure lehentasuna. Xede horrekin sartuko gara kontragailurrean, eta irakurketa komun bat adostuko dugu. Zerbait txukuna aterako zaigu.

Kontragailurra bideko beste pauso bat da?

Pauso honek emango digu aukera beste pauso batzuk emateko. Helburua ez da egunotan erantzun guztiak bilatzea. Frantsesez esaten den bezala, «bakarrik azkarrago goaz, baina elkarrekin urrunago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.