Kataluniako hauteskundeak. Bozen ondorena

Puigdemont itzuli edo ez: hainbat aukera aztergai dituzte mahai gainean

Ez dagoela B planik berretsi duten arren, ñabardurak egiten hasi da JPC. Madrilekin pultsua mantenduko dute presidentea Bruselatik bermeekin itzultzea negoziatzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«Gobernu legitimoa» berrezartzeko helburua azaldu dute independentistek, eta gobernuburu Carles Puigdemontek izan beharko lukeela ez dute zalantzan jartzen, independentisten artean lehen indarra bilakatu denez gero. Ez dago horretan zalantzarik, baina hortik aurrera erantzunik ez duten galderak sortzen dira bata bestearen atzetik. Lehena hauxe: «Nor izango da Generalitateko presidente?». Elsa Artadi Puigdemonten kanpaina zuzendariak hauteskundeen aurretik erabili duten leloa errepikatu du: «Ez dugu aurreikusten Puigdemont ez den beste aukerarik». Baina esaldi horrek ñabardurak dituela aitortu du. «Ezin gara prezipitatu. Agertoki guztiak aztertu behar ditugu. Ordea, 155.a garaituko dugu aplikatu aurretiko egoera berreskuratzen badugu».Presidentea barne.

Ez da horren erraza, ordea, Puigdemonten abokatu Jaume Alonso-Cuevillasek azaldu duenez. Bruselan diputatu akta jaso dezake, baina ezin dute han dagoela presidente izendatu: «Puigdemont presidente egiteko aukera bakarra Kataluniara itzultzea da, baina itzultzen bada espetxeratu egingo dute». Eta aukera bakarra du ere, haren ustez, kartzela saihesteko: «Gutxienez Belgikan hogei urte igarotzea».

Sorterrira itzultzea erabaki politiko edota pertsonala izango da, baina erabakia hartu aurretik berme batzuk negoziatzen saiatuko dira Mariano Rajoyren gobernuarekin, kartzela saihesteko. Puigdemontek elkarrizketarako bilera bat eskaini zion Espainiako presidenteari, herenegun: Bruselan, edo Espainian ez den beste edozein lekutan, eta eskaintza nazioarteko hamaika komunikabideren aurrean egin zion, komunikabide horiek guztiek independentistek irabazi dutela esan eta biharamunean. Emaitzak eskuan, 155a erretiratzea eskatu dio, Katalunian dauden poliziak Espainiara itzularaztea, eta presoak askatzea. Ez zen hizketaldi inprobisatua izan, ondo prestatutako prentsaurrekoko lehen hitzak baizik. Rajoyk, berriz, erantzun zion bilera bakarra Ines Arrimadas Ciutadanseko buruarekin egingo lukeela; hala ere, atea itxi gabe independentistekin hitz egiteari, betiere «legearen barruan».

Espainiako Estatuarekin pultsua mantentzea izango da egunotako lanen ildoetako bat, eta bien bitartean, ondo pentsatzea hurrengo urratsak, «pazientzia» galdu gabe. Hitz horixe, Junts Per Catalunyako ordezkariak maiztasunez errepikatzen ari direna azken orduotan. Inbestidurarako hilabete eta erdi falta da, nahikoa, mugimenduak kalkulatzeko.

Aldebakarreko bidea ez da egingarria dagoeneko, eta argudio hori erabiltzea litzateke helburua balizko berme batzuk negoziatzeko, Puigdemont itzultzea baita plana; ez baitute b planik atzo Artadik berretsi zuenez, baina adituei txostenak eskatu dizkiete zein aukera dauden aztertzeko, Rajoyren gobernuak Puigdemont itzultzea galarazten badu. Nekez aurreikusi daiteke Madrilek hori onartzeko intentzioa; orain ez duen presioa eduki beharko luke Europatik, eta Espainiako justiziak erakutsi du ez duela arazorik independentistak auzibidean jarri, espetxeratu, delitu oso larriak leporatzeko, eta argudio juridikoak komeni zazkion testuingurura moldatzeko. Beraz, itzuli ezingo balitz, beste aukera bat aztertzen ari dira: Belgikan geratu eta presidentetza delegatzea. Bide hori da indarra hartzen ari dena, ERC eta JPC alderdietako iturriek diotenez.

Oriol Junquerasi legokiokepresidentetza, ERCren ustez, kasu horretan. Urtarrilaren 4an aztertuko du hura kaleratzeko helegitea Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak. Bozen emaitzak jakin aurretik goreneko iturrietatik zabaldu zuten aske uzteko aukerak zituela, baina independentistek gehiengo osoa lortuta, erabakiak beste bat izateko itxura du.

Espainiako Fiskaltzak Puigdemontentzat bermeak onartzen ez baditu, eta Junquerasek espetxean jarraitzen badu, ondorengoengan pentsatu beharko dute. Elsa Artadi bera da nabarmentzen hasi den izenetako bat, baina inbestidura aurreko egunek askorako eman dezakete oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.