Albistea entzun

ANALISIA

Murruaren barruko Osakidetza

Zerbitzuburuen protestetako bat, lehengo astean.
Zerbitzuburuen protestetako bat, lehengo astean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko abenduak 15

Osakidetzaren egoeraren larriari buruzko iritzi eta esaldi potoloz bete dira lerroburuak egunotan, Donostia ospitalean zerbitzuburu gehienek Osakidetzaren zuzendaritzaren jokatzeko era «bertikala» salatu, hainbat aldarri mahai gainean jarri, eta protestak hasi zituztenetik. Irudi ezohikoa izan da. Harrigarria. Arrazoi sendoz salatzen dute sarri lehen arretako profesionalek «ospitalezentrista» dela egun nagusi den osasun eredua; alde horretatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoa ez da salbuespen bat, ospitaleetan hartzen dira erabaki garrantzitsu asko, eta ez dira edonor Osakidetzako erietxeetako zerbitzuburuak antolaketa horretan: boterea dute osasun sisteman, erabaki ahalmena. Horiek kalean protestan ikusteak zer pentsatua eman behar du, dudarik gabe, eta Osakidetzaren ajeetako bat erakutsi du argazki horrek: aztertzekoa. Baina oso erakunde handia da, erraldoia, eta benetan zer gertatzen ari den jakiteko ez da aski erretratu hori. Herrialdeka, sektoreka edo ospitaleka egindako aldarriek arazoaren parte bat erakusten dute, aintzat hartu beharrekoa, baina nolakoa da Osakidetza, bere zabalean, zerutik begiratuta? Nora mugitzen ari da? Nola?

Galdera horiei erantzuteko zailtasunetako bat Donostia ospitaleko zerbitzuburuek beren aldarriak plazaratzeko atera zuten gutunean aipatzen den hitz batean dago: «Opakutasunean». Osasun sistemaren inguruko hainbat daturen inguruko iluntasuna salatu zuten, eta Osakidetzaren errealitatea ezagutzeko ahaleginetan ari direnen partetik maiz agertzen da hitz hori, errepikakor. Sentitzen dute oposizioko talde politikoek Eusko Legebiltzarrean osasun sistemaren funtzionamenduaren gaineko argibideak behin eta berriz eskatu behar dituztenean. Sentitzen dute sindikatuek langileen lan baldintzak hobetzeko ahaleginean sarri aski datu ez dutela ikusten dutenean. Sentitzen dute kazetariek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren komunikazio zerbitzuetako ateak zabaltzen ez zaizkien aldi ugarietan. Sentitu zen argi 2018ko lan eskaintza publikoaren eskandalua lehertu zenean, erakutsi baitzuen isiltasun askoren bidez onetsitako funtzionamendu bat, arauz kanpokoa izan arren urte askoan balekotzat jo izan zena. Murru bat da gehiegitan Osakidetza, eta murru horren zirrikituetatik begira jardun behar da. Zer ikusteko?

Lehen mailako arretan, oro har, profesional falta, lan karga handia, eta egungo premietara behar bezala egokitu gabeko lan eredua dira kezkarako motibo nagusiak. COVID-19aren ondoren profesional askok erakusten duten erretratua kezkarako zioa da. Pazienteengana behar bezala ezin dutela heldu esaten ari dira. Lehen mailako profesionalak hezteko prozesua, halaber, «etsigarria» da; trebakuntza prozesua amaitu, eta alde egiten ikusten dituzte usu langile gazteak.

Zerbitzu guztiak

Erietxeetako egoerara begira, bakoitzak bere zerbitzuei eusteko ahaleginak agerikoak dira, Osakidetzaren joera baita zerbitzuak bateratzea. Donostia ospitaleko zerbitzuburuek mahai gainean jarri dituzten aldarri zenbait alde horretatik ulertu behar dira. Basurtuko erietxean, Bilbon, bihotzeko kirurgia zerbitzuarekin jarraitze aldera bertako profesionalak egiten ari diren borroka ere norabide berean doa, eta Gasteizen ere ahalegindu ziren, adibidez, Santiago erietxeko larrialdiak ez ixten, baina protestek ez zuten prozesua gerarazi.

Tankerako egitasmo gehiago ere badira martxan, eta bide horretan jarraitzeko asmo argia dutela esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk asteon bertan. «Posible da eskatzen ditugun zerbitzu guztiak erietxe guztietan izatea?», galdera mahai gainean jarri du, erantzunak baiezkoa ezin duela izan argi adierazita: «sarean» lan egin beharko da. Ondorioz, antzeko gatazka gehiago ere leher daitezkeela pentsatzekoa da, eta horiek bideratzeko gardentasunak eta argibide onek izan behar dute ezinbesteko tresna.

Osasun publikoaren aldeko Osalde elkarteak ohar bat atera du egunotan lehertu den gatazkaren harira; esan du halako bateratze neurriak betiere onetsi behar direla «onura galera baino handiagoa» bada, eta betiere «jendeari ematen zaion arta» hobetzeko egindakoak badira. Hori azaltzea —eta bermatzea— dagokio Osakidetzari, eta zer gehiago egin nahi duen ere ondo esplikatzea; «Osakidetzak epe labur eta luzera dituen planak aurkezteko garaia da; ezagunak izan daitezen, eta gizarte eragileen partetik eztabaidatuak».

Arlo pribatuaren igoera

Osaldeko kideek kezka adierazi dute, halaber, argia delako osasun sistemaren joera «pribatizatzailea». Eustatek urri amaieran emana da datua; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2019tik %6,4 igo dira, adibidez, aseguru poliza pribatuak. Eta, bai, lotura dago: kontsulta pribatuetara usuen jotzen da sistema publikoan itxaron zerrenda luzeenak dituzten espezialitateetan. Osakidetzak kanpoko enpresei ematen dizkien lanengatik eta itunpeko osasun zentroetara bideratzen dituzten jarduerengatik ere dudak ohikoak dira. Beste arazo betiereko bat, horra: langileen behin-behinekotasuna. ELA sindikatuaren arabera, Osasun Sailak agindutako azken lan eskaintza publikoak eginda ere, %58koa izango da.

Zirrikitu meharretatik begira Osakidetzaren zeruko perspektibaren bila ari den ikusleak, beraz, lantalde nekatua ikusten du, usu entzuna sentitzen ez dena, gehiegitan lan baldintza eskasetan ari dena. Hori hor dago: baina ez hori bakarrik. Gaur bertan milaka pertsona artatuko ditu Osakidetzak, eraginkortasun handiz. Profesional bikainak daude, egitasmo eta zerbitzu onak. Baina arazoei aurre egiteko garaia da. Berandu baino lehen. Izan ere, zirrikitu arteko begiratu horretan, presaka ere irudika daitezke osasun agintariak, larri, datozen hamarraldietan populazioaren zahartzeak ekarriko dituen premia handiei begira, arduratuta, mundu aldakor honetan. Bide horretan, gardentasuna eskatu behar da, eta gobernantza eredu berri bat, handia baita erronka, eta gizarte osoari dagokiona.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez

Lehengo astean ere jo zuten Etxegarairengana Mauriziakoek. ©GUILLAUME FAUVEAU

Elkartasunak Eraiki sareak Maurizia proiektuaren eredua goraipatu du

Ekhi Erremundegi Beloki

Etxegarairekin bilkura egin dute Mauriziako kideek. Uztailaren 6an aztertuko dute kanporatze prozedura gelditzeko helegitea

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira ekainaren 9an

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sistema publikoa «lehenesten»

Artatutako pertsonen %28ak alkoholismo arazoak zituzten. ©BERRIA

Berretsi dute adikzioak eta buru osasuna lotuta daudela «ziklo kaltegarri batean»

Olatz Silva Rodrigo

Erdu programak zaurgarriak diren pertsonak artatzen ditu. 270 pertsonei arreta eskaini zien iaz; horietatik 197 etxerik gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.