Aitziber Laskibar Lizarribar.
Euskal presoak. Bilboko manifestazioa. Analisia

Sagardo botilak

2013ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Urtebete eta hiru hilabete igaro dira 2011ko urriaren 20tik, ETAk jardun armatua amaitutzat eman zuenetik. Zailena egina zegoela pentsatuko zuten zenbaitek; erakunde armatuaren jardunik gabe, ia bere kasa iritsiko zirela elkarrizketa, konponbidea, baketzea, elkarbizitza, normalizazioa gauzatzeko beharrezko diren gainontzeko urratsak. Pauso batzuk eman dira. Asko, eta handiak. Baina herren dago prozesua; hankamotz. Bi hanka nagusietako bakarrarekin, esan liteke. «Borrokarik ez dago bietako batek nahi ez badu», esan ohi da. Baina baketzerik ere ez. Ez elkarbizitzarik. Eta alde bat xaxatzen tematu dela dirudi. Burugogorkeriarik tematienean iltzatu dela, eta harro dagoela gainera.

Urtebete baino gehiago igaro denean presoen egoera zertan den ikustea besterik ez dago. Gatazka ez da presoen korapiloa askatuta soilik konponduko, baina gatazka politiko batek eragindako preso eta iheslariak dituen herri bat ez da izango bere liskarrak gainditu dituen herria. Baketuta eta elkarbizitzan bizi den herri batek ez du preso edo erbesteratu politikorik izango.

Presoen auzia ez dela egun batetik bestera konponduko ere jakina da. Bidea egin beharko dela. Guztiak etxean egon aurretik, hainbat urrats egingo direla, pixkanaka.

Hortaz, kezkagarria ez da oraindik presoak egotea, bai ordea horien egoera. Senideek ohartarazi dutenez, ez du hobera egin euskal presoen muturreko egoerak. Areago, okertu egin dela abisu eman du. Korapiloa, lasaitu ordez, tenkatu egin dela. Pertsona guztien eskubideak direnak betetzeko imintziorik txikiena ere ez dutela egin ez Espainiako Gobernuak ez Frantziakoak.

Amorratua ere badirudi Espainiak. Nola ulertu, bestela, dituzten gaixotasunengatik oso-oso larri daudenak espetxean mantentzea? Presoren bat kartzelan hiltzeko arriskua bere gain hartzeko prest dagoela erakutsi nahi du? Erraza zuen larri gaixo daudenak kaleratzeko agintzea. Lehenago egin izan du. Baina ezetz erabaki du oraingoan.

Eta nola ulertu 197/2006 doktrinarekin egiten ari dena? Zigorra bete duen presoa askatzeak alderik erreakzionarioenak ere normaltzat hartu behar lukeen ibilbide logikoa behar luke. Hori saihesteko tresna asmatu zuten duela urte batzuk, eta kondenak egun batetik bestera luzatzen jarraitzen du. Horretan ere, ez zuen zaila neurria atzera botatzea. Estrasburgoko Auzitegiak berak agindu zion hala egiteko Ines del Rio presoaren kasua aztertu zuenean. Baina ezezkoan tematu da Espainiako Gobernua, Europako Giza Eskubideen Auzitegiari berari aurre egin behar izan badio ere. Zein behar zuen horretarako?

Sakabanaketak ere bere krudeltasun osoan jarraitzen du. Presoen senideen aurkako jazarpen eta erasoak larriagotzen. Zein helbururekin? Ez behintzat gatazkaren konponbidean laguntzeko asmoekin, iraganeko garaiak behin betiko atzean uzteko bermeak bilatzeko nahiarekin.

Aurkariaren etsipena bilatuko du agian. Nekea. Etsaiaren garaipena. Baina ez da bide zuzenetik ari. Ez dute behintzat hori erakusten euskal gizartean gailentzen ari diren aldarriek, atzo Bilbok erakutsi zuen irudiak, protestak jaso dituen denetariko babesak zein manifestazioaren prestaketa lanetarako herriz herri, auzoz auzo mobilizatu den jende andanak. Ezohikoak izan dira horiek guztiak. Ez betikoak. Askotarikoak.

Etsipen saio horien aurrean, nago ilusioa piztu dutela, gainera. Indarra, arnasa eman diela askori. Bai atzoko irudiak, bai orain arteko prestaketa lanek eman dituztenak. Igerian, hegan, oinez, herrira noa!. Nori ez dio irribarre bat atera abestiak, edo lip-dub arrakastatsuak? Kortaturen Sagardo botilak jarri freskatzen kantak urtetan sortu duen ilusioa, irrika dakarkit gogora.

Edozein kasutan, presoen eskubideen aldeko aldarriak zein urrats erabakigarriak egiteko eskariak are eta orokorragoak izan beharko dute hemendik aurrera ere, konponbidearekin lotzea alde guztientzat saihetsezin bihur dadin, eta, ondorioz, egunen batean guztiok gai izan daitezen sagardo botilak elkarren ondoan partekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.