Albistea entzun

Ez dira itxi Martin Villa auzipetzeko ateak

Auzibidea bertan behera geratuko dela zabaldu bada ere, memoriaren aldeko elkarteek adierazi dute Martin Villa inputatua dagoela oraindik: «Froga gehiago aurkezteko baino ez diote eskatu Servini epaileari»
Rodolfo Martin Villa, 2017an, Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean.
Rodolfo Martin Villa, 2017an, Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2021eko abenduak 29

Joan den astean atera zen argitara berria: Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohiaren aurka Argentinan irekita zegoen auzibidea etetea onartu zuen Argentinako Ganbera Kriminal Federalak. Maria Servinik auzipetu zuen Martin Villa urrian, baina hark helegitea jarri zion, eta tramiterako onartu zuen apelazio auzitegiak. Ebazpenaren arabera, «ez dago frogarik, ez zuzenekorik ez zeharkakorik, ezta zantzurik ere» ministro ohiari egotzitako delituen inguruan.

Hala ere, Martxoak 3 eta Sanferminak 78 memoria elkarteek argi adierazi dute: «Auzibidea ez da bertan behera geratu; gelditu egin dute froga indartsuagoak aurkeztu arte; besterik ez. Martin Villa oraindik inputatuta dago gizateriaren aurkako delituengatik». Elkarteek azaldu dutenez, Martin Villak aurkeztutako helegiteari beste bat aurkeztuko diote.

Espainiako komunikabide askok zabaldu zuten ministro ohia auzibidetik kanpo geratuko zela, eta informazio hori zuzentzea beharrezkoa dela azaldu du Sanferminak 78 elkarteko Sabino Cuadrak: «Komunikabideetan jasotako lehenengo informazioa behintzat Martin Villaren abokatuek egina dago. Logikoa denez, partziala eta interesatua izan zen, eta ematen zuen irudia oso negatiboa izan zen».

Francisco Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan kargu ugari izan zituen Martin Villak Espainiako Gobernuan. 1975ean Sindikatuekiko Harremanetarako ministro izendatu zuten, eta 1976an, Gobernazio ministro; garai hartan segurtasun indarrek izandako jardun bortitzaren erantzukizuna egotzi izan diote. Hain justu, gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuen Servinik, lau hilketaren erantzule delakoan: 1978ko sanferminetan, German Rodriguezena, eta 1976ko Martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiko hiru langilerena —ondorengo egunetan beste bi lagun zendu ziren, baina horiei buruzko ikerketa zabalik utzi zuen Servinik—.

Lau hilketa horiek gizateriaren aurkako delitutzat jo zituen Servinik, baina, azken ebazpenaren arabera, ez dago froga nahikorik hilketei kalifikazio juridiko hori ezartzeko. Izan ere, gizateriaren aurkako delitua izan dadin, Martin Villaren esanetara «botere aparatu» bat zegoela baieztatzeko frogak behar dituela azaldu du Argentinako Apelazio Auzitegiak. Berez, hamar eguneko epea izango dute abokatuek helegitea jarri eta froga gehiago aurkezteko; Argentinan, ordea, urtarrilean jai hartzen dute epaitegiek, eta, beraz, otsailaren hasiera arte izango dute ebidentziak prestatzeko aukera.

«Auzipetze autoan oso ondo argudiatuta zegoen akusazioa: egiturazko errepresio bat izan zela frogatzen zen, erregimen frankistak eskura zituen elementu guztiak erabili zituela horretarako», azaldu du Martxoak 3 elkarteko Andoni Txaskok. Hala ere, ziur dago ezarritako epean abokatuak pisuzko froga gehiago aurkezteko gai izango direla: «Etenda utzi dute auzipetzea, baina gizateriaren aurkako delituagatik inputatuta dago oraindik».

Bi delitu egozten zaizkio Martin Villari: genozidioa eta gizateriaren aurkako delitua. Aste honetan ABC egunkariak argitaratu duenez, ministro ohiak Argentinako epaitegiari helegitearekin batera bidalitako gutun batean zioen «erokeria bat» zela Espainiako Estatuan genozidio bat gertatu zela esatea. Gainera, trantsizioan gizateriaren aurkako delitu bat izan zela esatea ere «ezinezkoa» zela gehitu zuen Villak: «Trantsizioa Espainiak izan duen garaipenik handiena da elkarbizitzari dagokionez».

Halere, Espainiako Estatuan ezin dira delituok epaitu, Amnistia Legea dela eta. «Orain, Martin Villa epaitzeko itxaropen bakarra Argentinan dago. Ikusi beharko dugu Madrilen sortzen ari den Memoria Historikoaren Legeak hori aldatzen duen, eta mekanismoak ezartzen dituen delitu horiek epaitu ahal izateko», dio Txaskok.

Martin Villak behin baino gehiagotan adierazi du auziak ez diola loa kentzen, eta «lasai» dagoela. Elkarteek, ordea, argi dute: «Kezkatzeko arrazoiak ditu. Honek ez du ezer aldatzen; egoera berean jarraitzen du: inputatuta. Kontua da ikerketa sakonago bat egin behar dela froga gehiago aurkezteko; besterik ez».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gure Eskuren agerraldia urtarrilaren 29an, uztailaren 2ko egitasmoa aurkezteko. ©Marisol Ramirez / Foku

Aragoiko presidenteak dio uztailaren 2an ez duela onartuko «zaborrik» Pirinioetan

Jon O. Urain

Gure Esku-k eta Kataluniako eragile batzuek mobilizazioa dute uztailaren 2an; asmoa da Pirinioetako 300 bat tontor argiztatzea.

Josu Urrutikoetxea, 2020an, Parisen, BERRIArentzat ateratako argazki batean. ©Eñaut Castagnet

Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketarako data jarri dio Josu Urrutikoetxeari: 2024ko urtarrila

Maddi Ane Txoperena Iribarren

1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua leporatuta epaituko dute, urtarrilaren 9, 10 eta 11n. 2.354 urteko kartzela zigorra eskatuko diote.

Pedro Sanchez, gaur goizeko saioan, Espainiako Kongresuan. ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Sanchezek ukatu egin du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Pegasus softwarea dutela

Iosu Alberdi

Kataluniako Gobernuarekin eta ERCrekin hitz egiteko prest agertu da.

Marian Moreno Martuteneko kartzelako zuzendaria, iazko urrian, Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratu berritan. ©JON URBE / FOKU

Eusko Jaurlaritzaren arabera, espetxeetan ez da dimisiorik izan

Maddi Ane Txoperena Iribarren

'El Mundo'-k zabaldu du Marian Moreno Martuteneko zuzendariak eta espetxeetako bertze lau arduradunek dimisioa aurkeztu dutela, baina Jaurlaritzak gezurtatu egin du. Zaballako kartzelan ordezkaritza duten ELA, CCOO, APFP eta TAMPM sindikatuek protestara deitua dute biharko, lan baldintzak salatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.