Txillardegi gogoan

Maria Jose Azurmendi Ayerbe
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Txillardegi irakasle, lankide, auzokide eta lagun izateko ohorea izan dut. Hamar urte dira joan zitzaigunetik baina bere ekarpenak gurean dirau, herriarenak ditugu.

Oso konprometitua izan da Euskal Herriarekiko eta euskararekiko. Akademiatik, diziplinen artekotasuna bultzatu duen begirada zabaleko jakintsua dugu: soziolinguistikan, linguistikan, euskal literaturan eta kulturan, gure Antiguoa auzoarekiko etnografia lanean, musikan, ingeniaritzan... Eta gutxi balitz, ezagutza entziklopedikoa izan eta partekatzeaz gain, Euskal Herrian Euskaraz bezalako herri ekimenetan aparteko rol aktiboa izan zuen, belaunaldi berriekin transmisioa egin zuen.

Nire lan arloari dagokionez, soziolinguista aitzindaria izan da Txillardegi, erreferente nagusia gure lan ibilbidean. Niretzat estrategiko eta gaurkotasun osoa izaten jarraitzen duten lau ekarpen nagusi azpimarratuko ditut: batetik, hizkuntza estandarraren eta euskara batuaren beharrezkotasuna. Bigarrenik, soziolinguistikari eredu matematikoa aplikatu izana eta soziolinguistikak beste zientziekin —lurralde antolamendua, ekologia, demografia...— dituen lotura berriak aztertzen jarraitzeko jarrera zabaldu izana. Hirugarrenik, BAT soziolinguistika aldizkariko lehen zuzendaritzan egindako lana eta bere argitalpen andana. Eta azkenik, nola ez, soziolinguistikaren eta Politikaren arteko lotura azpimarratu izana. Izan ere, soziolinguistikaren begiradatik, hizkuntzen normalizazioan dimentsio ezinbestekotzat ikusten zuen Politika (zentzurik zabalenean, ez soilik hizkuntza-politikari dagokionez) eta irmoki defendatzen zuen Euskal Estatua izatea estrategikoa zela euskararen biziberritze prozesuan.

Pentsalari ausarta, modernoa eta librea izan da Txillardegi: koherentziaren bilaketa konstantean, aldaketetara egokitzeko gaitasun handiaz, eztabaidarako beldurrik gabea eta alderdikerietatik haratago eta gainetik zegoena. Esango nuke kritiko eta erradikala izate honek bere eragin eta ondorioak izan dituela eta dituela oraindik. Txillardegik akademiaren eta euskalgintzaren errekonozimendua badu ere, merezi duen aitortza instituzionala jasotzea beharrezkoa ikusten dut oraindik ere. Hamargarren urteurren honetan, Donostiako Udal Liburutegi Nagusia «Txillardegi» izendatzea aldarrikatzen dugunok, besteak beste, euskara erdigunera ekartzea eta euskal soziolinguistikari duen balioa ematea nahi dugu.

Nire azken hitzak bere emazte eta Jone lagunari eskaini nahi dizkiot. Txillardegiren ezinbesteko bidaide, argi eta indarra izan delako eta emakume handi hau ere maite dudalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.