'Aita Mari' ontzia Lampedusara bidean dago 68 migratzaile hartuta

Italiak oraindik ez dio eman porturatzeko baimenik. Ekintzaileek EBren jarrera salatu dute, eta giza korridore seguruak eskatu

Aita Mari-ren erreskate bat, artxiboko irudi batean. UNAI BEROIZ / EFE.
Erredakzioa
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Azken egunotako erreskateekin, jada 68 dira Aita Mari erreskate ontzian diren migratzaileak. Ekainaren 6an abiatu zen Palmatik (Herrialde Katalanak), eta ontziak hiru egunetan erreskatatu ditu migratzaileak: 11 lehen egunean, 17 bigarrenean, eta berrogei hirugarrenean.

Herenegun gauerdian egin zuen azken erreskatea, hiruretan handiena: abisua jaso, eta ordu eta erdi behar izan zuten migratzaileak ziren tokira iristeko. Adin txikikoak eta mugitzeko gaitasuna mugatua duen pertsona bat zeuden tartean.

Bigarren egunean, 15 urteko etiopiar bat batu zuten uretan, eta zerbitzu medikoa emateko bidean zeudela aurkitu zuten berrogei pertsonako txalupa itsasoan: 27 gizon, sei emakume, adingabe bat eta sei ume —zortzi hilabete eta lau urte artekoak— erreskatatu zituzten. Gehienak Libiakoak, Sudanekoak, Siriakoak eta Egiptokoak dira.

Denei egin diete COVID-19aren proba eta negatibo eman dute, eta, osasunez «ondo» dauden arren, «hotza, nekea eta beldurra» antzematen zaiela adierazi dute Aita Mari-koek.

Italiak oraindik ez du eman porturatzeko baimenik, baina, edonola ere, Lampedusa uharterako bidean da Aita Mari, migratzaileak utzi eta behar duten mediku arta jaso dezaten.

Ekintzaileek azaldu dute «arrisku egoera hauek» egunero gertatzen direla etorkinen «jario natural» bati bide emateko giza korridoreak falta direlako. Adierazi dutenez, «ez dago bizitzak arriskuan jartzeko beharrik», eta Europako Batasuneko herrialdeei esan diete «migranteen jarioa geldiarazteko finantzaketa» ez dela konponbide «etiko, moral eta bideragarria» eta ez dituela giza eskubideak bermatzen.

Beste bi erreskate

Bigarren egunean, hamazazpi migratzaile hartu zituen itsasontziak Mediterraneoan. Goizean goiz abisatu zieten ehun bat pertsona zeramatzan gomazko txalupa bat zegoela haiengandik 15 itsas miliara. Libiako agintariek ere aldi berean jaso zuten deia, eta horregatik joan ziren leku horretara. Libiako patruilaontzi bat joan zen, hain zuzen, eta han ziren migratzaileetako hamazazpik jauzi egin zuten txalupatik. Azkenean, Aita Mari erreskate ontziko tripulazioak erreskatatu zituen.

Lehen egunean, 11 lagun hartu zituen. Goizaldean jaso zuten abisua, 05:00etan, eta 06:00etan topatu zituzten, hondoratzear zegoen txalupa batean. Guztiak onik topatu zituzten, baina abisu eman zieten haiekin batera beste hainbat ontzi ere abiatu zirelaLibiatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.