Albistea entzun

Greba orokorra. Kronika

Azkena izango delakoan?

Erreforma gehiago etor ez daitezen greba egitea beharrezkoa dela esan diete piketeek lanean ari ziren langileei

Poliziaren eta manifestarien artean hainbat liskar izan dira Iruñean eta Gasteizen
Volkswagenek Landabenen duen lantegiko aparkalekuan ez zegoen ia autorik  atzo goizean; gutxieneko zerbitzuetako langileak soilik joan zirela esan zuten sindikatuek.
Volkswagenek Landabenen duen lantegiko aparkalekuan ez zegoen ia autorik atzo goizean; gutxieneko zerbitzuetako langileak soilik joan zirela esan zuten sindikatuek. JAGOBA MANTEROLA / ARP

Berria -

2012ko martxoak 30

Ohiko lanegunetan, industriako langileak izaten dira goiztiarrenak. Saltokiak irekitzen dituzte gero, eta ostalariak izaten dira etxera joaten azkenak. Iruñeko Landabenen, Gasteizko Boulevarden, Donostiako zutabeetan eta Bilboko Poza kalean greba nola joan den ikusi du BERRIAK.

08:00. Landaben, lasai

Landabenen barrena doaz Husmann Koxkako hiru pikete informatibo. «Gure lantegiko beharginen %99 geratuta daude». Handik 200 metrora, kamioientzako osagaiak ekoizten dituzten Dana Automotive enpresako sarreran, Pascual Perezek berretsi du gaua «oso lasaia» izan dela, «dena geldituta dagoelako». Bulegoko zuzendariak «eta behin-behineko langileren bat salbu», 290 langileek greba egin dute. Volkswagenen ere pozarren daude fabrika handia erabat geratzea lortu dutelako. Aparkaleku erraldoia ia hutsik ageri da, eta, ospatzeko, txistorra gosaltzen ari dira langile batzuk. «Gutxieneko zerbitzutako langileak eta segurtasunekoak salbu, ez dago beste inor», dio Javier Ordoñezek. TRW lantokian 775 langilek lan egiten dute, eta aurreko gaueko 22:00etatik, txanda bakoitzeko bat bakarrik sartu da barrura.

08:30. Lanera ere bai

Landaben barruko kaleetan apenas dagoen mugimendurik. Arantzazu lanera doa. «Ez nago batere ados lan erreforma honekin, baina lanean kalitatea handia dut. Bizitza familiarra eta lana uztartzeko aukera ematen dit ugazabak, eta hori garrantzitsua da niretzat». Gaixotasun kronikoa duen semea zaindu beharra du, eta enpresa txiki eta familiarra izaki, lan egitea erabaki du.

08:40. Pertsiana, jaitsita

Joseba zigarroa erretzen ari da. Landabengo kale nagusi bateko autoei zeharka begiratzen die. «Auto hauek adierazten dute jendea lanean dagoela! Eskirolak!». Apur bat aurrerago, Carlosek dio eraikuntzako tailer eskolan irakasleen %90 inguruk greba egin dutela, baina ikasle batzuk etorri direnez, gutxieneko zerbitzua ezarri dute. «Landabengo egun normal batekin alderatuta, dena oso geldi dago. Tailer txiki batzuk beharbada pertsiana jaitsi eta lanean ari dira barruan».

09:00. Sesioa Gamesan

Landabendik gertu, Agustinosetako industria gunean, Gamesa Eolicaren sarreran, Javier, Pedro Munarriz eta Josu Nuin daude azalpenak emanez. «Tailerretako langileak batuago daude, baina bulegoetako jendearen artean kargu gehiago daude eta nor bere kasa dihoa», azaldu du Pedro Munarrizek. Erdia inguru lanean ari dira. Piketeek ospe txarra izaten dute komunikabide batzuetan, baina hiru hauek ironia baliatzen dute lanera doazenekin. Adibidez, gazte bat sartu da lantoki barrura: «Greba honek ez du ezertarako balio, ez du erreforma geldiaraziko», esan die. «Noiz egingo duzu zuk greba? Grebaren legea aldatzen dutenean?», erantzun diote.

Kotxe bat geratu da euren parean. Bulegoetako buruetako bat da, Montse. «Dena ez da ez beltz ez zuri. Ez daude onak eta txarrak. Nik errespetua nahi dut. Zuk iritzi bat duzu eta nik bestea. Beti dago horrelako egoerez baliatzen den muturreko jendea», hasi da esanez. «Badakizu gu nolakoak garen. Gu hemen informatzeko gaude», dio Josu Nuinek. «Zer informazio? Jendea honez gero informatuta dago», Montsek. «Badakizu —jarraitzen du Nuinek—Intereconomia eta horrelakoak ikusiz gero, jendea ez da informatzen. Kalera botatzen bazaituzte, inork ez dizu eskertuko egindako lana». «Nik ez dut inork ezer eskertzerik nahi, nire lanagatik ordaintzea besterik ez dut nahi. Gobernu honen neurri askoren kontra nago, baina...».

09:40. Corte Inglesera

Iruñeko Corte Ingles parean, kolore orotariko sindikalistak (CGT, LAB, CCOO, UGT, CNT...) eta begiraleak elkartu dira. Aurrez aurre, lau ateetan, Espainiako Poliziak daude, Corte Inglesaren soldatapekoak balira bezala. Saltokiak ateak ireki nahi izan ditu 10:00etan, eta protesten oihartzuna handitu egin da. Une batean, zenbaitek objektuak bota dizkiete poliziei, eta oldartu egin dira. Borrekin kolpe eta pelotekin tiro egin dute. Egoera baretu egin da, baina gutxira poliziek grebarik ez dutela egiten erakutsi nahi izan dute berriro. Atari batean poliziak kolpeka, eta bestean, LABeko Saul Irigibel oldartu egin zaio Corte Inglesari, bozgorailua ahoan eta poliziak aurrean dituela: «Ez duzue lotsarik. VW, TRW, denak gelditu dira zuek ezik. Gu probokatzeko zaudete hemen. Ez duzue erremediorik!». Corte Inglesek pertsianak jaitsi ditu eta piketeak joandakoan berriro igo. Horrela pasa dute goiza: pertsianak igo eta jaitsi.

09:45. Sakelakoa hautsi

«Sakelekoa erabat hautsi didate». LABek Gasteizko Boulevard merkataritza gunearen aurrean antolatu duen piketeekin ari da Aritz propaganda banatzen. Goizaldetik ibili dira batera eta bestera. Tuvisa Gasteizko udal autobusen garajeko sarreran zeudela, polizia oldartu zaie. Borrarekin kolperen bat jaso du eta han izorratu diote segapotoa. «Polizietako bati burua joan zaio, eurek ere onartu digute». Zorte txarragoa izan du piketeko beste kide batek, Ertzaintzak atzeman eta goizeko lehen atxilotua izan delako une horretan.

09:50. Eroski, greban

Merkataritza gunea irekitzeko ordu laurden bat falta denean oso mugimendu eskasa dago. Bezperan grebarekin bat egitea erabaki zuten Eroskik hirian duen supermerkatu handieneko langileek.

10:00. Urduritasuna

Atzealdeko sarreran urduri ari dira hiru neska. Pikeetako batekin elkarrizketa hasi dute, adeitsu. «Ez banaiz sartzen ugazabak botako nau seguru», azpimarratu du. «Ulertzen dugu zu bezala daudenen egoera», onartu dio piketeak, «baina horregatik gaude gu hemen borrokan, zure egoera prekarioa eta beste batzuenari aurre egiteko». Nahi eta ezinaren artean zalantzan jarraitzen dute hiru neskek. «Baina erreforma indarrean dago, ez du ezertarako balio», kexatu da haietako bat. «Zer uste duzu, ez direla gehiago etorriko? Gaur indarra erakutsita lortuko dugu erreforma gehiago gelditzea», izan da grebalariaren erantzuna.

10:15. Manifestaziora

Langile tropela abiatu da Boulevardetik. Ehunka lagun dira, eta errepide osoa okupatu dute, «Gaur, greba orokorra» oihua ozen entzuten da.

11:00. Otartekoa

Luzea ari da izaten eguna. Indarrak hartzea erabaki dute Donostian protestan dabiltzanek. Gipuzkoa plazan eseri eta ardo botilak eta otartekoak atera dituzte, etxetik ekarritakoak. Handik zutabeetara doaz. Saguesetik atera da sindikatu abertzaleek antolatutako hiru zutabeetako bat. Lehenak Bulebarrean dira eta azkenek oraindik han jarraitzen dute. Artzain Onaren katedralaren aurrean elkartuko dira guztiak, manifestazioa hasteko. Jendetsua izango zela zirudien, eta azkenean hala izan da.

20:00. Athletic

Greba bai, baina Athletic ere bai. Europako Ligako final laurdenetako partidaren jarraipen zabala aurreikus zitekeen, Bilbon hedatutako euforiagatik ez ezik, arratsaldez greba orokorretan tentsioa jaitsi ohi delako. Hala izan da, baina espero baino gutxiago: «Igartzen da zale batzuek partida etxeko telebistaz ikustea erabaki dutela», azaldu du tabernari batek.

Hala ere, 20:00etarako zale ugari dago Poza kalean, eta taberna denak eta supermerkatua zabalik daude. Batzuk goizetik, beste batzuk partidarako. Trafikoan nabaritu da grebaren eragina.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.