Gerra Ukrainan. Euskal Herrian bizi diren ukrainarren testigantzak

Hangoa, hemengo frontetik

Kezkatuta, urduri, beldurrez eta haserre hartu dute Errusiaren erasoa Euskal Herrian bizi diren ukrainarrek. Begiradan sumatzen zaie ikusten zutela gerra bazetorrela, baina ez zutela sinetsi nahi iritsiko zela. «Nola edo hala» ari dira erreakzionatu nahian, eta gauza bat dute garbi: «Hau larriagotu egingo da».

Ezker-eskuin, Luda Davidenko, Sastxka Sidorenko eta Luba Onixenko, Euskal Herrian bizi diren ukrainarrak. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Lagundu nahiaren eta ezinaren fronteak ere izaten dituzte gerrek. Fronte lausoak eta hauskorrak dira. Hangoa hemendik ulertu, lagundu eta babestu nahiez eta ezinez eraikitako fronteak. Inoiz hango eta orain hemengo direnen begiradak dira. Eta ez diote begirada horiek gauza onik: «kezkatuta» daude, «beldurtuta» daude, «urduri» daude, «shock egoeran» daude eta «ernegatuta» (ere) badaude —inpotentziaren lanak dira horiek—. Euskal Herrian bizi diren ukrainarrei antzematen zaie begiradan ikusten zutela gerra bazetorrela, baina ez zutela sinetsi nahi iritsiko zela.

«Ni bakarrik nago hemen», dio Luda Davidenkok. Orion (Gipuzkoa) da «hemen», eta Olekssi aita, Olga ama eta Dimitri eta Tatiana anaia eta ahizpa alboan ez dituelako dio «bakarrik» dagoela. Gostomelen daude, Ukrainan, Antonov aireportutik gertu dagoen 16.000 biztanleko herrian. «Oraintxe ikusi dut albistegian aireportu militarra bonbardatu dutela. Hain justu, hantxe egiten du lan aitak. Etxe ondoan dago, herri ondoan, eta denek nabaritu dute bonbardaketa», azaldu du Orioko arraunlariak.

Telefonoari helduta darama eguna, amak 06:00etan deitu dionetik: «Ondo daudela esaten didate. Aita ez da lanera joan, bezperan eskua apurtu zuelako». Eta guztiak etxean daudela, baina ez daudela etxean bertan. «Ez dira etxebizitza nagusian sartzen, ez bada zerbait hartzera edo albistegiak ikustera. Babesleku moduko batean daude, lurpean dagoena. Oso ohikoa da Ukrainako etxebizitzetan halako biltegiak edukitzea. Patatak, ozpinetakoak eta halakoak beti tenperatura berean gordetzeko erabiltzen da. Bada, han sartuta daudela esan didate, ezkutatuta. Eta ez dakit askoz gehiago».

Izan ere, saiatu da geroztik aitarekin Whatsapp bidez harremanetan jartzen, baina ez du lortu: «Aitak esan dit zirbererasoren bat egon dela, edo egon daitekeela, edo halako zerbait. Urduri jarri da, eta ez idazteko esan dit», azaldu du Davidenkok.

Horrenbestez, Instagram bidez jarraitzen ditu familiakoak eta lagunak. «Kontatu didate nola bonbardatu dituzten, tiroketak egon direla... Ea ez den larriagotzen. 2014tik dator hau; badakizu tentsio dagoela, baina inoiz ez duzu espero gerra bat hastea».

INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, 4.000 ukrainar inguru bizi dira Hego Euskal Herrian. Sastxka Sidorenko da horietako bat. 11 urterekin hasi zen Euskal Herrira etortzen; 17 urterekin gelditu zen bertan bizitzen eta ikasten; 25 urte ditu orain, eta Zierbenan (Bizkaia) bizi eta lan egiten du. Korapilo bat dauka barrenean, askatu nahian eta ezinean dabilena: «Oso urduri nago, eta kezkatuta. Hau, izan ere, egundokoa da, ikaragarria». Bizi mintzo da, eta badu ernegu puntu bat ere: «Jaiki naiz goizean, baina ez dut albistegirik ikusi edo entzuteko aukerarik izan, eta lagun ukrainar baten bidez jakin dut: 'Jakin duzu zer gertatu den Ukrainan, ezta?', esan dit telefonoz. 'Zer gertatu da, bada?', esan diot. 'Bonbardatu dituztela aireportuak, base militarrak...'.

Poloniako muga

Sastxka Sidorenkok familia ia osoa dauka han: gurasoak, osaba-izebak, lehengusuak... Ivankiven bizi dira, Kiev hiriburutik kilometro gutxira. «Albistea» jakin bezain pronto jarri da haiekin harremanetan, «ondo» daudela esan diote, baina handik atera egin behar dutela esan die semeak gurasoei, behin eta berriz : «Saiatzen ari naizena da handik mugiarazten. Lor dezatela trenen bat, edo bestelako bideren bat, Poloniako mugara iristeko. Izan ere, amak esan dit jende gehiena etxean sartuta dagoela oraintxe bertan, haien etxeak direla, eta ez dutela nahi inora mugitu».

Eta ulergaitza egiten zaio hori Sidorenko gazteari: «Hemendik begiratuta, ez dut hori oso ongi ulertzen. Orain baita aukera handik mugitzeko, Poloniako muga ireki egin baitute, aprobetxatu eta joan daitezela hara!». Izan ere, ez dio datorrenari «batere itxura onik» hartzen. «Ikusitakoak ikusita, honek ez dauka ez gelditzeko eta ez hobetzeko itxurarik. Familiakoak Poloniako mugara ez badira iristen, ez dakit zer gertatuko zaien», azaldu du Sidorenkok, kezka betean.

Jakitun ziren Euskal Herrian bizi diren ukrainarrak zer-nolako «tentsioa» zegoen bere herrialdean. Erreparatu diote gertutik azken egunotan gertatu denari, tentsio horrek izan dituen gorabeherei, diplomaziaren ahaleginei, Putinek jotako erronkei... Baina gatazka zena gerra bihurtu zaie. Sidorenkok berak onartu du ez dela erraza neurria hartzea, eta kanpotik ikusten dela batzuetan barruan ikusten ez dena.

«Gure ama burugogor bat da. Aspaldi esan nion nik bidaliko niola gonbidapen gutun bat, eta etortzeko hona gutxienez hiru hilabete pasatzera. Hango egoerak hobera egiten duela? Bada, bueltatu. Eta berak ezetz, eta ezetz. Lana galduko zuela, ezin zela etorri. Ari zela Ukrainako telebistan ikusten Putinek tropak erretiratu zituela... baita zera ere! Guztiz kontrakoa izan da, eta begira orain nola gauden», esan du Sidorenkok, etsiak jota.

Lagunak soldadu

Kosta egiten da gerra bat barneratzea. Oheratu aldarte batekin eta jaiki beste batekin egitea. Hangoari hemendik erreparatzea. «Zer-nolako eguna!», dio Luba Onixenko gazteak: «Goizean jakin dut, lagun batek idatzi didalako nire familia zer moduz dagoen galdezka, Kieven gerra dagoela esanez, bonbak jaurti dituztela, armak...». Hitz egiteko moduan nabaritzen zaio sinetsi ezinda dagoela oraindik, baina entzun ditu bonba soinuak. «Segituan deitu diot familiari, zer moduz dauden galdetzeko. Ahizpak esan dit ondo dagoela, baina bonben soinua entzun egiten nuen, eta bidali dizkidate bideoak-eta han zer dagoen ikusteko».

Duela lau urte etorri zen Onixenko Oriora bizitzera, «hemengo familiarekin». 25 urte dauzka, gurasoak han galdu zituen, eta 83 urteko amona, 30 urteko anaia, 22 urteko ahizpa, eta 6 eta 8 urteko ilobak ditu Ukrainan, Ivankiven haiek ere. «Elkarrekin daude, eta hori orain ez da gutxi. Zeren ez dakigu zer gertatuko den», esan du hark ere kezkaz.

Baditu bere adineko lagunak Ukrainan, eta izan du haien berri. «Harrituta» dago jaso dituen irudiekin: «Han dauzkadan lagun asko militarrak dira, soldaduak dira. Asko joan dira jada gerrara. Ikusten dituzu bidali dizkidaten bideoak, eta pelikula bat dirudi. Baina, tamalez, erreala da».

Hori da, ziurrenik, han bizi ez direnei onartzea gehien kostatzen ari zaiena: «erreala» dela. Horregatik dio Iryna Branetsek «shock egoeran» daudela. Ukraina-Euskadi elkarteak Gasteizen duen arduraduna da Branets. «Esaten zen gertatu zitekeela, gertatu zitekeela... baina inork ez zuen sinesten. Eta orain, gertatu denean...».

«Herriak erantzungo du»

Gertatu ez gertatu horretan, Errusiak izan duen jarrera salatu du Branetsek: «Hori lortu nahi izan dute haiek: jendea urduri jartzea, izu-ikarak hartzea. Baina Ukrainako herriak badaki gerra zer den; egoera ez da 2014koa, eta herriak ongi erantzungo du».

«Gaiztotutako» harremanak aspaldikoak direla dio Branetsek, Errusiak erasoa gauzatu duela, gerra benetakoa dela, baina Putin ez dela hasiera horrekin «konformatuko». Branetsek «oso garbi» dauka hori: «Hau larriagotu egingo da. Putin ez da Ukrainarekin konformatuko, eta Europa mehatxatzen jarraituko du. Putinek inperio handi bat lortu nahi du, garai batean Errusiak izan zuen haren parekoa, eta ez du ulertu nahi, ez du ikusi nahi, hori ezinezkoa dela».

Elkarte bereko presidentea da Oksana Demianovitx.Hark gogora ekarri du 2014an ohartarazi zutela jada zer gerta zitekeen: «Baina orduan ez zigun inork sinetsi. Orduan ere egin genituen elkarretaratzeak eta salaketak, baina ez genuen arretarik lortu».

Demianovitxek dio orain arte «gatazka» deitzen zioten hori orain «gerra» dela, baina «beti» izan dela «gerra». Eskari bat egin du: «Putinen kontra zigor ekonomikoek ez dute ezertarako balio; egon dira zortzi urte zigorrez betetakoak, baina nora iritsi dira? Ez du akordiorik errespetatzen, eta haren kontrako aliantza bat sortu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.